Live
Itsas Salbamentu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundea ezagun egin da Aita Mari euskal atunontzia berreraiki eta mediterraneoan noraezean dauden migranteak erreskatzen aritzen delako. Halaber, beste lan lerro bat ere badu: Greziako Quios irlan dagoen Vial errefuxiatu kanpalekuan osasun larrialdiak eta lehen arreta eskaintzen duen profesionalen sarea du.
Batetik, Izaskun Arriaran GKEko kidea eta Aita Marin aritzen den erizainak; eta, bestetik, Vial errefuxiatuen kanpalekuan dagoen Itziar Albaina familia medikuak hango berri eman dute. Urtean hamar milatik gora laguni osasun asistentzia ematen diete bertan. Koronabirusagatik asko Atenasera eta beste lekutara mugitu dituzte eta orain 800 bat lagun daude han.
«Zabortegi batean eta duintasunik gabe» bizi ziren hasieran, eta hala, infekzioak ziren nagusi kanpalekuetan, batez ere bizi baldintzei eta higieneari lotutakoak. Orain, berriz, «infekzioak baino gehiago antsietate eta arazo psikologikoak nabarmentzen dira». Itxaropena zuten helduleku bakarra, eta ikusi dute itxaropen hori nola joan den itzaltzen. Gogorra den arren, «askok kontsultara datozenean bere buruaz beste egin nahi dutela esaten digute».
Bi urte daramatzate askok kanpalekuetan ez aurrera eta ez atzera. Gainera, etorkizun beltza dute: Europako Batasunak Turkiarekin egindako akordioak dena baldintzatuko baitu. Turkiara bidaliko dituzte asko eta gainera asilo eskariak eten dizkiete. Izaskun Arriaranen esanetan «egoeraren erantzulea Grezia ez ezik, Europar Batasuna da. Giza eskubideak urratu eta beste aldera begiratzeaz gain, ezkutuan gotortu nahi dute Europa». Are, Grezian dauden errefuxiatuen kanpalekuak itxi eta zentru itxierara eraman nahi dituzte denak.
Laguntza baino oztopo gehiago izan dute gaurdaino Itsas Salbamentu Humanitarioko lagunek. Izenak dioen moduan humanismo gehiago eskatzen dute. Alabaina, elkartasuna eman eta erakundeen partetik bekoizkeria dute trukean.