Live
Ekain erdia igarota, udako aurkezpen handiak ikusi ditugu jadanik. Hainbat aldiz aipatu dugun modura, aurten ez da E3 azoka estatubatuarrik egin, baina halere Summer Game Fest edo udako bideojokoen festak bizirik jarraitu du. Hori horrela, Xbox, Devolver Digital, Ubisoft, Capcom eta beste hainbat talderen ekimenez gozatzeko aukera eduki dugu bideojokozaleok. Agerikoa den modura, industriako enpresarik handienetakoek parte hartu dute aurkezpenotan. Ez horiek bakarrik, ordea: indie garatzaileentzako txokoa gero eta nabarmenagoa bilakatzen aritu da azken urteotan, eta aurtengo Summer Game Fest-ean Day of the Devs, Future Games Show, PC Gaming Show edo Wholesome Direct bezalako ekitaldi txikiagoak jarraitu ahal izan ditugu.
Game Erauntsia irratsaioan iragarpenik esanguratsuenak zerrendatzeari ekin diogu beste behin. Ohi bezala, Microsoft-ekoen aldetik etorri dira bideojokorik interesgarrienak: Xbox Games Showcase-an datozen hilabeteetan eta urteetan kaleratuko diren titulurik handienetakoak bildu zituzten. Dozenaka iragarpenen artean Fable, Metaphor ReFantazio, Microsoft Flight Simulator 2024, South of Midnight, eta, nola ez, irailean estreinatuko den Starfield nabarmentzekoak dira. Azken honekin Starfield Direct izeneko ekimen berezia egin zuten Xboxekoek; bertan, Bethesda-ren hurrengo lanaren xehetasun guztiak eskaini zituzten.
Geoff Keighley kazetari ezagunak antolatutako Summer Game Fest aurkezpena ia bi ordukoa izanik, hainbat eta hainbat bideojoko erakusteko baliogarria izan zen. Final Fantasy VII Rebirth ikusi genuen berriro; Mortal Kombat 1-en borroka odoltsuak ageri ziren lehenengoz; Like a Dragon edo Yakuza saga ere pasa zen bertatik, gainera, The Man Who Erased His Name interesgarriarekin.
Ubisoftek, bere aldetik, filmeetan oinarritutako bideojokoak erakutsi zituen: Star Wars Outlaws edo Avatar: Frontiers of Pandora benetan interesgarriak direla esan beharra dago. Capcomek Dragon’s Dogma 2 ekarri zuen bere saiora, baita Pragmata misteriotsua berandutu dutela adierazi ere. PC Gaming Showean, bestalde, laster argitaratuko den Baldur’s Gate 3-ko hiri erraldoia ezagutu genuen.
Ikustekoa denez, bideojokoen erauntsia bizi izan dugu egunotan. Irratsaioan guztiak ezagutzea ezinezkoa bada ere, Game Erauntsiaren web orrialdean aurkezpenoi buruzko albiste guztiak irakur daitezke!