Live

Peru Atxa - Iker Gurrutxaga
Gernika

«Musika jotzeari ezin genion utzi eta drama barik aurrera egin behar genuela buruan eduki dugu»

Beste Bat saioak egin zituzten urtarrilean Sueder talde gernikarrekoek eta 2021ean disko berria kaleratu zuten, ‘Drama barik’ deiturikoa. Lanari buruz gehiago jakin nahi izan dugu MusikHaria saioan eta Unai Aldekozea eta Xabi Larrainzar izan dira hura aurkezteko.

Audio_placeholder

«Musika jotzeari ezin genion utzi eta drama barik aurrera egin behar genuela buruan eduki dugu»

Loading player...
Sueder talde gernikarrak sei urteko isilunearen ostean kaleratu du ‘Drama barik’ diskoa.
Sueder talde gernikarrak sei urteko isilunearen ostean kaleratu du ‘Drama barik’ diskoa. (SUEDER)

Urte asko daramatzazue batera, 2012tik oker ez banaiz, ezta?

Xabi Larrainzar: Bai, hori da. Egia esan parentesi moduko bat zan genuen, hiru-lau urte egon ginen gutxiago geratzen eta gutxiago jotzen. Hori bai, duela bi urtetik gaurdaino ohiko aktibitatea berreskuratu dugu.

Pandemian denbora libre asko zenutelako hasi zen diskoaren ideia edo lehenagotik hitz eginda zenuten?

Unai Aldekozea: Aurretik hitz egin genuen. Azkenean guk egindako parentesi hori bakoitza herrialde desberdin batean zegoelako izan zen, adibidez, Londresen egon zen gure taldekide bat. Baina pandemia aurretik lan berri bat ateratzeko gogoa piztu zitzaigun, tamalez, ondoren pandemia etorri zen.

2015ean argitaratu zenuten azkeneko lana, ondoren etena, nola bizi izan zenuten buelta hori?

X.L.: Ba ziurgabetasun askorekin. Lehen esan bezala, gure etena bakoitzaren arlo pertsonalarengatik izan zen, bi taldekide kanpoan egonagatik ere elkartu behar ginela askotan esaten genuen eta gogo hori izan zen disko berria lantzeko izan genuen bultzada.

‘Inoiz’ abestiaren letran apur bat hori ikusten dut, denbora pasa arren, izpiritu hori zuen baitan dagoela.

U.A.: Nik uste dut agian adinaren kontua ez dugula lantzen eta ez garela sartuko oraindik, gauza desberdinak ditugu gure hitzen atzetik.

X.L.: Argi dago gauza desberdinak egin ditugula, baina ez da adinaren kontuarengatik.

Rock klasikotik bideratuta dago abesti hau, zuen eraginak mantendu dituzue edota bide berrietatik esploratu duzue?

U.A.: Nire ustez, ez dugu inoiz bide bat hartu sortzerako orduan, beti irteten zitzaiguna jotzen genuen. Hori bai, moldaketak egiterako orduan erreferentzia batzuk edukitzen ditugu, baina denbora pasa ahala gauza desberdinak aterako zaizkigu.

X.L.: Nik uste dut nahiko rockeroak garela, soinu urbanoa oraindik ez dugula asko menperatzen baina barruan duguna ateratzen dugu.

Esan dezakegu orokorrean gitarrek garrantzi handia duten diskoa dela?

U.A.: Nik uste dut baietz, gustatzen zait irudi hori eman badu.

X.L.: Lehen esan dudan bezala, hori dakigu egiten eta horrela ateratzen zaigu guri gure musika.

Soinu urbanotik aldenduz, elementu berritzaile batzuk sartu dituzue eta soinu efektuetan lan asko eginda dago disko honetan.

X.L.: Nik ez nuke esango soinu urbanotik aldenduta, agian nik ez dudala asko menperatzen, agian pixka bat zaharra naizelako. Baina egia da abestiak egiterakoan eta grabatzerakoan gauza batzuk landu ditugula, gustatzen zaigun soinua bilatzen, adibidez, baxuaren distortsioarekin, eta abar. Hor bai izan dugula lanketa bat. Abestiak ateratzen diren moduan ateratzen dira, baina, ondoren, bai saiatzen garela momentu batzuk soinuaren bitartez indartzen eta lan hori bai dagoela disko honetan.

‘Drama barik II’ abestia zuzenekoetara eramaterako orduan nola egingo duzue, looperak erabiliz?

U.A.: Sorpresa da. Guk ere ez dugu argi zelan egin-eta.

X.L.: Esan behar dugu hiru garela berez, baina zuzenean beste bi kideren laguntza izaten dugula, Mikel Urrutia baterian eta Josu Mendiola baxuan. Josu, gainera gitarra-jotzailea ere bada.

U.A.: Egia esan grabatzerako orduan ez dugu zuzenekoetan pentsatzen, esperimentazio prozesu bat egiten dugu, ondoren oholtzan etorriko diren arazoez pentsatu gabe.

Letrak egiterako garaian, zein da gehien arduratzen dena?

X.L.: Denon artean egiten ditugu letrak. Nire ustez oso banatuta daude, izan ere, bakoitzak bi abestiren letrak idatzi ditugu. Bestalde, letra bakoitza egiterako orduan, desberdin jokatzen dugu, hau da, batzuk pertsonalagoak dira eta pertsona batek bakarrik idazten ditu eta beste batzuk, letraren ideia nagusia denon artean osatzen hasten gara.

‘Negu bat’ abestiaren letra nahikoa pertsonala iruditu zait, baina rock hizkuntzan idatzitako maitasun letra bat ikusten dut.

X.L.: Maitasuna baino gauza gehiagotaz hitz egiten du, pertsonok ditugun fatxaden, postureoen edota kanpotik erakusten dugun estetika indartsu horren atzean ahulak garela aipatzen du. Maitasuna dela esan daiteke baina batez ere, bakoitzak ditugun beldurrak eta itxurakeriak adierazten dira.

Esan daiteke zuen herria, Gernika, gaur egun rockaren katedral txiki bat bihurtzen ari dela, ezta?

U.A.: Bai, nik uste dut baietz. Urte asko daramatzagu lan egiten lortzen ari garena lortzeko. Iparragirre Rock Elkartean, areto bat dugu kontzertuak emateko entseatzeko zortzi lokalez gain, eta lokaletan hainbat talde gaude Gernikako haria eten ez dadin.

Lokal batetik bestera ibiltzen zarete besteek zer egiten dutenaren kuriositatez?

U.A.: Batzuetan bai.

X.L.: Azkenean oso polita da gure artean dugun giroa, entsegua bukatzen dugunean hortik geratzen gara beste lokaletan dauden taldeekin eta horrek balio handia du.

Zuek disko auto-ekoiztua atera duzue baina Gernikako Udalak diru-laguntza bat eman dizue. Elkartea edukitzeak babes bat suposatzen du halakoak eskuratzeko?

X.L.: Gernikako Udalak urtero ateratzen ditu horrelako diru-laguntza batzuk eta aurreko urtean guri eman ziguten. Honek arnasa ematen du, azkenean, gastu asko direlako disko batek ekartzen dituenak. Horrez gainera, Iparragirre bezalako elkarte bat edukita, udaletxeak herrian dagoen musika mugimendua ikusi dezake, eta, rockaren mugimendua herrian egonkorra denez, horrelako laguntzak ematea izan daiteke mugimendu horren ondorioa.

‘Zer izengo nintzen ni’ kantaren hasierako sarreran, baleen soinuak etorri zaizkit burura. Hori izan da zuen intentzioa?

U.A.: Guk ere abesti hau sortzerakoan baleen soinuak zirela pentsatu genuen baina ez zen hasierako intentzioa izan.

Abesti hau laguntasunari egindako abestia dela ulertu dut.

U.A.: Kasu honetan, gure ingurukoei idazteko gogoa genuen, lagunei gehienbat. Inoiz ez dugu lagunentzako abestirik sortu eta merezi dutela uste dugu eta horregatik lagunentzako eta lagunarteko giro on horri idatzita dago, giro ona beharrezkoa da-eta.

Bizkaieraz abestutako diskoa da eta esan beharra dago Gernika aldean zuen euskaran abesteko ohitura duzuela.

U.A.: Bai, azkenean, egunero egiten duguna da eta, adibidez, batuan hitz egiterakoan oso arraro sentitzen gara. Bestalde, nire ustez batuari garrantzi handia ematen diote eta gure hizkuntza bizkaiera izanik, garrantzi puntu bat eman behar diogu.

Eta idazterakoan erraza da bizkaieraz idaztea? Euskalkian hitz egitea eta idaztea oso desberdina izaten da.

X.L.: Bueno nire kasuan bistan denez taldeko bakarra naiz sortzen bizkaitarra ez dena, Iruñekoa bainaiz, eta kanpotik ikusita, bizkaieraz abesteak taldeari nortasun puntu bat ematen diola uste dut. Nik abestien letrak idazterako orduan, euskara batuan idazten ditut eta, lokalera eramaten ditudanean, itzultze prozesu bat egoten da edota hitzak aurkitzen hasten naizenean, gauza batzuk nola esaten dituzten galdetzen diet. Nabaritzen da abesti batzuetan bizkaiera ez dela asko nabarmentzen, baina saiatzen naiz.

‘Drama barik’ abestiaren gaia aztertuz, zuek benetan eszenatik kanpo zaudetela sentitzen duzue?

X.L.: Momentu batean agian bai, kantak prestatzen hasi ginen momentuan, abeslari barik geratu ginen eta, talde-izaera dugunez, dena hankaz gora geratu zitzaigun; eszenatik kanpo geratzen hasi ginela sentitu genuen. Hori bai, musika jotzeari ezin genion utzi eta drama barik aurrera egin behar genuela buruan edukiz, lan berri hau sortu genuen. Abesti honek azken finean, beste gauza batzuez gain, istorio hori azaltzen du.

Single moduan atera zenutenean eta diskoan datorrena entzutean, izugarrizko aldaketa sumatu nuen batetik bestera. Zuek ere sentsazio hori izango duzue, ezta?

U.A.: Gauza berri gutxi batzuk sartu ditugu eta ekoizpenean aldaketatxoak ere izan dira. Arratzuko Kortu Estudioan grabatu genuen, Gernika ondoan dagoen baserri batean eta aldaketaren ondorio bat ere izan daiteke. Asko eskertzen dugu Jon Urriolabeitiak gurekin izandako jarrera diskoa grabatzerako orduan. Berak beste lan bat duen arren, gurekin oso ondo portatu zen eta gertutasun horrek estudioan ere beste lasaitasun bat transmititzen du lana egiterako garaian.

X.L.: Kilometro zero izatea nahi genuen diskoa eta hasiera batean hiru kantu grabatu genituen eta gero pausu bat gehiago eman genuen eta Lorentzo Recordsera joan ginen gainerakoak grabatzera.

Zenbat gitarra mota erabili dituzue disko honetan?

U.A.: Ez dut uste asko erabili dugunik. Bakoitzak hiru edo lau erabili ditugu, kar-kar.

‘Galdute’ abestian berriz, akustikoren bat ere sartu duzue eta sintetizadore gehienak abesti honetan erabili dira. Sintetizadoreak jotzeaz zein arduratu da?

X.L.: Denon artean egin genuen. Azkenean, bagenekien zelako melodia sartu nahi genuen eta azkenean hori sintetizadore batekin egitea gauza erraza da. Melodia horri soinu mota bat jartzea izan zen buruhauste gehien eragin ziguna, soinu mota asko probatuz ibili ginelako, baina melodia oso argi genuen zein izan behar zen.

Nahasketak egiterakoan gainean egon zarete?

U.A.: Bai eta ez izango zen erantzuna. Guk hasieratik gure proposamena azaldu genion Joni, estudio batetik bestera aldaketa asko ez egoteko eta horregatik libre utzi genion.

X.L.: Horrez gain, hainbat buelta eman genien abestiei, hau da, berak bere proposamena erakusten zigun eta guk xehetasun txikiak aldatzeko eskatzen genion, batez ere bateriaren ekualizazioan eman genituen buelta gehien. Kontuan izan behar da Kortu Recordsen grabatzeaz gainera, Lorentzo Records estudioan ere izan ginela, eta horrek ere lan gehiagarri bat zuen Jonentzat.

Diskoaren azal deigarriaren diseinu hau zeinek egin dizue?

U.A.: Ana Estrada izan da diseinuaren arduraduna. Inoiz ez zuen horrelako lanik egin eta, Anderren laguna izanik, proposamena eskaini genion eta prest agertu zen. Lehenengo bertsioa ikusi genuenean bagenekien lan honetarako egokia izango zela, lorearen ideia hori sekulakoa delako.

X.L.: Politagoa da burua lorez beterik duzula esaten dizutenean, txoriz beteta duzula diotenean baino.

Kontzertu datarik lotuta duzue?

X.L.: Oraindik ezin izan dugu ezer baieztatu, azkenean, hilabete hauetan bertan behera geratzen ari dira kontzertuak eta guri data bat baino gehiago atzeratu zaigu. Gu zerbait lotzen saiatzen ari gara baina gu bezalako talde txiki batentzat egoera honetan jotzea oso zaila da, dena dela gu itxaropentsu gaude zerbait aterako delakoan.

Beste bat saioak ere egin dituzue, zer moduzko esperientzia izan da?

U.A.: Bakoitzak bere musika erakustea polita izan da eta erreza izan da.

X.L.: Niretzako polita izan da baina erronka ere bai, nolako tonua eman, artifizial ez dadila geratu… Auskalo zenbat hartualdi egin ote ditudan gauzak esaterakoan eta baten bat editatu ere egin behar izan dut. Baina polita izan da.

Bukatzeko, diskoa fisikoan erosteko modurik jarri al duzue?

U.A.: Durangoko azokan egon gara, instagram bitartez, kontzertuetan ere saltzen ditugu eta internet bidez. Elkar liburu-dendaren webgunean salgai dagoela uste dugu. Nire iritziz, gaur egun dugun arazoa disko fisikoak jadanik ez direla saltzen da eta horrek gu bezalako musikariei, ez digu askorik laguntzen.