Live
Beren haurrak parkera eraman zituzten batean elkarrizketan hasi eta jarri zuten martxan No Quiero proiektua Gaby Salaverryk eta Alberto Macíasek. «Gabyk esan zidan adinean aurrera egiten ari ginela eta musikaren bideari eusteko kantu pila bat idatzia zituela, baita maketa batzuk prestatuta ere. Hala, nik estudio bat dudanez, ea disko bat grabatuko genuen esan zidan eta horrela hasi zen guztia», kontatu digu Alberto Macíasek.
Kantuak Salaverryrenak izanagatik ere, konponketa guztiak eta produkzio lanak bere gain hartu ditu Macíasek: «Gabyren musika hartu eta konponketa guztiak prestatu nituenean, baxu-jotzailea eta bateria-jotzailea gehitu genituen diskoa grabatzeko, Iñigo Corcuera eta Anton Uribe. Aurretik ere ezagutzen genituen eta segidan animatu ziren proiektu honetan parte hartzera».
Beren soinu propioa bilatu nahian ibili dira No Quierokoak eta hor ongi moldatu dira Salaverry eta Macías. «Urte asko daramatzat musikaren munduan bueltaka, metaletik operaraino landu dut lehen pertsonan. Kontua da Gabyk abestiak eginda zituen moduan aspergarria suertatzen zitzaidala jotzeko, hala, zerbait dibertigarriagoa landu dugu denon artean, beti ere oinarrian landutako musikari errespetua gordeta. Gauzak horrela, metalaren edota pop geldoaren muturretara iritsi gabe, erdibideko guztia entzun daiteke ‘Monterey’ diskoan», nabarmendu du Macíasek.
Baina bide bitxia hartu du taldeak eta publikoaren erantzunaren araberakoa izango da haien ibilbidea: «Ez dugu zuzenekorik emango, behar dugun denbora hartu eta bigarren disko bat prestatuko dugu lehendabizi. Behin hori kaleratzean, eta gauzak ondo badoaz, orduan hasiko gara kontzertuekin».
Diskoa modu digitalean eskuratu daiteke eta Oso Polita zigiluaren azpian kaleratu dute. «Disko honen 500 kopia soilik egin ditugu gure gertukoen artean banatzeko. Hori bai, plataforma digitaletan entzuteko moduan daude abestiak eta inork interesik balu, jar dadila gurekin harremanetan eta konponduko gara», adierazi du musikari bilbotarrak.
Diskoa bideoklipekin osatu dute, izan ere dokumental moduan ulertzen dute ‘Monterey’ No Quiero taldekoek eta abestiak aleka-aleka joango dira sareratzen.