Live

NAIZ irratia

[38] «Euskarak naturatik jaso duena bildu nahi izan dugu»

Iñaki Sanz-Azkue biologoa da alde batetik, eta euskalzalea bestetik. Eñaut Agirre Goia filologoa da, eta natura du gustuko. Bi hernaniar hauek elkartu egin dira eta euskara eta natura uztartu dituzte 'Gure faunari eta florari begira' liburuan. 

Audio_placeholder

[38] «Euskarak naturatik jaso duena bildu nahi izan dugu»

Loading player...
gaur8_0312_txoriak2
gaur8_0312_txoriak2 (Anton MIRMAR | SHUTTERSTOCK)

Transkripzioa:

Ioar:
Egun on, Ander.

Ander:
Hala ekarri.

Ioar:
Kontu bat daukat zuri esateko. Elkartu dira bi hernaniar, eta...

Ander:
Txiste bat kontatu behar didazu?

Ioar:Ixo eta entzun. Elkartu dira bi hernaniar, eta batek galdetu dio besteari: “Zein txori da hau?”.

Ander:
Seguru nago txolarrea izango dela.

Ioar:
Zergatik?

Ander:
Gure auzoa txolarrez beteta dago behintzat.

Ioar:
Txolarrea esan ordez, berdin esan dezakezu: kurloia, etxetxoria, hormatxoria, eliztxoria, artatxoria, errota txoria, parratxoria.

Ander:
Esaten ahal dut... lapurtxoria?

Ioar:
Bai, toki batzuetan lapurtxoria esaten diote txolarreari. Baina beste toki batzuetan mika da lapurtxoria.

Ander:
Tira, ez gaitezen korapilatu, eta azaldu egidazu bi hernaniar horien kontua.

Ioar:
Iñaki Sanz biologoa da, eta filologoa da Eñaut Agirre. Haien herrian, Hernanin, animalia ezberdinei zein izen ematen zaien bildu dute liburu batean.

Ander:
Zein titulu dauka?

Ioar:
Gure faunari eta florari begira.

Ander:
Animaliez gainera, landareak ere bai?

Ioar:
Aurrena animaliei buruzkoa egin dute. 300 orrialde ditu, eta argazki oso ederrez lagunduta datoz testuak. 150 animalia espezieren izenak jaso dituzte.

 

AUDIOA - IÑAKI SANZ eta EÑAUT AGIRRE 

 

Ander:
Zer motatakoak dira 150 animalia horiek?

Ioar:
Bost multzotan sailkatu dituzte: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak.

Ander:
Ugaztunen artean sartu al dute gizakia?

Ioar:
Ez dut uste. Bon... ez dakit... Adarra jotzen ari al zara?

Ander:
Andrea, emakumea, gizona, gizasemea, mutila, neska, haurra, umea, alaba, semea, arreba, ahizpa, anaia, neba, osaba, izeba, aitona, aitatxi, amona, amama...

Ioar:
Iñakik eta Eñautek 150 espezie aukeratu dituzte, eta 600 izen baino gehiago jaso dituzte.

Ander:
Ez da posible. Hernanin ezin dute hainbeste izen erabili animalientzat.

Ioar:
Hernaniko izenak bildu dituzte, baina haien aldamenean beste zenbait euskalkitakoak ere bai.

Ander:
Zenbat eta aberatsagoa izan zure herriko ekosistema, orduan eta espezie ezberdin gehiago biziko dira. Eta espezieak asko badira, orduan izenak ere ugariak.

Ioar:
Horixe iradoki nahi dute bi hernaniarrek. Eta bide batez adierazten ari zaizkigu, natura bezalaxe, hizkuntza ere organismo bizi bat dela.

Ander:
Hizkuntzak hil egiten direla esaten dute batzuek. Baina ni ez nago konforme.

Ioar:
Zergatik?

Ander:
Hizkuntzak ez dira berez hiltzen. Hizkuntzak hiztunenak dira, eta hiztun komunitate bat itotzeraino estutzen edo zapaltzen baldin baduzu, akabo!, hil egingo duzu jendearen mintzaira.

 

AUDIOA - IÑAKI SANZ eta EÑAUT AGIRRE 

 

Ioar:
Herriak hiri bihurtzen ari gara. Eta pixkanaka naturari buruzko ezagutza apaltzen ari da gure artean.

Ander:
Nik zuhaitzen izen batzuk badakizkit. Azkar esango dizkizut hamabost izen. Baina aitortu behar dut ez ditudala zuhaitz horiek ezagutzen. Argazkiak erakutsiz gero, gehienak ez nituzke bereiziko.

Ioar:
Landareei buruzko partea lantzen ari dira orain Iñaki eta Eñaut. Gure faunari eta florari begira proiektuaren bigarren zatia izango da.

Ander:
Zuk, Ioar, Mikel Zarate idazlearen entzuterik ba al daukazu?

Ioar:
Bizkaitarra zen, joan den mendekoa.

Ander:
Haren nobela bat daukat: Haurgintza minetan. Erakutsi nahi dizut bederatzigarren kapitulua. Begiratu hemen, eta hasi irakurtzen.

Ioar:
Altxabilia, aperikoa, astatsa, atsoaren arima, astoluma, atxiamatxia, axandalo, bitxilota, farfaila, inguma... Ene! Zer da hau! Tximeleta esateko 47 izen ezberdin daude hemen!

Ander:
Esan ohi da 200 izen daudela euskaraz tximeletarentzat.

Ioar:
Aberastasun itzela!

Ander:
Arrisku handiegia daukagu: hainbeste izen eduki eta haurrek azkenean mariposa deitzea.


Epilogoa - Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Sinonimoak ikasi ditugu. Esanahi bera edo berdintsua duten izen diferenteei deitzen diegu sinonimoak.


Ander:
Ikasi dugu, baita ere, ahalerazko esaldiak egiteko bi modu:

—«Berdin esan dezakezu kurloia».
—«Esaten ahal dut lapurtxoria».

Ioar:
Bi modu hauek ere kontuan hartu:

Ezin dut esan.
Ez dezaket esan.


Bi eratara gauza bera esaten ariko zara.

Hemen entzun dezakezu Iñaki Sanz eta Eñaut Agirreri egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa