Live
«Balorazioa oso ona da; Bartzelonari ligako hiru partidetan irabaztea sekulako lorpena da»
Iraurgi Saskibaloi Taldeak Urrezko LEB Ligan jokatuko du datorren denboraldia pasa den asteburuan Bartzelonaren aurka irabazi ostean (63-66). Duela lau urte izan ziren azkenekoz Urrezko LEB Ligan gipuzkoarrak eta Iñaki Jimenez Iraurgi SBko entrenatzaileak «gogotsu» daudela azaldu du NAIZ Irratian.
«Balorazioa oso ona da; Bartzelonari ligako hiru partidetan irabaztea sekulako lorpena da»
Urrezko LEB Ligan jokatuko du datorren denboraldia Iraurgi Saskibaloi Taldeak. Pasa den asteburuan Bartzelonaren aurka itzuliko partida irabazita eta joanekoan 6 puntuko errenta zutela kontuan hartuta, gipuzkoarrak Urrezko LEB Ligara bueltan izango dira lau urteren ostean. Iñaki Jimenez Iraurgi SBko entrenatzailea izan da NAIZ Irratian eta «oso pozik» agertu da lortutakoarekin, «denboraldi zaila izan baita», eta «gogotsu» daudela aitortu du datorren denboraldiari aurre egiteko.
«Balorazio oso ona da, ezin du bestelakoa izan. Bartzelona bezalako talde bati ligan hiru partidetatik hiru irabaztea, sekulako lorpena da. Finalean nahiz eta azken laurdenean gauzak estu jarri, taldeak pazientzia izan zuen eta beraien aldeari buelta eman genion», azaldu du Jimenezek.
Denboraldi osoan ezin izan dute zaleen babesa eduki eta alde horretatik, penatuta agertu da, zaleek ezin izan baitute denboraldi historiko bat gertutik bizi izan. Gainera, «talde apal bat egin genuen, bertako jende askorekin, primeran joan da», azpimarratu du Jimenezek.
Bartzelonatik bueltan «oso ospakizun txikia eta mugatua» egin zutela onartu du. Autobusean itzuli ziren eta zenbait garagardo edan eta hainbat abesti abestetzeko aukera izan zuten.
Hurrengo urtean Urrezko LEB ligan ahalik eta hobekien aritzea izango dute helburu. Jimenezen ustetan, hala ere, maila hau ez da berez Iraurgi bezalako talde bati dagokiona, zeina Euskal Herriko jokalariez hornitzen den gehienbat: «Harrobian oinarritzen den talde bat da». Hala, ACB ligako azken bost jardunaldietan ezustekorik eman ezean, Gipuzkoa Basketekin neurtu beharko dituzte indarrak.