Zuzenean

Elkarrizketa
Leire Villanueva ‘Iseo‘
Iseo & Dodosound proiektuko musikaria

«Elkarri laguntzea oso ongi dago, baina ez mesede trukean aritzea»

2014an hasi ziren elkarrekin musika sortzen Iseo (Leire Villanueva) eta Dodosound (Alberto Iriarte) eta bide honetan atera duten hirugarren lan luzea da ‘Blossom’. Bost urtez etxean landatu eta zaindutakoa loratu da eta jendaurrean aurkeztera doa orain Nafarroako bikotea.

Audio_placeholder

«Elkarri laguntzea oso ongi dago, baina ez mesede trukean aritzea»

Loading player...
Hirugarren lan luzea atera dute eta kanpoan hasiko dira disko aurkezpenarekin Iseo & Dodosound.
Hirugarren lan luzea atera dute eta kanpoan hasiko dira disko aurkezpenarekin Iseo & Dodosound. (Petra MAYO )

Aurrekoan ere eguzkipean harrapatu zintugun, baina oraingoan beste goxotasun batekin hartzen da eguzkia ezta? Udaberrikoaz gainera, disko berriaren loratzea etorri baita. Orkidea baten pare zaindu beharrekoa.

Orkidea bat, gustatzen zait, hemen bakoitzak nahi duen lorea aukera dezake. Gaurko eguzkiak diferente jo eta berotzen duela esan daiteke bai.

‘Blossom’ kantuan gaueko loratzea aipatzen da eta badira gauez loratzen diren loreak. Ikusita zuk naturarekin daukazun konexio hori kontuan izanda, naturari begira dagoen pertsona bat ikusten dut abesti honetan.

Hori da, oso ondo deskribatu duzu momentua. Abestian dauden metafora guztiak naturarekin guztiz lotuta daude. Justu esan duzu gauean loratzen diren loreak existitzen direla eta justu diskoaren portadan agertzen diren loreetako batzuk horiek dira, ’trompetera’ deiturikoak, kantu hau bezala gauez loratzen direnak.

Ikusi duzu loratze hori sekulan?

Lore horiena ez.

Zer loratzen da kantu honekin?

Nire kantua da loratzen dena kasu honetan, nire ahotsa. Baina modu orokorrean, disko honen loratzea eta proiektu honen loratzea da kantu honen arrazoia.

Kantu hau zer dela esan behar dugu, duba, reggaea… Ze hainbat estilo gurutzatzen dira Iseo eta Dodosounden disko honetan.

Diskoa orokorrean dubez bustita dagoela esango nuke. Niretzat dub estiloa, bere ezaugarriak dituen arren, jazz estiloa bezala da, hau da, abesti bat eraikitzeko eta deseraikitzeko prozesu bat da. Gure kasuan Dodok egiten du batez ere duba kontzertuetan, baina disko honetan oso presente izan dugu. Nola errepikatzen diren elementuak delayarekin, oihartzunak, instrumentuak desagertu eta agertzea… Deseraikitze hori eta berreraikitzea dubaren %100a da eta diskoan oso presente dago.

Reggaea eta duba oso lotuta joan dira historikoki eta disko hau oso reggae ikusten dugula aipatu behar dut. Beste estiloetako kutsu nahiko nabariak dauden arren, azkenean skunka, kontrara doazen gitarra edo teklatuak, abesti guztietan entzun daiteke. Hortaz, horiek biak, duba eta reggaea, egunero daude gure etxean.

‘Blossom’ abestiaren kasuan ahotsak hartzen du protagonismo dezente, haizeen sekzioa edota koroa oso modu sotilean sartu dituzuelako, atzeko planoan, efektuak horretarako propio erabilita, berotasuna transmititzen dute.

Modu orokor batean ahotsak badauka toki printzipala eta pisu handia gure musikan, baina abesti honetan oso ondo azaldu duzu zer bilatu dugun. Aurkezpen moduko abestia da, diskoari izena emateaz gainera berak irekitzen duelako, eta oso modu polita iruditu zitzaigun lana hasteko.

Reggae klasikotik edaten duen kanturik bada diskoan, ‘Rootsy’ kantua horren adibide. Baina kantuen hitzei erreparatuz, aipatzen duzue askotan zuhaitz bati begira ahaztu egiten dugula atzean baso bat badela. Elkar zaintzeaz hitz egiten duen kantua da, zerbaitek itsutzen gaituenean kanpoko laguntza behar izaten dugulako.

Disko honetan dauden letrek lagunen arteko erlazioa, bikoteen arteko erlazioa, amodioa, maitasuna… Halako gaiak daude eta abesti honetan kontsolatzea eta babestea aipatzen dira. Horrela atera zaizkigu denbora luze honetan kantuen hitzak, akaso modu ez kontziente batean, baina guztiok modu batean edo bestean behar izan dugula uste dut gauza hauek entzutea, bizi izan dugun egoera oso arraroa delako. Orain, kantuak perspektiban entzutean, konturatzen naiz disko honek errefuxiatzeko tokia eta aukera ematen dituela.

Aipatu dut abesti hau klasikoa dela, baina kantuz kantu oso desberdin erabili dituzue elementuak.

Disko honek uste dut koherentzia handia daukala abesti batetik bestera pasatzen zarenean, baina, aldi berean, oso paleta aberatsa daukala soinuei edota nahasketei begira jartzen bagara. Ni ama naiz, eta zer esango dut bada! Baina bai, uste dut paleta nahikoa interesgarria atera dela disko honetan.

Norbaiti errepikakorra suertatzen bazaio estilo hau, xehetasunetan sartu dadila eta jabetuko da ia ezer ez dela errepikatzen. Sortzen, zein instrumentutatik hasi zarete sortzen disko honetan?

Bada Iker, hau oso interesgarria da, Dodo eta biok elkarrekin musika egiten hasi ginenean, 2014an, konposatzeko prozesua nahiko mekanizatua zelako. Bateria patroi bat, baxuaren linea gero eta atzetik armonia edo horrelako zerbait izaten zen. Ia-ia beti modu berean hasten ginen eta melodia eta letrekin bukatu. Denbora pasa den heinean, prozesu hori ere aldatzen joan da. Batzuetan horrela egiten ditugu abestiak, baina beste askotan ez. Baxu lineak hasieran lehendabiziko edo bigarren elementua izaten ziren eta gaur egun abestia osorik konposatuta dugula oraindik baxu linearik ez du izaten, ez zaigulako ezer etortzen burura. Hortaz, prozesua aldatzen joan da denboraren arabera.

Baina guk ordenagailu aurrean egiten dugu lan konposatzerakoan. Teklatu batekin egiten ditugu instrumentu ia-ia guztiak. Adibidez, disko honetan bateria dezente loop antzekoak dira nahiz eta gero Dodok aberastu dituen perkusioko beste elementuekin eta abar. Aurreko lanetan erabat berak eraikitako bateriak izaten ziren. Baina behin teklatuarekin skunk bat izanda gurpil moduan, bada guk loop bat jartzen dugu etengabe entzuten eta hor hasten gara horizontera begira ea non aurkitzen dugun ideia on hori. Hortik aurrera atera daitekeena melodia bat izan daiteke, baina askotan horiek letrekin batera iristen dira. Badakit beste batzuk ez dituztela horrela egiten, lehendabizi melodiak etortzen direla eta gero letrak sortu, baina guretzat ia-ia beti elkarrekin dator.

Elementu gehienak ordenagailu aurrean sortutakoak direla esan diguzu eta baxuaren linea ere aipatu duzu. Bada, ‘Money’ kantuan 808a sartzen denean… Zer da hori! Zuzenekoetan zuen teknikaria ez den bat egokitzen bazaizue, a zer nolako sustoa har dezakeen!

Zorionez, guk gure teknikaria daramagu beti, Pablo Coller. Abesti honetako baxua ’Love is a Killer’ abestiko bigarren zubian ere uste dut sartu genuela nota batekin. Baina ‘Money’ abestian baxu guztia 808arekin egina dago. Pila bat gustatzen zaizkigun soinuak dira, baina tokia aurkitu behar zaie. Ez soilik frekuentziei begira, ze hori ere zuk aipatu bezala garrantzitsua da, ez direlako ekipo guztietan entzuten frekuentzia denak. Guk ere estudioan ez daukagu sekulako ekiporik, baina kontuz ibili behar da 808arekin, ze alde guztietatik ihes egiten du ez bada zuzen erabiltzen eta gainerako elementuak kutsatzen ditu. Baina tokia aurkitzen diozunean eta abesti batean nahi duzun lekuan duzunean… Bombastic! Guztiz garaiezina da.

Ahotsaren delayak, saxoa entzuten da, flauta ere entzuten da, sintetizagailuaren efektuak… Baina badira perkusioko bi elementu, shakerra eta klabeak, harrigarria dena zenbat aldatzen duten abesti bat. Hauek guztiak lantzen, zenbat konplikatu daiteke Dodosound?

Nahi duen guztia edota ni iritsi eta nahikoa dela esan arte. Oso ondo ulertzen dut bera, oso zaila delako abesti baten amaiera non dagoen ikustea. Koadro bat egiten ari denak bezalaxe, noiz ikusten duzu hori bukatuta dagoela? Oso zaila da momentu hori topatzea, beti zerbait gehiago egin daitekeelako. Gure haize sekzioa, The Mousehunters, beti pertsona berek osatzen dute, baina ez daude abesti guztietan lau musikariak. Baditugu flauta, tronpeta, saxo tenorra eta saxo baritonoa eta abesti batzuetan elementu bat gehiago edo gutxiago entzuten da, armonien eta testuren arabera.

Hori batetik, eta, bestetik, komentatu dizudan moduan, bateria gehienak loopak diren arren, Dodok espeziak eta brilli-brillia jartzen die gainetik. Hala, shakerraren kontura joanaz, guk askotan komentatzen dugun zerbait da eta niretzat shakerra edota tambourinea behin sartu eta gero noiz kentzen duzu? Behin sartuta, beti ondo funtzionatzen du. Dodok disko honetan ekoizpen lanean egin duen lana aipatu nahiko nuke. Badira elkarrekin egiten ditugun elementuak, baxu linea gehienak nik eginak dira, esaterako, baina perkusioak lantzeko edota nahasketetan bera da sekulako lana egin duena.

Atentzioa jarrita, geruza bakoitzean efektua sartu, kendu, haien arteko gurutzaketak egin… Zenbat denbora dagoen eskainita, gero atzetik etorri eta norbaitek esateko hainbeste denboraren ostian zortzi kantu ‘soilik’ egin dituzuela.

Esan duzun horrek barrua ukitzen dit. Askotan komentatu dugun zerbait delako zeinen azkar ateratzen dituen jendeak abestiak. Hiru astero edo hilabetero single berri bat, fabrika antzeko zerbaitean ariko balira bezala eta guk ez dugu horrela egiten, abesti bakoitza asko, asko, asko lantzen dugulako. Eta horrek ez du esan nahi asko landu duzun abesti hori momentu batean sortzen duzuna baino hobea denik, e? Elementu garrantzitsuena, ingelesez ’hook’ esaten zaiona, gantxoa alegia, gehienetan estribilloa dena, momentu batean etortzen da askotan. Kristalezko bola batean sartu eta gero gainerako guztia batean eraikitzen duzu.

Ideia on bat sortzea, ez da zaila, Picassok esan zuen moduan lanean harrapatu behar zaitu. Zaila, ideia horren inguruan abesti bat eta kontzeptu bat eraikitzea dira eta guri, gutxienez, denbora asko eskatzen digu. Hortaz, zortzi abesti dira, bai, baina guk badakigu entzuten diren moduan entzun ahal izateko ez dela posible horietako bakoitza hiru astetan egitea. Ez da posible! Guk lan egiteko daukagun modua ikusita ez behintzat. Eta lan egiteko modu guztiak errespetatzen ditut e? Jolin, nahiko nuke nik hiru astero hitako bat ateratzea, baina zuk esan duzun bezala geruza pilo bat daude gure abestietan eta horrek uzten zaitu abesti bat berriz entzuteko gogoz eta aldiro elementu berriren bat aurkitzen duzu. Behin entzunda ezin duzu guzti hori jaso.

Hori ere bada kantu bakoitzari bizi berri bat emateko modua ezta? Behin eta berriro entzun eta elementu berriekin topo egiteak kantu batez ez aspertzeko aukera ematen du. Baina, tira, ‘Infinity’ kantuan melodika entzuteko ez da esfortzurik egin behar. Hori bai, duen efektua zoragarria da, instrumentua zahartzen du tronpetak duen dirdiraren ondoan.

Alberto Sanzol, gure tronpeta-jotzailea eta haize sekzioaren liderra, gurekin izaten da beren lerroak konposatzen. Batzuetan nik abestuz sortzen ditut haizeen armoniak, baina esan behar dugu Alberto Sanzol kapo bat, maisu bat, jeinu bat dela eta bere instrumentua eta soinua oso ongi ezagutzen dituela. Batzuetan badaude musikari oso onak beren soinua hain ongi ezagutzen ez dutenak edota grabatzen hain abilak ez direnak, nahiz eta oholtzan animalia hutsak diren. Albertok hori menperatu egiten du eta ‘Infinity’ kantuan esango nuke tronpetak bikoiztuta daudela.

Eta, melodikarena esan duzu eta barregura eman dit, ez baita aspaldi grabatutakoa baina bai aspaldikoa. Nire gurasoena da, amarena zehazki eta gure etxean egon da kontzientzia dudanetik. Txiki-txikitatik melodika hori armairuko tiraderan zegoen. Eta ez dakit nola, gurekin bukatu du, traste bat gehiago. Oso desafinatuta dago eta oso baxu geratzen da gainerako instrumentalarekin. Baina horrela uztea erabaki genuen, horrek xarma ematen ziolako, eta hor dago instrumentalarekin borrokan.

Zure feminitatea eta singularitatea aipatzen dituzu abestian, eta horri 24/7 lana egitea gehitzen diozu, karitatearen beharrik ez dagoela. Norberaren feminitate eta singularitatetik lan egin eta sinisten duzun horren alde borrokatzeko deia egiten du abestiak ezta?

Oso ongi deskribatuta. Emakume bezala ez dut mesederik nahi ezta etorkortasunik ere, ez dut bide errazago bat hartu nahi emakume izateagatik eta ez dut bide zailagorik nahi, eta hori borrokatzen gabiltzan zerbait da. Horregatik estribilloan esaten dut infinituraino joango naizela nirearen alde borroka egiten energia onenarekin. Nik lana egingo dut eta nahi dudana lortzen saiatuko naiz musikan eta bizitzan, baina ez dut faborerik nahi. Horrela ibili gara hasieratik musika munduan eta uste dut hori dela bide bakarra, lan eta lan aritzea. Ez gara inoiz faboreen esperoan egon eta horrek ere esnatzen zaitu, inork ez dizulako ezer zor eta zuk ere ez, elkarri laguntzea oso ongi dago baina ez mesede trukean aritzea. Urte luzez aritu gara igandea zela konturatu gabe lanean eta hori kontatu nahi izan dugu, energia positibo batekin, ez da kexa bat.

Botere harremanak ere aipatzen dituzue ‘Money’ kantuan.

Modu erromantikoan idatzi genuen abesti hori. Guztiok dakigu boterea eros daitekeela nahiz eta pentsatu nahi izan hori horrela ez dela. Niri gehien gustatzen zaidan esaldi indartsuena kantu horretan, diruak ezin duela denbora erosi esaten duenean da. Urruneko perspektiba batetik begiratuta noski, ze hegazkinez edo kotxez mugitzen bazara batetik bestera, bai diruak denbora erosi dezakeela, oinez denbora gehiago beharko zenukeelako. Baina denbora iragankorra dela eta zahartzen garela esan nahi dugu, horren kontra ezin dugu ezer egin eta denbora hori ezin da erosi. Botereak eta interesak noski erosi daitezkeela, ez gaudelako yupi mundu batean, baina denboraren joateak denoi eragiten digu eta hor ez du axola aberatsak edo pobreak garen.

‘Love is a killer’ kantuan sarreratik harrapatu nauzue. Sampler moduan ahotsa erabiltzearena sekulako jolasa iruditu zait!

Bai nire ahotsa bada ere sampler bezala erabili dugu, lortu nahi genuen efektu hori ahotsarekin ez zelako beste modu batera lortzen. Saiatu ginen «ki-ki-ki-killer» abestuz egitea, baina sampler bezala soilik lortu daiteke efektu hori. Ez dut oroitzen biotatik nori bururatu zitzaion hau. Izan ere diskoak baditu bi fase konposatzerako garaian eta ‘Money’ eta ‘Love is a killer’, esaterako, 2021eko otsailean grabatuta zeuden dagoeneko. Gainerakoak beranduago etorri dira eta beste fase batean ikusten ditut. Hartara, ez dut gogoratzen ideia norena zen, baina pentsatzen dut Dodori bururatu zitzaiola eta berari emango diot puntu hori.

Ume garaiak gogoratzea baina gaur egun fakturek itotzen gaituztela aipatzen duzue, beldurrak maitaleenak ziren uneak lapurtu dituela…

Baina guztiaren gainetik maitasuna dago. Maitasunak irabazi behar du eta ez beldurrak edota gorrotoak. Baina munduan beldurrak eta gorrotoak gauza asko mugitzen dituzte eta, orduan, horren kontrajarrera dago etengabe abestian. Ez da pesimista kantua, baizik eta dagoenari aurre egin eta bizirautea beharrezkoa direla aipatu nahi dugu. Urrea eta ifrentzua aipatzen ditugu etengabean, eta beldurra eta gorrota indartsuak dira, baina maitasunak beti irabaziko du, ‘love is a killer’.

Aipatu ditugu abestietan eta instrumentaletan dauden geruzak, baina modu berean letretan ere aurki ditzakegu irakurketa paraleloak eta zentzu bat baino gehiago dutenak, eta abesti honek baditu.

Zure idazteko moduan beti errimarekin zabiltza jolasean, luzerako eman dezake kontu honek ere, baina rapetik eta bertsolaritzatik baduela esan daiteke.

Musika azkenean erritmoa errepikatzea, melodia errepikatze eta errimak, soinuak, errepikatzea da. Errepikapena da musikaren elementu printzipala. Baina argi utzi nahi dut letrak elkarrekin idazten ditugula, e? Dodok letra oso indartsuak idazten ditu-eta!

‘I wonder’ maitasunari idatzitako kantu bat da, baina momentu konkretu batean. Gaur egun ‘crush’ deitzen den horri, gustuko duzunari alegia, begira zauden une hori deskribatzen duzue.

Ligoteo momentu hori, nola sartu beste pertsonari. Nola hasi hizketan, zer galdetu, nola sortu elkarrizketa… Gauez garito batean zaude dantzan eta ez dakit nik nor sartzen da eta hor zintzilik geratzen zara, «What? Nor da pertsona hau?» esanaz. Denoi gertatu zaigu eta guztiok izan dugu momentu hori harengana joan nahi izatea eta ez dakizula nola egin. Urduri jartzen zara, zenbakia eskatu nahi diozu edota hizketan hasi eta ea hari buruz zerbait jakiteko gertukoren batekin edo ezagunen batekin harremanik baduen… Amodioaren aurreko pausoa da, ze gero askotan momentu horretan geratuko da edota gau dibertigarri batean, edo pare batean. Baina hasierako tonteo-ligoteo momentu hori aipatzen da eta beharrezkoa dena.

’Pink safari’ kantuan ez dakit zer irudikatu nahi duzun zehazki, baina hemen eta orokorrean aipatu nahi dizudana da ahoskera zenbat lantzen duzun hizkuntza desberdinetan abesterakoan. ‘Ferrari’ hitza esaten duzuenean, italiar batek esango lukeen moduan diozu!

Guztiz bilatua da horrela esatea Ferrari hitza. Hasiera batean ingeles batek esango lukeen bezala hasi nintzen probatzen, baina batetik nahikoa zaila zen eta, bestetik, berez den moduan esan nahi izan nuen. Entrenatu beharreko zerbait izan zen e? Eta probak egin ostean sartu nuen.

Zeri buruz den abestia? Bada, ‘I wonder’-en ondo ateratzen badira gauzak, ‘Pink safari’-ra pasatzen zara. Hurrengo kapitulua da.

Kantu honekin animazio bideoklip bat irudikatzen dut nik. Ez dakit zergatik, ferrari arrosa bat itsasertzeko edota mendiko bide batetik animazioan irudikatzen dut, maitasun istorio bat gertatzen den bidean.

Bada ez zabiltza urrun Iker, horraino esango dut.

Instrumentalean sartuta, kaxa beste modu batetara entzuten da. Kaxa jotzeko zenbat modu sartu dituzue diskoan? Nik sei edo zazpi kaxa soinu desberdin entzun ditut.

Arreta handia jarri diozu guztiari eta oso interesgarria da halako iruzkinak entzutea. Kantu honen soinu eta estiloa oso añejoa da, rocksteady antzeko bat, tempoa normalean mugitzen garena baino azkarrago doana. 106 BPMra goaz, eeta gure abestirik azkarrena orain arte ez zen 82 BPMtik pasatzen! Soinu zahar hori nahi genuen, rocksteadya zelako. ‘Love is a killer’ antipodan dago, oso modernoa da eta bateria oso raperoak ditu. Hemen atzera joan gara eta kutsu zahar hori dago. Eta lehen esan dugun moduan eta abestiz abesti entzunda, konturatzen nahiz zeinen disko heterogeneoa den nahasketei begira, estilo eta soinuei begira, nahiz eta ama estilo bat badagoen.

Kontzertuak badituzue diskoa aurkezteko, kanpoan eta dezente gainera.

Bai bai, udako bira erdia Frantzian daukagu. Maiatzaren 20an, ostiralean, Frantzian hasten gara aurkezpen birarekin. Baina uda nahikoa lasaia daukagu baina modu oso positibo batean. Pandemia aurreko biren zerrendak begiratu eta panikoa sortzen didate. Hortaz, bira lasaia da, baina modu onean. Bira egin ahal izango dugu eta konposatzen jarraitu, lehen ezinezkoa zena. Zaila da biran egon eta konposatzen jarraitzea, baina oraingo honetan saiatuko gara, bizitzeko eta sortzen jarraitzeko denbora izango dugulako. Kontzertuen agenda web orrialdean dago zintzilik eta udazkenean eta neguan aretoetako kontzertuak izango dira, diskoaren aurkezpen ofizialak alegia. Ahalik eta toki gehienetan egongo gara, eta, jakina, Euskal Herrian ere bai.

Bada, ‘Arigato’ esatea baino ez zaigu geratzen. Eta kantuko esaldi batean azpimarra eginaz, maitasuna musika dela eta musika bizitza, zuri nabaritzen zaizu ezbairik gabe horretan sinisten duzula. Benetan, mila esker eta gozatu biran.

Hori da, plazer bat izan da zurekin hitz egitea, mila esker!

Jaurlaritza Logoa