Live
Señora Sariketak emakumeak eta identitate subalternoak oholtzaren gainean jartzea du helburu. Bertsolaritzaren inguruan badago pertsona eta eragile feminista andana eta elkargune izan nahi du sariketak, azaldu digu Arregik: «sariketak helburu du feminista horiek saretzea».
Señora ezberdinak, emakume indartsuak, bilduko ditu sariketak, «adin, lurralde, eta estilo desberdinak, plazan askotan elkarrekin kantatzen ez duten bertsolariak». Plaza berriak sortu eta ahalik eta bertsolari gehien plaza horietatik pasatzea da antolakuntzaren asmoa.
Garrantzitsua da emakume eta hegemonikoak ez diren identitateen ikusgarritasuna bermatzea plazetan, espazio propioak hartzea, baina aintzat daukate beste espazioetan presentzia hori transmititu behar dela. «Gure plazak sortzen goaz, baina plaza hegemonikoak hor jarraitzen du», azaldu digu Arregik, bertsolari gazteak ez baitatoz bertso munduan integratzera soilik, bertso mundua eraldatzera baizik.
Hala ere, aniztasunean belaunaldi helduagoko bertsolariak ere kontuan hartu dituzte, final handira zuzenean bi bertsolari, dagoeneko ‘señora’ direnak, izango dira kantatzen: «aitortza moduko bat egin nahi genien, urte luzez aritu direlako edo plazan ez dutelako izan merezi beste leku», azaldu digu Arregik.
Hiru saioetan izango da feminismoa oinarri, hiru saioetan izango dira ertzak erdigune eta bertsoa protagonista. Honetaz eta askoz gehiago aritu gara gaurkoan Maider Arregi Markuletarekin Bigarren Kafean.