Zuzenean

Lander Martinez

Negu Gorriak-ek elkartasuna biderkatzea eskatu du erasoen aurrean

Negu Gorriak kolektiboko ordezkariek agerraldia egin dute astelehen honetan Iruñean, Ceutara joandako kideak babestu eta migratzaileei laguntzeagatik jasotako mehatxuak salatzeko. Ekintzaileen aurkako jazarpenak jarraipena izan duen arren, elkartasuna ez geldiarazteko eskatu dute kolektibotik.

Negu Gorriak-ek elkartasuna biderkatzea eskatu du erasoen aurrean

Loading player...
Negu Gorriak-en agerraldia Iruñean Ceutan gertatutakoari buruz
Negu Gorriak-en agerraldia Iruñean Ceutan gertatutakoari buruz (Idoia Zabaleta | FOKU)

Samira Calvo, Negu Gorriak kolektiboko ordezkariak, atzo Iruñeako agerraldian egin zuten moduan, mezu argia helarazi du NAIZ Irratian: mehatxuen aurrean ez dagoela atzera pausorik.

«Uste dugu igandean eta aurreko egunetan jasotako eraso pertsonal eta kolektibo guztiak Ceuta bertako talde faxistetan zabaldu ziren izen, matrikula eta bestelako informazio pertsonal guztiak eraginda, guda zelai bat ireki zuela edozein elkartasun keinu adieraztera zihoan pertsona oro zigortzeko eta jazartzeko zilegitasuna eraikitzeko».

Gertatutakoaren aurrean, atzera pausorik emango ez dutela ziurtatu du Calvok, aktibazioa are handiago izan behar dela iritzita. Iruñean egiten duten bezala, indarkeria jasaten ari diren pertsona migranteei «elkar laguntzan eta elkartasunean oinarritutako harrera eta artatzea» egin behar dietela azpimarratu du, hori da Nafarroako plataforma Ceutara eraman duen helburua Negu Gorriak-eko ordezkariak azaldu duenez.

Espainiar estatuak Afrikan mantentzen duen enklabean sortutako giroak, laguntza humanitarioa daramaten kolektiboak ezkutuan lan egitera behartzen ditu, Negu Gorriak-en adibidea kasu. Uneotan, Ceutara iritsitako kide eta brigadistek hiri autonomoa utzi dutela azaldu du Calvok, «agerikoak diren segurtasun arrazoiengatik». Ekintzaileak estatuko beste leku batzuetatik laguntza humanitarioa bidaltzeko lanetan ari direla ziurtatu du, besteak beste, material elektronikoa edota gaua igarotzeko baliabideak.

Ultraeskuinak krisi humanitarioaren gainean dagoen diskurtsoa bereganatu duen arren, hirian oraindik elkartasunaren alde borroka egiten duten pertsonak badirela berretsi du plataformako ordezkariak. «Estatu mailako zein Europa mailako hainbat kolektibok eta GKE-k elkar lanean dihardugu Ceutan bertan, baina beste leku batzuetan ere, migrazio-krisi honi konponbidea emateko. Badago laguntza-sare bat».

Calvok Iruñean egiten ari diren lana goraipatu du, honek, bere ustez, harreman zuzena baitu Ceutako egoerarekin. «Gure brigada martxan jartzearen arrazoia Iruñean egiten ari garen lanaren arrazoi bera zen. Bertan indarkeria handiena jasaten ari diren pertsonekin lan egin; oinarrizkoak diren eskubideen defentsan, janaria, lotarako lekua eta tramite legal guztiekin lagundu, eta gu horren defentsan ibili gara».

Buloak eta erasoak

Igandean bizitako indarkeriaren atzean elementu konkretu bat zehaztu du Negu Gorriak-eko kideak: «egoera zaurgarrian iristen diren pertsonei elkartasuna erakustea eraso bat da sektore faxistentzat». Lekuz kanpo jo du jarrera hori, eta asteburuan ikusitako jazarpen egoeraren aurretik, kolektiboa kriminalizatzeko «argudio errazak» eman zirela salatu du, indarkeria eta mehatxuak justifikatzeko xedearekin.

Bestalde, segurtasun-indarren jokabidea gaitzetsi du. «Estatuko indar-polizialek hori babestu, hala behintzat, ez zuten hori errotik ekidin. Horrek agerian uzten du edozein elkartasun keinu eta gaur egun eraldaketarako potentziala duten lurralde guztietan, laguntza bidaltzea bertako normaltasuna zalantzan jartzea dela, eta hori erasotzat hartzen da».

Erasoen aurrean elkartasuna

Zer gertatuko den ez dakiela onartu badu ere, egoera guztiz konplexua baita, lagundu nahi duten elkarteei eta ekintzaileei mezu argi bat bidali die: «Pertsona orori eta kolektiboei eraso hauen aurrean ez kikiltzeko eskatu behar diegu, eta saretze hori biderkatzeko, izan modu batean edo bestean. Desobedientziaren klabetan martxan jartzen den ekintza oro, gure ustez, desiragarria izango da Ceutan bizi diren ehundaka eta milaka magrebtarrei elkartasuna emateko».

Jaurlaritza Logoa