Live
Elorriotik, etxetik, munduaren beste puntara joatea erabaki zuen, 18 urte bete bezain pronto, Ixone Mendizabalek. Ezusteko desatsegina jaso zuen selektibitatea aurreikusi bezala ez egitean. Hala, unibertsitatera sartzeko aukera baztertuta, eta, hurbileko etorkizunari begira jarrita, Zelanda Berrira joateko aukera paratu zitzaion begien aurrean. Eta, bi aldiz pentsatu gabe, hara joan zen hiru hilabete igarotzera.
Work Away programaren eskutik egin zuen bidaia Mendizabalek, ingeles maila hobetzeko asmoz: «Kulturartekotasunaren aitzakiapean, mundu osoan, boluntariotza egiteko aukera bermatzen duen plataforma da. Zelanda Berriaren kasuan, askotariko aukerak zeuden, baina nire eskarmentua eta adina ikusita, familia batera joan nintzen, hiru ume zaintzera».
Waiheke irlan bizi da Harrys familia, Auckland-etik gertu, irlaren iparraldean, elkarrizketatuaren esanetan, klima tropikalagoa dagoen zonaldean: «Turismoagatik, mugimendua duen lekua da, baina oso lasaia da, bertan, eguneroko bizitza». Egunak joan, egunak etorri, etxeko kide bihurtu zen, azkar baino lehen, besoak zabal zabalik jaso baitzuen familiak. Hortaz, etxeko zaintzaz gain, aisialdian, askotariko planak egiten zituzten, baita eguzkia ezkutatzen zenean ere: «Horren argi-kutsadura txikia egonda, gauean, izarrak ikusteko ezagutu dudan toki ederrenetako bat da Waiheke irla».
Au Pair kultura handia omen dago bertan, eta mundu osotik etorritako hamaika lagun egiteko aukera izan zuen Mendizabalek. Horiekin batera, asteburuetan, batez ere, irteerak egiteko tartea hartu zuten, horietako batzuk, gainera, kutsu magikoarekin: batetik, Narnian murgiltzeko aukera izan zenuen Coromandeleko penintsulan. Bestetik, ‘Eraztunen Jauna’ pelikulako Mordor ezagutu zuen, Tongariron. Egunero-egunero, makina bat bisitarik zapaltzen dituzte bi Parke Naturalak, eta, Mendizabalen harridurarako, oso garbi mantentzen dituzte aipatu helmugak, kontserbazioari begira. Balio natural nahiz kultural pisutsua dute herrialdean, izan ere, Maoriekin lotura estua daukate, eta erakarpen turistikoa ematen die horrek, nahiz eta, esanak esan, errealitatean, Mendizabalen bizipenez, «nahiko baztertuak» egon maoriak: «Badirudi, egun, apur bat aldatu dela egoera, baina ematen zaiena baino askoz garrantzi handiagoa eduki beharko lukete».
Hegoaldean, fresko
Guztia, ostera, ez zen lana izan hiru hilabeteko egonaldian. Inprobisazioaren inprobisazioz, bi asteko joan-etorria egiteko aukera izan zuen, Zelanda Berriko abentura amaitu aurretik.
Bada, mapa hartu eta hegoalderantz abiatu zen, Queenstown eta inguruetan, glaziarrekin topo egiteraino.«Bidaiariei oso lotuta dagoen herrialdea izanik, oso eskuzabala da jendea». Hala, ostatuetan, batzuetan, eta Couchsurfing-aren bidez, beste batzuetan, gora-behera, ezker-eskuin gurutzatu zuen irlaren hegoaldea, jarraian, Waihekera itzuli eta esperientzia biribiltzeko.
Orain ia hamarkada bete egindako bidaia bada ere, xehetasunez kontatzeko gai da Mendizabal Zelanda Berrian bizi izan zituenak. «Bertan hartu nuen gaur egun ere mantentzen dudan ohitura: bidaia-koadernoa», azaldu du protagonistak, «bisitatutako tokiak,ezagututako jendearen hitzak eta abar biltzen ditut». Gauzak horrela, entzun saioa eta ezagutu, gertu-gertutik, Elorriotik begiratuta munduaren beste puntan dagoen herrialdea.