Live
Egun euritsuei aurre egiteko Idoia Dávila Uzkudunek bi telesail eta bi filma gomendatu dizkigu.
'The Tender Bar' - Prime Video
George Clooneyk zuzendutako 'coming of age' drama da gaurko lehen proposamena. Izen bereko J.R. Moehringer idazlearen autobiografian oinarritutako gidoia du filmak eta Pulitzer saria jaso zuen kazetari baten bizipenak kontatzen dizkigu. Ben Affleck, Lily Rabe, Christopher Lloyd eta Daniel Ranieri ditu protagonista, besteak beste.
'The Tragedy of Macbeth' - AppleTV
New Yorkeko Zinema Jaialdian estreinatu zuen irailean Joel Coenek bere azken lana. Orain arte Coen anaiek elkarrekin zuzendu dituzte euren lan guztiak, baina oraingo honetan Joel bakarka aritu da.
40ko hamarkadako Laurent Carpentierren giro ilun eta goibela eta Kurosawaren 'Kumonosu-joo' filmeko indarkerian inspiratu da Coen 'Macbeth' famatuari buruzko begirada berri bat eskaintzeko.
'Euphoria' - HBO Max
Bigarren denboraldi honek zortzi atal izango ditu eta banaka aireratuko dira, igandeetan. Lehen denboraldia amaitu eta bi urte t’erdi beranduago iritsi da, nahiz eta denboraldi hura amaitu baino lehen telesaila bigarren denboraldi baterako berrituko zutela adierazi zuten.
Rue pertsonaiak adikzioari aurre egiteko saiakeran jarraituko du, baina, Zendayaren hitzetan, behea joko du pertsonaiak atal berri hauetan.
'Shingeki no Kyojin' - Crunchyroll
Arrakasta handiko anime honen azken denboraldiaren bigarren atala ikusgai da dagoeneko, eta igandero atal berri bat ikusi ahal izango da Crunchyroll plataforman.
Protagonista Eren Yaeger da, mundu post-apokaliptiko batean, titanekiko mendeku bila dabilen nerabea. Denborarekin, titan batean bilakatzeko gaitasuna bereganatzen du. Telesailak gorespen handia jaso du istorio, pertsonaia, musika eta lantzen dituen gai ilunengatik.
Atzo Crunchyroll streaming plataformak arazo teknikoak jasan zituen telesaila ikustera sartu ziren erabilitzaile kopuru handiaren eraginez.
Zerrenda osatzean gain, Golden Globed edo Urrezko Globoak sarien inguruan aritu gara Bigarren Kafean.