Live

Mikrofono berri bat probatzen hasi eta ‘Etxean’ disko laburra publikatzen bukatu du Iseok

Dodosoundekin batera ikusi dugu musika egiten Iseo (Leire Villanueva, Iruñea, 1991) azkenaldian. Oraingoan, ordea, erabat biluzik agertu da ‘Etxean’ EPa kaleratuta. Bera, gitarra eta lau ereserkiren bertsioak, horixe da disko labur honetan topatuko duguna. MusikHaria saioan aurkeztu digu.

Audio_placeholder

Mikrofono berri bat probatzen hasi eta ‘Etxean’ disko laburra publikatzen bukatu du Iseok

Loading player...
Tenperaturek behera egiten dutenerako, goxotasunean entzuteko lan aproposa da Iseoren ‘Etxean’. (Alberto BARANDIARAN)
Tenperaturek behera egiten dutenerako, goxotasunean entzuteko lan aproposa da Iseoren ‘Etxean’. (Alberto BARANDIARAN)

Pozik ikusi dugu Iseo sareetan eta pozik dagoela aipatu digu musikari nafarrak ‘Etxean’ EP berria kaleratu duen honetan. «Sareetakoa kontu konplexua da beti pozik agertzen garelako eta beti ez delako egia nire ustetan. Baina kasu honetan %100ean egia da, pozik eta eskerrak ematen nagoelako. Madrildik nator etxera bueltan, izan ere gaur elkartu gaituen EP honekin izandako erantzuna ikusita. RNE eta Radio 3 bezalako medioetan EP honi esker egotea, seinale edota erantzun interesgarria iruditzen zait», esan digu Iseok.

Eskerrak emanaz aspalditik dabil ordea abeslari nafarra, uda atarian Dodosoundekin batera kaleratu zuen ‘Arigato’ kantuan hori egin zuen. Gainera, etxearen kontzeptua barnebildu zuen kantu horretan ere: «Subkontzientean dagoelako izango da, etxea beti barruan baitago eta hor dirdira bat ikusi genuen». Hala ere ez da propio pentsatutako zerbait izan elkarrizketari esker jakin dugunez. Etxearen bueltan dabil azkenaldian eta bere etxea ikusiz ari gara sarean, EParen portadan ere etxe bat ikusten da eta hor beste bitxikeria bat sortu da Iseoren ustetan: «Kuriosoa da EParen portada nik egin dudala, ez naizelako ez artista plastiko ez margolari ez ezer. Baina, nola jaio zen, zer kontzeptu lantzen duen eta hori guztia ikusita, logikoa eta interesgarria iruditu zitzaidan azala ere nik egitea». Kolore hotza duen arren, goxotasuna transmititzen du ‘Etxean’ disko laburrak: «Kantu bakoitzari kolore bat jarri nion, udazkenekoak, marroiak, gorrixkak, berdeak… Egia da hotza dela azaleko kolorea, baina oso udazkenekoa iruditu zitzaidan akuarelekin jolasean ibili nintzenean».

Urte honetarako Iseo & Dodosounden lan berria espero genuen arren, bakarkako lan hau etorri da. Baina nolatan sortu zaio ideia Iseori? «Hau ez neukan planeatuta inondik inora. Izan zitekeen euskarazko EP bat grabatzea pentsatzea eta abar, baina ez. Mikro berri bat probatzen ari ginen Dodo eta biok estudioan eta Dodok esan zidan abesteko, mikrofonoaren soinuak-eta nolakoak ziren ikusi nahi zuela. Hala, abesten hasi nintzen, gitarra hartu nuen eta hauek atera ziren. Ordu laurdenez-edo jotzen nenbilen eta, bat-batean, Dodok esan zidan: «goazen entzutera». Ez nekien grabatzen ari zenik ere, eta, entzuten hasi ginenean, oilo-ipurditan jarri zitzaidan azala eta segidan erabaki nuen kaleratu behar nuela. Horregatik entzuten dira txakurrak eta hori guztia, horrek erakusten du zeinen natural irten den dena. Izan ere, beste modu batera izan bazen, hartualdi asko grabatuko genituen, zarata horiek kendu eta abar… Baina berez ez ginen grabatzen ari! Jakina, gogoeta hauek guztiak grabazioak entzun ostean sortu dira nire baitan ere. Naturaltasun horren aberastasunari garrantzia eman nahi izan diot, izan ere sareetan ikusten dena oso bilatua izaten dela uste dut eta freskotasuna eta naturaltasuna nik uste dut beharrezkoak direla. Batzuetan okertzen gara eta horrelakoa da bizitza, hori ere sumatzen da EP honetan», nabarmendu du Iseok.

Lau kantu, lau ereserki
‘Txoriak txori’ abestiarekin irekitzen du EPa Iseok. Baina ez da ahots bakarra entzuten, koroak ere entzuten direlako: «Ez dira hartualdi berriak egin koro horietarako. ‘Armonizer’ deituriko plugin bat erabili du Dodok. Tresna digital hori edozein pistatan jarri daiteke, kasu honetan nire ahotsean, eta guk esaten diogu tresnari zein tonotan gaude. Behin hori esanda,k ahotsa hartzen du eta berak sortzen ditu koro horiek. Nolabait ere ‘auto-tune’ delakotik hurbil dagoen zerbait da». Mikel Laboa betidanik bere barruan izan ote den ere galdetu diogu Iseori: «Diskoko lau artistek ez dute aurkezpen beharrik; ez euskal kulturan eta ezta euskal musikan ere. ‘Txoriak txori’ Euskal Herrian denok ezagutzen dugun abestia da, eta askotan ez dakigu zergatik. Askok ez du jakingo Laboak abestu duenik edota Joxean Artzek idatzi duenik, akaso ez du sekula etxean entzun, baina hori da gure kultura popularra».

‘Aitormena’ abestiaren sarreran jotzen duen arpegioak ‘564’ kantua ere ekarri digu gogora. Beste ereserki bat defendatu du hemen Iseok: «Hertzainak gurasoak gazteak zirenekoak dira edota nire lehengusu zaharragoek entzuten zuten taldea. Ni 1991n jaio nintzen, baina Hertzainak, Itoiz edota Kortatu ezagutzeko ez da garai hartan jaiotakoa izan beharrik, edozein txosnetan edo tabernetan entzun ditugulako. Bi bertsioetatik sokekin egindakoa nahiago dut, baina bertsio rockeroa bere momentuan ulertuta sekulakoa zen, The Police bezalako taldeak modan zeuden garaian halako soinu britainiarrak Euskal Herrian ere egiten zirela ikusi zelako».

Lehen entzunaldiak egin zituenean azala oilo-ipurditan eduki zuela aipatu du Iseok eta ez da gutxiagorako, sentsazio hori bera sentitu baitugu lau kantuak entzuten. «Orain ere abesti hau entzuten ari ginen bitartean, pentsatzen ari nintzen nola burua, bihotza eta ahotsa bakoitza bere aldetik joaten den. Gogoratzen dut nola hartualdiak entzuten nituen bakoitzean momentu edota xehetasun berri bat entzuten nuen, beti gertatzen zait hori grabatutako gauzekin. Hunkitzen naiz ikusiz nola inkontzienteki gai garen halako gauzak egiteko, eta gero hotzean berriz hartzean harridura sortzen dit. Grabatzeko modu hau edota estudioko bestelakoa oso desberdinak dira, normalena hartualdi asko egitea izaten baita, eta hura ere gogoko dut, baina honek zirrara berezi hori sortzen du».

Nafar sustraiei abestuz
Benito Lertxundiri iritsi zaio Iseok egindako ‘Baldorba’ abestiaren bertsioa, baina ez da jatorrira iristen bakarra izan abesti hori: «Hertzainakekin gauza bera gertatu zitzaidan, singlea kaleratu nuenean Twitterren birtxiotu nindutenean, ez nuen espero. Nire eremutik urrun daude, beste liga batean dagoen jendea delako eta oso fuertea iruditzen zait Benito Lertxundiri ere iritsi bazaio, hori jakiteak asko pozten nau. Gorkaren kasuan, ‘Eskuak’ nik helarazi nion, badugulako harremana, baina hau guztia oso berezia da. ‘Baldorba’ kantua oso presente egon da gugan. Baldorbakoa zen nire amaren ama eta beti abestu izan dugu etxean. Ahizpak eta biok kantu hau agertzen zen diskoa ere asko entzun dugu. Nafar sustraiak gurekin daude beti eta horiek adinarekin aldarrikatzen joan naiz, geroz eta gehiago. Izan ere, 18 edo 20 urte dituzunean ez zaizu axola, baina denborarekin konturatzen zara zure jatorria eta sustraiak zeinen garrantzitsuak diren, zure pertsonan lorratza uzten duelako, zure DNAn dagoelako», azpimarratu du Iseok.

Zaila behar du halako kantuak defendatzea eta are zailagoa bertsioak sortzea. Horren aurrean, ordea, lasai agertu da abeslari nafarra: «Abesti handien bertsioak errespetu handiz egin beharreko zerbait dira. Baina errespetutik eta bihotzarekin egiten duzunean kantu baten bertsioa, dena aldatzen da. Ez dira zure hitzak, ez da zure melodia… zu kanal bat baino ez zara, eta, hortaz konturatzen zarenean, libre sentitzen zara hein batean».

Hamar urte zituen Berri Txarraken ‘Eskuak’ kantua atera zenean, baina Kobetamendin haiekin oholtzan izateko aukera izan zuen Iseok: «Profesionalki mugarri garrantzitsua izan zen une hura. Denok ditugu gure mugarriak karreretan eta Kobetamendin pin bat jarri nuen nire ibilbidean. Txikitatik eta nerabezaroan nire talde kutunenetakoa izan denarekin oholtza partekatzeko gonbidapena jasotzea sekulakoa izan zen, eta negar egin nuen egun hartan, literalki. Gorkarekin badut harremana eta zerbait publikatzen dudanean hartu-emana izaten dugu, gaur egun nahikoa erraza da gainera elkarren berri izatea eta besteek egiten dutena entzutea».

Iseo & Dodosounden disko berria azken fasean
‘Arigato’ kantuarekin lan berria etorriko zela iragarri zuten Iseo & Dodosoundek eta bidean da. «EP hau momentu batean grabatu zenez, ez dit denborarik kendu proiektua pentsatu, grabatu eta editatzerako garaian. Azken urte honetan Dodo eta biok gure hirugarren diskoa lantzen aritu gara eta amaierako fasean gaude dagoeneko, urte hasierarako diskoa kaleratu asmoz. ‘Arigato’ diskoko single bat da eta, gauzak normal joanda, diskoa itxiko du, kreditu moduko zerbait delako mundu guztiari eskerrak emanaz. Hortaz, diskoa bukatzen gabiltza eta oso, oso, oso pozik gaude egin dugunarekin. Aurreko diskoa 2017an atera genuen eta bitartean sortu dugu musika, mixtape eta singleak, baina bira amaiezin batean gaude 2015etik eta momentua ere aprobetxatu behar da. Lau urte pasa dira aurreko diskotik, denbora behar genuelako ideia bat hartu eta jorratzeko, eta denbora hori nola orain izan dugun, lan polita egin dugulakoan nago».

Bira amaiezina aipatu digu Iseok, eta hura martxan jarri zenean 24 urte baino ez zituenez, aldaketa asko sumatu ote dituen galdetu diogu: «Denbora asko pasa da, sei urtetan gauza asko pasatzen zaizkigu guztioi. Artistikoki eta maila teknikoan beste momentu batean gaude, artista guztioi gertatzen zaigu hori eta niri behintzat asko gustatzen zait eboluzio hori ikustea. Gure kasuan musikalki heldutasuna eta eboluzioa nabaritzea normala izango dela iruditzen zait disko honetan».

Hala ere disko hori bitartean ‘Etxean’ zuzenean aurkezteko asmorik ez du Iseok: «Nik hau atera nuenean, kantuak zuzenean aurkeztuko nituela argi nuen. Ez akaso kontzertu soil moduan, agian hitzaldi bezala-edo. Eta proiektua buruan izan nuen aste batzuetan, baina Iseo & Dodosounden disko berria bukatzen ari ginela kontuan izanda, hari eskaini behar dizkiot merezi duen denbora, arreta eta tokia. Gauzak horrela, une honetan ez dut ‘Etxean’ zuzenean aurkeztuko. Aurrerago, presarik gabe, nik uste dut zerbait egingo dudala, jendeak ere asko galdetu didalako horren inguruan». Hala, Iseo eta Dodosound ere laster itzuliko dira elkarrekin zuzenekoetara, diskoa kaleratzean espero dutelako bira ere iragarriko dutela.

Jaurlaritza Logoa