

Zuzenean 18:00h - 20:00h
Haria 3
20:00h - 22:00h
MusikHaria
22:00h - 23:00h
Game Erauntsia

Bost kantu biltzen ditu Argazki bat behelainoan proiektuaren bigarren diskoak. Lehen abestitik zerbait desberdina egiteko grina zuela erakusten digu Arkaitz Artola Arnaizek disko honetan eta hortik etorri da ziur asko ‘Lotsarik eza’ izena ematea kantu horri. Hori eta kantuaren baitan entzun daitekeen pasarte biolentoagatik ere bai, noski. Mireia Gabilondok zuzendutako ‘Erlauntza’ pelikulako pasarte batetik atera du ahots hori. Ekialde urruneko doinuen zera bat badu eta post-rocketik dezente edaten duela esan daiteke abestia.
Karlos Osinaga ‘Txap’ izan da diskoa grabatzeaz arduratu dena eta Iker Vazquez izan da bateria-jotzailea diskoan. Bigarren kantuan batu dira diskoko beste bi kolaboratzaileak, Urtzi Aizpuru tronboi-jotzailea eta North Asuna saxofoi-jotzailea. Ion Olano Carlosen hitzak ditu abestiak eta sistema kapitalistari kritika zorrotza egiten dio bertan. Gainera, diskoaren izenburua ere kantu honen hitzetan topatu dezakegu. Argiz jositako kantua da, maiorretan idatzia eta halako break berezi batzuk ere baditu erritmoetan jostari ibili den abestiak.
Gitarra solistaren lana azpimarratzekoa da segidan datorren ‘Berandu da’ kantuan. Aurreko diskoarekin jarraikortasun bat erakusten duen abestia da, pisu gehiagio duena, eta bukaera apoteosikoa du, gainera. Artola Arnaizek berak idatzi ditu hitzak eta oso irekia geratzen da kantuaren interpretazioa.
‘Faborez’ abestirako Mikel Perurena Ansaren izkribuak baliatu ditu, kontraesanen inguruan egindako hausnarketa bat jasotzen duten hitzak. Chorus distortsionatu bat protagonista eta solo interesgarriak ditu abestiak, baita abiadura dezente ere. TOC bezalako taldeak etortzen dira soinuetan burura, baina kantuaren estiloak The Strokes edota Arctic Monkeys bezalako taldeak ere ekartzen dizkigu gogora, nahiz eta jakin Artola Arnaiz mundu undergroundago baten bueltan ibiltzen dela.
Azken kantua ‘Lo daude’ da, Markel Ormazabal Gaztañagaren hitzak dituen abestia. Indie munduko (gaur egungo prismatik ulertuta) abestia da eta baxua da protagonista nagusia. Berak eramaten du gida nagusia eta bi gitarrek zertzelada ugarirekin ederttzen dute kantua. Sintetizadore bat sartzen da abestiak eztanda egiten duen unean eta ahotsa ere aldatu egiten da.
Bost kantu interesgarri Bonberenea Ekintzak zigiluaren eskutik kaleratu direnak. Jaione Dagdrømmerren argazki batetik abiatu da azala eta diseinua Arkaitz Artola Arnaizek berak egin du, DVD itxurako formatua emanaz diskoari. Ea zuzenekoak noiz datozen.