Live

Ion GARATE

«Hotela itxita, soldaten %80 kobratuko dugu uztailerarte»

Eskozian bizi da Jokin Mena oriotarra eta gurera gonbidatu dugu koronabirusaren krisiaren ondorioz haien egoera zein den jakiteko. Hotel bateko zuzendari orde da Mena, koronabirusaren ondorioz hotela itxi dute eta konfinamenduan daude.

Audio_placeholder

«Hotela itxita, soldaten %80 kobratuko dugu uztailerarte»

Loading player...
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa

Konfinamenduan daude Eskozian ere, baina, ariketa fisikoa egitera atera daiteke Jokin Mena oriotarra, hala kontatu digu Naiz Irratian. Hotel baten zuzendariorde da bertan eta berak azaldu digu zein egoeratan aurkitzen diren. 

Menak dio olatuaren gailurrera ailegatu direla diotela adituek, baina, zenbakiak egunetik egunera «oso irregularrak» direla ohartarazi du ere. Osasun arloan, «babes ekipamenduen falta» nabaria dela dio oriotarrak. «Osasun sailburuak dimititu egin zuen. Bere bigarren egoitzan harrapatu zuten bi aldiz, honela konfinamendu neurriak hautsiz. Gainera bera zen egunero etxean geratzeko esanez ateratzen zena» kontatu du.

Aurrera begira, Menak kontatu digu gobernutik hau «luzerako doala» abisatu dutela. «Normaltasunera itzultzeko denbora asko hartuko duela badakigu. Nire kasuan gainera, hotelak, jatetxeak... azkenekotarikoak izango dira irekitzen» nabarmendu du. Bestalde, aipatu du baita ere laguntza batzuk badaudela. «Gure kasuan, soldaten %80 kobratzen ari gara behintzat. Oraingoz uztaila arte ordainduko digute. Esperantza badut ea abuztuan ireki dezakegun» esan du.

Martxo erdialdean Boris Johnsonek tabernetara edo jatetxeetara «ez joatea» gomendatu zuela. «Hori jakitean erabaki genuen hurrengo egunean hotela ixtea. Hortik bi edo hiru egunera konfinamendua jarri zuten» dio oriotarrak. Azaldu digu «egunean behin» atera daitezkeela ariketa fisikoa egitera. «Hala ere, 70 urtetik gorakoei ez zaie gomendatzen ateratzea. Kasu hauetan 12 aste isolatuta egotea gomendatzen zaie» adierazi du. Gehitu du ikastetxeak eta unibertsitateak «etxetik» ari direla lanean.

Oriotarrak nabarmendu nahi izan du, zehazki bera kokatzen den tokian, konfinamendurik ez balego ospitaleak ez lituzketela behar adina baliabide izango. «Ospitale handi batera joateko distantzia handia dago» azaldu du. «Hasiera batean, kontrol falta zegoen Ingalaterratik jende asko etorri zelako hemen konfinamendua pasatzeko asmotan» esan du Menak. Ohartarazi du, ez dituztela hiri handi batean bezain beste baliabide.

 

Jaurlaritza Logoa