Live

Eli Pagola
Interview
Unai Villalba
Ekonomia Aplikatua saileko irakaslea

«Erronka da pentsamendu sistemiko eta konektatua garatzen jarraitzea»

Kolapsoa gero eta gertuago dago? Hala galdetu diogu Unai Villalba ekonomilariari, hark, baietz erantzun. Baina etorkizun distopikoetatik haratago dio pentsamendu sistemikoa dela giltza. Alegia, ohartzea, gai guztiak lotuta daudela, «batzuetan modu agerikoan eta besteetan ez hainbeste».

Audio_placeholder

«Erronka da pentsamendu sistemiko eta konektatua garatzen jarraitzea»

Loading player...
Unai Villalba ikertzailea
Unai Villalba ikertzailea (Unai Villalba)

Urte berriak egun batzuk beretu ditu jada eta, espero zen bezala, lehengo lepotik dakar burua. Kontuak kontu, ‘Gelditu Makinak’ saioan nondik gatozen eta datorkiguna zer izan daitekeen pentsatu nahi izan dugu Unai Villalbarekin. Ekonomia Aplikatua saileko irakaslea da Gasteizko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta Post-Garapen, Desazkunde eta Lankidetza gaiak lantzen ditu Hegoako masterretan eta GEZKIko Ekonomia Sozial eta Solidario masterrean.

Gerrak, genozidioak, lehengaien garestitzeak, biodibertsitatearen galera… Kolapsatzen ari gara?

Kolapsatzea zer den definitzeko modu desberdinak izan daitezke, baina, horren norabidean goazela bai esan genezakeela. Futurologia egitea zaila den arren, atzera begiratu eta nondik gatozen identifikatzeak norabide bat markatzen digu eta, norabide horretan, Euskal Herrian oso gertu nozitu ditugu krisi ekosozial baten inpaktu handiak: lehorteak, esaterako. Urtarrila hasterako urtegiak oso maila baxuan zeuden, Pirinioetan orain arte ez da elurrik izan, bero olatu ikaragarriak izan ditugu, suteak inoiz ez bezala, energiaren garestitzea… inpaktuak, jada, ez dira gugandik urrun sentitzen. Orduan, kolapsatzen ari ote garen esatea zaila da, baina, kontuan izatekoa da, kolapsoa ez dela izango halako urte katastrofiko bat, baizik eta hainbat urtetan jarraian ematen den okertze prozesu bat, beraz, agian horren hasieran gaude.

Gai ekosozialei gero eta garrantzia handiagoa ematen zaie?

Gaur-gaurkoz, jendarte osoan, sektore guztietan, egunero hitz egin dezakegu krisi ekosozialaz, gaiak ugariak direlako. Izan ere, jada ez dira gai ekologistak soilik, haratago doaz. Gai asko konektatuta daude eta, orduan, batean eginak bestean eragin dezake, izan arlo ekonomikoan, sozialean edo kulturalean. Horrela, jendartearen sektore asko gaude interpelatuta. Eta kontzientzia gero eta hedatuagoa dago, baina, oraindik, garrantzia ez da hain agerikoa agenda politikoan. Esparru horretan, arreta handiagoa behar luke gaiak, baita ekintza zuzenak ere.

Adibidez?

Orain ziklo elektoral bat irekiko da. Bozkatzerako orduan jendarteak zer garrantzia emango die gai ekosozialei? Partidu politikoek zer egingo dute? Ez soilik programan, gerora zer jarraipen emango diote gaiari? Adibidetzat har dezakegu Abiadura Handiko Trena. Jaurlaritzan egon diren agintariek azken 20 urtetan hainbesteko dirutza utzi dute proiektuan, non, erresignazioz, egintzat ematen den; alegia, AHT egingo dela onartua dugun. Bada, eztabaida hori berpiztu daiteke. Askotan zientziaren papera aipatzen da baina zientzia konprometitua izan behar da eta ondoren entzun egin behar zaio. Ikerketa ugari daude proiektu horren inpaktu negatiboak agerian uzten dituztenak, beraz, politikariek zergatik ez diete kasurik egiten? Are, perbertsio bat ematen da politikarien eskutik eta irakurketa interesatuak nahieran erabiltzen dira. Oso larria da hori.

Zein atalek uste duzu hartuko dutela garrantzia 2023an?

Nik uste, etorkizun hurbilean, erronka dela pentsamendu sistemiko eta konektatua garatzen jarraitzea, hau da, ez identifikatzea bakarrik unean uneko gai esanguratsu eta konkretuak, baizik eta ulertzea gai guzti horiek lotuta daudela, batzuetan modu agerikoan eta besteetan ez hainbeste. 2022an zeresan handia eman dute fenomeno meteorologikoek eta, ziurrenik, 2023an ere bai. Ordea, ulertu behar da beste arlo batzuek lotura zuzena dutela, adibidez, garraioak, eta ez dela nahikoa aldaketa partzialak egitearekin (elektrifikazioa, sare berriak, hidrogenoaren erabilera…), garraio-sistema osoa dagoela eztabaidatzeko maila teknologikoan bezainbeste, sozialean.

Bestalde, oro har, Euskal Herria oso industriala da eta maila batean onuragarria da, baina, aldi berean, horren industriala izatearen ondorio da, materialen fluxu analisiari dagokionez, Europaren bataz bestekotik oso gora gaudela tona pertsonako kontsumoan. Energiaren kasuan ere, ez da bakarrik zer motatakoa komeni den, desmerkantilizazioaz ere hitz egiteko gaude. Labur esanda, gure kontraesanak, lokalki eta globalki, nabariagoak izango dira eta garrantzia handia izango du eredu honen kontraesanen aurrean hartzen dugun jarrerak.

Hala ere, garapenean eta Barne Produktu Gordinean oinarritutako sistema dugu eta, bertan eragitea konplexua izanik, badu alternatibarik?

Bai, posible da. Baina, aldi berean, galderari berari buelta eman dakioke: posible al da norabide berdin honetan jarraitzea? Iaz kalkulatu zenez, lehorteek, kutsadurak, airearen kalitateak eta abarrek hirietako hildako kopurua handitu dute. Hori onartzeko prest al gaude? Apur bat utopikoa iruditzen zaigun aldaketa hori irudikatzen hasteko premia dugu eta, onartu, tokian-tokian hasi garela ekimen arrakastatsuak martxan jartzen. Kolapsoarekin gertatzen denaren berdina gertatzen da hemen: aldaketa etorri etorriko da, beraz, nola heldu nahi diogu? Modu desordenatuan, enpresa handiek kapitalizatuz?

Jaurlaritza Logoa