Zuzenean
Biziberritu proiektua enpresetako material soberakinak eskolen heziketa eskaintzarako baliagarriak bihurtzen dituen proiektua da. Horrela, espresek jada behar ez dituzten materialei beste bizitza bat ematen diete hezitzaile, profesional eta haurren eskuetan. Alexander barandiaran eta Larraitz Esnaola Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak dira proiektu honen bultzatzaileak eta bigarren hau izan da gurean.
Zein zeharlerro biltzen ditu proiektuak?
Batetik dago berrerabilpenaren arloan sakondu eta zaborra murrizteko nahia, eta, bestetik, eskoletan dagoen materiala berritu eta erabili izan den hori zalantzan jartzea.
Nolatan okurritu zitzaizuen halako proiektu bati ekitea?
Gaur egun, jakina da hezkuntzan gero eta garrantzia handiagoa dutela esperimentazioak, sormenak eta jolasak eta iruditzen zitzaigun horretan fokua jarri behar zela, gero eta profesional gehiago zegoela horren alde. Iruditzen zitzaigun hezkuntza fitxek edo jarduera zehatzek eduki duten joeratik askatzeko beharra zegoela. Egiteko modu berrietan sakontzen eta, ildo beretik, hezkuntzan erabiltzen diren materialen gainean hausnartzen hasi ginen, azken finean, landu nahi genuena zen umeak zer deskubritu zezakeen guk eskaintzen genionetik. hortik hasi ginen jabetzen materialaren garrantziaz eta ekar zezakeen aberastasunaz mundu fisikoaren ezagutzan garatzeko.
Nola egiten duzu hornitzaileekin harremana?
Biziberritu proiektuak fokua enpresetan zaborretara doazen materialetan jartzen du. Harremanetan jartzen gara enpresekin, proiektuan part hartzeko proposamena egiten diegu eta interesa adierazten digutenekin lanketan hasten gara. Aztertzen dugu zer material daukaten eta elkarlarenako aukerak baloratzen ditugu. Prozesu horretan, saiatzen gara aurreikusten material horrekin haurrek zer deskubritu lezaketen.
Materialei dagokienez, era guztietakoak jasotzeko zabalik egoten gara garrantzia ematen baitiegu materialak eskaintzen dituen aterabideei.
Enpresetatik jasotako materiala haurren eskura jartzeko eraldaketarik egiten duzue?
Egia da material batzuk egokitzapenak eskatzen dituztela, adibidez, eman izan dizkigute kono moduko batzuk haria biltzeko eta, kasu batzuetan, haria guztiz kendu behar izaten diegu. Beste kasu batzuetan, ordea, ez dute inolako aldaketarik eskatzen eta, orduan, bere horretan eskaintzen dizkiegu haurrei.
Esperientzia eta proposamenak biltzen dituen liburu bat ere badu proiektuak.
Bai, 2020ko abenduan kaleratu genuen “Esperimentazioan Sakonduz, Biziberritu” liburua eta, bertan, hainbat esperientzia eta proposamen bildu genituen. Hezitzaile eta profesionalei begira, esperimentaziorako proposamen zehatzak biltzen ditu liburuak. Helburua ez da patroi gisa erabiltzea, baizik eta inspirazio modura baliatzea. Azken finean, sinesten dugu bakoitzak bere egoera eta baliabideetara egokitzen dena proposatzea dela egokiena.
Halako proiektuen zer onura dute ikasleengan?
Ikusi duguna da horrelako proiektuek, jolasetik, esperimentaziotik edota sormenetik abiatzeak aukerak biderkatzen dizkiela haur eta gaztetxoei, azken batean, arreta beraiek egiten dutenean jartzea proposatzen delako eta ez dagoelako okerrik edo akatsik. Bilatzen dena da beraiek beraien bidean aurkikuntzak egiten joan daitezela eta hortik abiatzea beren interesak. Sortzen zaizkien erronketan egin ditzatela beren bilaketak eta izan dadila ikasketa prozesu, heburua baita bizipenetatik ikastea, lehenengo bizi eta gero hitzak jarri.