Live

Bigarren Kafea

Idoia Gereñu: «Artea ez da denbora-pasa bat bakarrik»

Audio_placeholder

Idoia Gereñu: «Artea ez da denbora-pasa bat bakarrik»

Loading player...

Duela bi aste eskaini zuen lehen aldiz Katiuska antzerki taldeak 'Armiarma’ antzezlana. Armagintza enpresa bateko argazki ezberdinak biltzen ditu Idoia Gereñuren zuzendaritzapean Idoia Bengoetxeak, Olatz Godoyk, Xabi Gomezek eta Ander Malbadik antzezten duten obrak. «Denok ezagutzen dugu enpresa mundua baina ez horrenbeste armagintzarena. Bi mundu ezberdin dira. Biak akaso etikoki zuzenegiak ez direnak baina bat gertukoa, enpresa, eta beste urrunekoagoa, armagintzarena» adierazi du Gereñuk.

Jakitun dira ertz asko dituen gai delikatua dela armagintzarena. «Inor mindu gabe saiatu gara absurdoaren antzerkira gerturatzen. Ez gara zuzenean inorengana joan baina azal horretatik gauza asko esaten ditugu. Modu ludiko batean hausnarketa proposatu dugu».

Antzerki tailerra izatetik antzerki taldea izatera pasa dira eta horren azalpena ere eman du Gereñuk. Lehen urteetan tailerrak eskaintzen zituzten baina ondoren ‘Zartapa’ antzezlana sortu zenean entseguak egiten hasi ziren talde itxi batean denbora kudeatzeko. Ordutik hona tailerrak utzi eta talde txiki horrek antzezlan ezberdinak lantzen dihardu.

Ostiralean Tolosako Topic aretoan eskainiko dute emanaldia. «Etxean antzezteak bi muturrak eskaintzen ditu. Bata, publikoaren babesa. Jendeak ezagutu egiten gaitu eta errazago egiten du barre. Baina beste errespetu bat ere ematen du. Zure publikoari zerbait berezia eskaini behar diozu eta TOPIC bezalako leku batean aritu ahal izatea berezia da guretzat».

Ekainean beste hiru lekutan ere izango da ‘Armiarma’ ikusteko aukera. Hilaren 11n Urretxu-Zumarragako gaztetxean, 17an Bergarako Kartzela Zaharrean eta 18an Añorgan.

Idoia Gereñuk Bigarren Kafearen bueltan kontatu dizkiu obra berriaren ingurukoak.

Jaurlaritza Logoa