Live

Ion GARATE

Jon Irisarri urduri, baina gogotsu EHko Itzuliaren atarian

Gaur, 14:00etatik aurrera jarriko da martxan 2021eko Euskal Herriko Itzulia, 13,9km-ko erlojupekoarekin Bilbon. Bertan izango da lehian, punta-puntako hainbat txirrindulariren artean, Jon Irisarri Caja Ruraleko txirrindularia. «Urduri, baina gogotsu» dagoela azaldu du.

Audio_placeholder

Jon Irisarri urduri, baina gogotsu EHko Itzuliaren atarian

Loading player...
Jon Irisarri Caja Ruraleko txirrindularia.
Jon Irisarri Caja Ruraleko txirrindularia.

Euskal Herriko Itzulia abian jarriko da gaur Bilbon 13,9km-ko erlojupekoarekin. Punta-puntako txirrindulariak izango dira bertan lehian, eta hauen inguruan ibiliko da Jon Irisarri Caja Ruraleko txirrindularia. «Urduri, baina gogo askorekin» dagoela aitortu du, etxeko lasterketa dela «urteko garrantzitsuenetako bat». «Ilusio handiz» dagoela gaineratu du Leaburuko gazteak. Gainera, pasa den larunbatean, Lizarran, Miguel Indurain sari nagusian ikuskizun polit bat ematetik dator leaburuarra, taldearentzat zein berarentzat egun oso ona izan zena.

Gaurko erlojupekoaren harira, bukaerako arrapala gogorrak sailkapen nagusian «lehen diferentziak» eragingo dituela adierazi du Irisarrik, baina ez erabakigarriak. Etapa guztietan dute helburua jarrita, «talde bezala egunero erakustea dugu helburu», dio Caja Ruraleko txirrindulariak. Hori bai, bere kasuan, Tolosatik pasatzen den lasterketan aurrean egoten saiatuko dela aitortu du, etxetik gertuen duen herria.

Esan moduan, punta-puntako txirrindularien artean izango da Irisarri, «munduko onenak» leaburuarraren esanetan. Tartean izango dira: Roglic, Pogacar, Landa, Hugh Carthy, Carapaz, Yates... besteak beste. «Ikuskizuna baieztatuta» dagoela azaldu du Irisarrik.