Live

Iker GURRUTXAGA

Andoni Lertxundi: «Hozkailuan dago 'Giranice' taldeak egin duen azken lana»

'Giranice' talde oriotarreko kidea da Andoni Lertxundi. Maiatzeko 'Beste bat' saioak bukatu dituzten arren, agurtu aurretik MusikHaria saioan izan da bisitari. Taldearen inguruko hainbat kontu argitu dizkigu eta taldearen nolakotasunaz ere aritu gara berarekin hizketan.

Audio_placeholder

Andoni Lertxundi: «Hozkailuan dago 'Giranice' taldeak egin duen azken lana»

Loading player...
'Giranice' taldekoak Bonberenean emandako kontzertuaren aurretik.
'Giranice' taldekoak Bonberenean emandako kontzertuaren aurretik.

Andoni Lertxundi sorreratik taldekide izan da 'Giranice' taldean eta, esan digunez, «urte asko joan dira konturatu gabe ordutik hona». Iñaki Gurrutxaga eta Imanol Arruti ere ia hasieratik izan dira taldean, eta, gerora, aldaketak izan dituzte eta Mikel Herasek eta Alexander Zubizarretak osatzen dute boskotea egun.

Aurretik 'Saudade' taldean elkartu ziren taldekide batzuk, soinua aldatu eta beste zerbait egin nahi zutela jabetu eta hortik pasa ziren 'Giranice' taldea izatera. Desberdina zen proposamena zelako. Lertxundik kontatu duenez, «aurretik bateriak eta elektronikoagoak ziren eta gitarren distortsio eta efektuak arraroagoak. Gainera, 'Saudade'-n kantatu egiten zen eta gaur egun ez dugu halakorik egiten. Dena dela, bata  bestearen eboluzioa izan daitekeela esan daiteke» nabarmendu du oriotarrak.

Taldearen izenaz galdetuta, argitu digu nondik sortzen den 'Giranice' delakoa. Izan ere askok oker esaten du taldearen izena, eta Lertxundik dionez «akaso hor kale egin» zuten. 'Gira'k gara esan nahi du eta 'Nice'k naiz. «Hartara, biekin hitz jokoa egin nahi izan genuen. Gu garelako naiz ni edo halako zeozer. Taldetik indibiduora», azaldu du musikariak.

Garai haietan, «gure inguruan entzuten zen eta egiten zen musikatik urrun ginen» aipatu du Lertxundik. «Entzuten genuen horrek eta instrumentazioak eraginda, esaterako, nik bibolina jotzen dudalako, sortu zen gure musika. Adin horietan suposatzen denetik urrunago ginen, baina ez zen nahita bilatua izan. Hori zen ateratzen zitzaiguna» gaineratu du Lertxundik.

Taldekide guztiek musika ikastekak dituzte eta kantak egiteko moduan hori ulertu daiteke. Hala, kantak egiteko denbora asko hartzen dute. Lertxundiren aburuz, «musika instrumentala izaki, ahotsik gabe bete behar da guztia. Kantuak egiterakoan lehen bertsiok bukaerakoekin ez dute zerikusirik. Aurrera bi pauso, atzera bat, beste bide bat hartu... horrela ibiltzen gara».

Kontzertu gutxi ematen dituzten arren, Bilbo Hiria sariketan finalera iritsi ziren eta atzera begirada jarrita, pozik dago Lertxundi halako plazan jotzeko aukera izatearren. «Beti gogoratuko dugu kontzertu hura. Garai hori izan zen gainera kontzertu aldetik garai emankorrena» adierazi du Lertxundik. Egun oso kontzertu gutxi ematen dituzte, baina duten publikoa, «fidela» dela kotatu digu: «Egia esanda, harrotu egiten gaitu publiko horrek beren denbora hartzen dutelako gu ikustera joateko» azpimarratu du oriotarrak.

'Ur' izeneko lana ez dute sekulan ere argitaratu, grabatu zutenaren inguruan zalantzak izan zituztelako. Orain, berriz ere grabatu eta hozkailuan dute. Baina beste bi abesti berri ere grabatu dituzte unea aprobetxatuz eta bideoz ere jasoa izan da Garate estudioan egin dutena. «Ilusioa geneukan halako zerbait egiteko eta arantzatxoa ere kendu dugu. Orain ikusi egin beharko da noiz kaleratuko dugun. Garaia ere ez da onena eta guri laguntzen dabilen jendeari ere ez diogu estutuko» aipatu du Lertxundik.

Beste bat saioak gustora egin dituzte eta proposamena jaso orduko, baiezkoa eman zuten taldekideek. «Iñakik medioekin esperientzia gehien eduki duenez, bera hasi zen lehen saioarekin. Horregatik eta hitz errezekoa delako beste taldekion aldean. Hartara, gainerakooi lasaitasun puntua eman zigun hasiera hark eta modu naturalean egin dugu beste guztia» bukatu du Lertxundik.

Sarean daude 'Giranice' taldearen 'Beste bat' saio guztiak. Orain, hozkailuan duten lanaren zain geratuko gara. Ea laster heltzen den guztion sukaldeetara.

 

Jaurlaritza Logoa