Zuzenean

«Ibilian-ibilian, buelta!» leloarekin deitu dute 2026ko Kilometroak, igande honetan izango da hitzordua Lazkaon. 1977an ere bertan izan zen ikastolen aldeko lehen jaia, mende erdiko bidea borobiltzeko hitzordua da, beraz, igande honetakoa. NAIZ Irratiak saio berezia egin du Lazkaoko ikastolatik bertatik egun handirako ordu gutxiren faltan.

77ko Kilometroak haietan lanean aritu zen Luis Mari Aldanondo, «berehaldiko arrakasta» izan zuen lehen hark, bere hitzetan. Garaiko izen ilustreek ere parte hartu zuten, Aldanondok gogoratu duenez, «han izan ziren Joxe Miel Barandiaran, 88 urterekin, eta Mikel Laboa ere bai». Asko aldatu da Lazkaoko ikastolaren errealitatea mende erdi honetan, «hasieran 10-11 ikaslerekin hasi zen ikastola 64an, Goierriko lehena izan zen, 1.000tik gora dira gaur egun», «1.200» zehaztu du Ion Martinez egungo ikastolako zuzendariak, «ardura eta ilusio handiarekin» hartu omen dute enkargua egungo arduradunek.
Lehen urtetan antolakuntzan aritu zen Aldanondo ikastolako zuzendari ere izan zen gerora, urte hauetan guztietan emandako urratsak gogoratu ditu, 84an egindako eraikin berria, ondoren batxilergoa ezartzeko prozesua... «ikastolak eragin izugarria izan du herrian eta aldaketa izugarria izan du ikastolak berak». Martinezek heldu dio gaiari, «gauzak asko aldatu dira, baina helburua antzekoa da, euskaraz eta euskaldunentzako hezkuntza eredu propio bati bide ematea, Euskal Herriko zazpi lurraldeak batzen dituen sare honi ere indarra emateko jaiak dira hauek». Egungo Lazkaoko ikastolako zuzendariak mugarri gisa dakusa aurtengoa, «orain 50 edizio egiten ditugun honetan, beste ziklo bat irekitzen da».

Jende askoren lanak egiten du posible Kilometroak bezalako jai bat, «1.000 boluntario inguru» ari omen dira lanean, hala adierazi dute NAIZ Irratian irratsaioa egin bitartean kanpoko tabernak muntatzen ari ziren Xabier Telleriak eta Joseba Peraltok. «Iganderako berezitasunik?», galdetu diegu, «sorpresa da, igandean etorri behar duzue zer den ikusi nahi baduzue».
Spoilerrik ez, baina zer edo zer aurreratu digute. Tonbola izango dela, adibidez, Itziar Esnaola eta Alexia Kerejeta ari dira, beste hainbatekin batera, dena prestatzen, «gogoz gaude iganderako». Auzolanean egindakoa izango da tonbola ere, sari «denak muxutruk eman dizkigute, txalotzekoa da». Herriko eragile eta dendariek emandakoak izango dira: bidaiak, jatetxetarako menuak, kirolarien kamisetak, mota guztietako zerbitzuetarako bonoak...
Iganderako ilusioz Katixa, Haizea eta Manex ikasleak ere. Erronka ekimenaren bidez parte hartze espezifikoa izango dute eta urte osoa daramate igandeko hitzordua prestatzen, «lana izan dugu baina gustura gaude, denok ilusio handiarekin gaude». Hitzordu berezia da eurentzat ere, «ohore bat da 50. urteurrena herrian bertan bizitzeko aukera izatea».
Bat amaitzerako hasi ohi da hurrengo edizioaren prestakuntza, Lazkaoren kasuan Xeber Maiza aritu da lan horiek denak koordinatzen azken urte pasatxoan, «inplikazioa sekulakoa izan da, herriko eragileek hartu duten papera, urte osoan protagonista izan dira». Eta orain? «Orain arte paperean eta ordenagailuan prestatutako hori guztia egi bihurtzeko eguna iritsi da».

«Ibilian-ibilian, eta buelta!»
Maizak azaldu du NAIZ Irratiko saio berezian «Ibilian-iblian, eta buelta!» 2026ko Kilometroetako leloaren esanahia; garaiko festaren formatuari keinua da, batetik, orduan zirkuitu baten inguruan antolatzen zelako, eta berriro sorlekura bueltatu denari aipua ere bai.
Logika berari segiz antolatu dute «50 jai, 50 tontor» ekimena ere, kasu honetan Gipuzkoako ikastola denak barne hartzen dituena eta mendira komunitatean joateko aukera eskaintzen duena. Kilometroen koordinazio lanetan aritzen den Mikel Egibarrek mendiak ikastolen festa honekin izan duen lotura berezia azaldu du irratiko mikrofonoetan, «lehen Kilometroak urriko lehen igandean antolatu ziren, garaian egun horretan Urbian ikurrinaren aldeko ekitaldia egiten zelako»; frankismo garaiko aldarri horren lekukoa hartzeko ere balio izan zuen, beraz, ikastolen aldeko jaiak.
... eta kantua
77ko lehen edizio hartan Lazkao Txikik botatako bertso bat du abiapuntuan 2026ko kantak, ikastolaren aldeko bideari hauspoa ematea eskatzen duena. NAIZ Irratiko setean izan da kantuaren ekoizpen prozesuan parte hartu duen Alaitz Telletxea, Lazkaoko ikastolako irakasle ere badena, eta lehen edizio harekin lotura egin nahi izan dutela azaldu du. Ikastoletan aritu da lanean urtetan Telletxea eta «emozio eta ohore izugarri bat da» bere hitzetan kantaren ekoizpen prozesuan parte hartu izana. Amaia Agirrek eta Xabier Zabalak egin dute kanta, hitzei ahotsa Nogen taldeko Ane Negueruela lazkaotarrak, Xabi Solanok, ETSko Iñigo Etxezarretak eta Alaitz eta Maiderrek eman diete. Igandean Gozategirekin batera izango dira Alaitz eta Maider ere.
Kantuak hala dio, «kilometro bat arnasgune da, kontrakorronteen milian/ komunitate bizi bat gara ibilian-ibilian». Igandean da hitzordua, egindakoa nabarmendu eta ortzimuga berriak jartzeko baliko du 2026ko Lazkaoko Kilometroak bereziak.



