Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Behin guztia zabaltzean ea kontzertu proposamenak jasotzen jarraitzen dugun»

‘Beltxarga beltza’ izeneko lana kaleratu du duela gutxi Ibil Bedi talde iruindarrak. Estilo anitzeko kantuak jasotzen dituzte diskoko 10 kantuetan eta zuzenean aurkezten ari dira egun. Mimoz egindako lanaren emaitza eder geratu zaie eta zerbait xumea handi bihurtu dute. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

«Behin guztia zabaltzean ea kontzertu proposamenak jasotzen jarraitzen dugun»

Loading player...
‘Beltxarga beltza’ diskoa Ibil Bedi talde nafarraren bigarrena lan luzea da. (Mikel TRISTAN)
‘Beltxarga beltza’ diskoa Ibil Bedi talde nafarraren bigarrena lan luzea da. (Mikel TRISTAN)

‘Huts’ kantuaren kontrabaxuz jotako notekin eman diogu ongi etorria MusikHaria saioan Ibil Bedi taldeari. ‘Beltxarga beltza’ diskoa, beren bigarren lan luzea, kaleratu dute aurten eta hura aurkezten izan dira Amets Aranguren eta Areta Senosiain. Kontrabaxua, ordea, diskoaren grabaketaz arduratu den Ibai Osinagak jo du. Bera, taldeko gitarra-jotzailea eta abeslaria ere bada. «Nik aski dut biolin txikiarekin», esan digu Senosiainek. «Hasiera batean linea melodiko hori Javier Larrañeta baxu-jotzaileak egin eta grabatu zuen. Baina, gero, zarata arraroren bat entzuten zela-eta, Ibaik inori abisatu gabe kontrabaxuarekin grabatu zuen linea bera», gaineratu du biolin-jotzaileak. Bosgarren taldekidea, berriz, Eder Escalera bateria-jotzailea da.

Diskoan nabaritzen da musika ikasketak badituztela, teknikoki hainbat xehetasun modu akademikoan ikasi dutenek eginak direla antzeman daitekeelako. Berek ere nabaritzen dute hori, kontserbatorioan ibiliak direla alegia, baina ez lortu duten soinuagatik: «Saxoa ez da bereziki ongi jotzen dudan zerbait, baina bai nabaritzen dela taldean hitz egiterako garaian eta gauzak azaltzerako garaian hizkuntza berean hitz egiten dugula. Elkar errazago ulertzen dugu musikaren hizkuntzarekin», dio Arangurenek. Eta horri zera gehitu Senosiainek: «Guk sekula ez dugu esan «bua, zer nolako soinua lortzen ari garen». Baina kontserbatorioan ibili izanaren inkonformismoa nahikoa nabarmen daukagula uste dut».

Etengabeko elkarlana
‘Huts’ eta ‘Lorerik gabe’ kantuak norbera maitatzeari buruz zerbait kontatzen dutela kontatu digute, baina baten hitzak Ibai Osinagarenak dira eta besteak Amets Arangurenenak, abestiak idaztearen ardura erdibana dutelako. Gainera, elkarrizketan nahikoa argi geratu da Arangurenek kantuak norberak bere moduan ulertzea nahiago duela, bakoitzak duen berezko jatorri eta zentzua azaltzea baino.

Konposatzeko modua, berriz, bakoitzaren ideiak abiapuntu moduan hartuta hasten da, whatsapp talde bat badutelako horretarako propio sortua. «Audioak bidaltzeko talde bat daukagu ohiko taldetik aparte. ‘Basozain’ kantua, esaterako halako modu batean sortu zen. Ibai nire etxera etorri zen pandemia aurretik eta audio hori bidali genuen taldera. Ametsi eta bioi minorretik maiorretarako aldaketa ez zitzaigun gustatzen, baina Ibaik buruan zuen hori eta aurrera atera zen. Pistaren hasieran entzuten den audioa, gainera, kantuaren hasierako ideia hori da. Audio eskas bat da baina, sartu egin nahi izan dugu. Gainerako kantuekin antzerako zerbait egiten dugu, kantu baten ideia bat eman eta janzten joaten gara. Baina bakoitzak gehitzen dituen ideien ondorioz, ikusten da ez direla konposizio oso linealak gureak. Mundu beretik gatozen arren, adar desberdinetakoak gara eta nabaritzen da», esan digute Ibil Bediko taldekideek.

Anariren kolaborazio bat ere sartu dute diskoan, aurkitu daitekeen bakarra, ‘Egurrezko eskuotan’ abestian. Propio berak abesteko letra sortu zuten, nahiz eta melodiarekin ere pare-parean jo duten. «Ezezkoa eman izan baligu, beste kantu bat izango litzateke. Estilo aldetik ez da horrenbeste bilatutako zerbait izan. Berak bere erregistrora eraman zuen, moldatu zuen eta naturalki eta nahi gabe egokitu da kantua Anariren estilora. Itxialdian ginela sortu genuen iaz eta, itxialdia bukatuta, Anarirekin harremanetan jarri eta baiezkoa jaso genuen. Gero, neurriak-eta tarteko, abendua bukaeran lortu genuen elkartu eta grabatzea. Erraz ulertu genuen elkar eta bera ere eroso sentitu zela uste dugu. Gainera, hori zen diskoa ixteko geratzen zen zatia eta poztasun bikoitza izan zen egun hartakoa; Anarirekin gozatu genuelako eta dena ondo irten zelako eta diskoa bukatu genuelako», kontatu digute musikari nafarrek.

‘Hiraeth’ kantua berriz koktel moduko bat dela esan dezakegu. «Ibaik idatzitako kantua da eta gaelikotik hartutako hitza da ‘Hiraeth’. Portugesez ‘saudade’ hitzaren parekoa dela esan dezakegu eta herrimina edota itzuliko ez den zerbaiten nostalgia esan nahi du», azaldu digu Senosiainek. Zuzenean defendatzeko erronka ongi bete zuten Bigarren Kafea Naiz Irratiko irratsaioan. «Ibairi sartu zitzaion buruan auto-tunearekin kantu bat egin nahi zuela. Auto-tune zale ez ginenak bagaude taldean, aurreiritzi kontuagatik-edo ez genuelako maite. Eta, hasiera batean kantua kargatuago bazegoen ere, gerora arindu egin dugu eta neurrian geratu dela uste dugu. Hortaz, pozik gaude azken emaitzarekin. Gainera, Aretak biolinarekin harmoniko batzuk sartzen ditu eta hori akaso auto-tunea baino inpaktu handiagoko zerbait dela esan dezakegu», nabarmendu du Arangurenek. Disko honetan denbora izan dutela eta aurrekoan jarrita zituzten mugetatik haratago joatekoa baliatu dutela denbora hori esan digu era berean Senosiainek, eta argi dago gainditu dituztela.

Etxeko estudioan grabatua
Ibai Osinaga taldekidea arduratu da diskoaren grabaketaz, bere lehen grabaketa lana, eta bere etxeko estudioan grabatu dute. Kantuari buelta asko emateko aukera ona dela uste dute etxean grabatzearena, baina kosta egiten zaie muga jartzen: «Zerbait entzun eta konforme geratzen ez bazara, berriz ere grabatzeko aukera ona da, baina muga jarri behar da, bestela bost urte pasa genitzake abesti berari bueltaka. Hartara, perspektiba galdu egiten da eta ez dakizu zein hartualdi den onena edo gogokoena. Baina aipatu nahi dugu Ibaik egin duen lan handia ere. Gu izango ginateke estudioa irekiko balu sareetan iritzi positiboa jarri eta zabaltzen lehenak. Beregan jarri dugu konfiantza osoa eta erabaki asko berak hartu ditu, baina hartu-emana ere izan dugu whatsapp bidez iritziak trukatzeko. Luxua da halako taldekide bat edukitzea», esan digute Ibil Bedi taldeko kideek.

Beltxarga beltzaren kontzeptua ere Osinagaren ekarpena izan dela kontatu digute: «Nassim Taleb izeneko filosofo libanoarrak, sorpresaz harrapatzen gaituen gertakari baten aurrean atzerapausoak emanez gero, gertakaria ulertu dezakegula esaten du. Orokorrean, ekonomia mundura lotzen du bere lana. Bada, gure kasuan, gure baitan eman diren aldaketa eta gertaerek beltxarga beltzaren kontzeptu hori borobiltzen dute». Origamiak ere presentzia izan du eta hori Mikel Tristan diseinatzailearen ideiaa izan zen: «Papiroflexian mozketak eta egin daitezke nahi den figura lortzeko eta Origamian ez. Origamian, tolestu eta figurak sortzen dira baina paperak paper oso izaten jarraitzen du. Hartara, buelta bat eman eta disko honetan pixka bat origamiaren kontzeptua gertatu da gure musikarekin. Ezagutzen ez genituen aldeak edota ezkutuan ziren gauzak azaleratu ditugu, baina gu izaten jarraitzen dugu».

‘Urrobi’ kantuarekin gertatu zaie hein batean origamiaren metafora: «Kantu honekin bada halako harreman berezi bat. Aurreko diskoko kantu bakoitzak, disko honetan badu anai-arrebaren bat. ‘Zaldi zangarra’ izeneko kantuaren familiakoa dela esan dezakegu ‘Urrobi’. Egia esan apur bat deseroso sentiarazten nau abestiak, baina ongi pasatzen dut gero zuzenean jotzen. Karrikiri elkartean egiten genituen elkarrizketa musikatuetan, Anari etorri zen beste askoren artean, eta esan zidan nola berak sei-zazpi abesti zituela izatez. Gero, momentu eta toki desberdinetik gehiago sortu diren arren, oinarri beretik edo antzekotik abiatu direnak. Eta adibideak eman zizkidan bezala, konturatu naiz niri ere halako zerbait geratzen zaidala», kontatu digu Amets Arangurenek.

Kritikak besoak zabalik hartu duen disko horietakoa osatu duten arren, Gasteizko txosnen Banda Lehiaketan finalean izatekoak ziren. Hasiberrientzako eta beren burua ezagutzera emateko taldeentzat sortutako lehiaketa. Finalean, ordea, ezin izan zuten egon taldekideetako batek itxialdia bete behar zuelako. Parte hartzearen ideia nolatan bururatu zaien galdetuta, argi erantzun dute: «Aurreiritzirik gabe, deitzen gaituzten tokietara joaten gara. Kontzertu lehorte baten aurrean ginen eta diskoa kaleratu aurretik eman genuen izena Banda Lehiaketan, kontzertu bat izatearren. Eta, nahiz eta diskoak harrera ona izan duen orain arte, berriz ere halako lehiaketa batean parte hartuko genuke aukera sortuko balitz. Ez dakigu noiz arte jasoko ditugun kontzertuak emateko proposamenak. Orain etortzen dira halakoak, baina uste dugu eserita eta iluntzeko 19:00etan jotzeko formatu egokia dugulako dela, behin guztia zabaltzean ikusi egin beharko da».

Kontzertuen zerrenda luzexka dute oraindik ere, apirilean hasi eta ekainera arte badituztelako hainbat emanaldi, tartean Irunberrin eta Lekunberrin emateko zituzten biak. Baina Katakraken egin zituzten aurkezpen kontzertuek sekulako harrera izan zuten eta haiei buruz ere galdetu diegu: «Zintzoak izanda, lehenengo kontzerturako sarrerak saltzea espero genuen eta bigarrengo baten ideia bageneukan buruan. Baina harrituta geratu ginen zeinen azkar saldu ziren lehenengorako sarrera guztiak. Familiakoak, lagunak, gertukoak… sarrerarik gabe geratu ziren eta ezagutzen ez dugun jendeak erosi zituela jakin eta gure abestiak kantatzen zituztela ikustean flipatu egin genuen. Lehenengo kontzertuan, gainera, parranda giroa zegoen. Esan genien ea nork pentsatuko zuen egoera honen aurretik Ibil Bediren kontzertu batean, parranda giroan, egongo zirenik. Kontzertuan akats tekniko batzuk eta izan ziren, urduri ginelako. Goizean goizetik bertan egon ginen, oso gustura gaude egin genuena eta gero. Betiko gogoratuko dugun eguna izango da».

Bandcamp bidez eskuratu daitezke diskoak, baina Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Karrikiri elkartean eta Gasteizko Vinyloran ere eros daiteke Ibil Bediren ‘Beltxarga beltza’. Gainera, biniloa eskuratzen dutenentzat, jolas moduko bat badu gordeta diskoak lehen eta azken kantuetan. «Beltxarga beltza, a zer erokeri» diote berek eta erokeria errealitate bihurtu dute. Orain, beltxargak bikotean bizi omen direnez, bigarren beltxarga baten zain geratu beharko dugu.

Jaurlaritza Logoa