Zuzenean

Azken aste honetan jarri du abian NAIZ Irratiak 2026-27 denboraldiko programazio berezia eta honen berri emateko emanaldi propioa antolatu du astelehen honetarako. Goizeko zazpi terdietan abiatuko da saio berezia eta 10.00ak bitarte aktualitatearen inguruko saioen berritasunak aurketuko ditu. Ondoren, Bigarren Kafearen garaian saio tematikoak ezagutzeko aukera izango da eguerdia bitarte. Bigarren kolpe baten, 15.00tatik aurrera, musikaren arloko saioak ezagutzeko tartea izango da, MusikHaria berezi batekin. Programazio berezi hau FMz eta streaminez jarraitu ahalko da, eta bideoz ere bai, NAIZen Youtube kanalean eta albiste honetan bertan.
Abuztuaren 31n ekin zion NAIZ Irratiak ikasturte berriko programazioari, ardatz nagusiak mantenduta baina berritasun dezenterekin. Ordu-tarteen banaketa azken urteetakoa izango da; hartara goizetako erreferentzia informatiboa izaten jarraituko du Informazioaren Hariaren 1. edizioak. 6.00tatik 8.00tara estilo frexkoagoa bilatuko du denboraldi berrian Iraia Cambrak gidatuko duen tarteak, azken urteetako bideari segiz erredakzioko solasaldiarekin egingo du Haria 1k albistegietarako trantsizioa. 8.00tatik aurrerako blokearen gidari lanetan segiko du beste denboraldi batez Peli Lekuonak. Analisi mahaiak indartuta dator goizeko aktualitateko magazina.
Hariaren 2. edizioan ordutegi eta eskema moldaketa dator. 12.00tatik 14.00tara izango da aurten, lehen orduan tokiko informazioa ardatz. Gainera, aste gutxitan Donostialdean deskonexioak abiatuko ditu NAIZ Irratiak, egunero eremu honetako herritarrei begirako programazio propio batekin (FMz). Hariaren 3. edizioak bere ohiko ordutegiari eutsiko dio (20.00-21.15).
Goizeko eta arratsaldeko magazinei dagokionez, Bigarren Kafeako aurkezle talde koralaren esku izango da beste urte batez 10.00tatik 12.00tarako tartea eta 16.00tatik 18.00tara Arrosa irrati sarearen altzoan ekoitzitako Zebrabidea magazinak beteko du.
Kiroletan, eguneroko jarraipenerako saioa aurreratuta dator denboraldi berrian, 14.00tan izango baita KirolHaria. Beste ikasturte batez euskal kirolarien hitzordu nagusien zuzeneko emankizunek protagonismo berezia izango dute NAIZ Irratiaren frekuentzian (denboraldiko lehen bi astetan Kontxako bandera eta Realaren Txapeldunen Ligako partidak eskaini ditu, dagoeneko).
Kristiane Etxaluzen biografia, Pentsatzeko Txokoa, Bertsolari Txapelketa eta literatur saio berria
18.00tatik 20.00tarako tartean lehengo asko eta berri dezente daude. Parrillan mantentzen direnen artean Oroimenaren Geltokia (astelehena 18.00), Bi Ta Piku (asteartea 18.00), Punpairez (osteguna 18.00) eta Alde Erantziz (asteazkena 19.00) nabarmendu daitezke, besteren artean.
Berritasunen artean, berriz, aste gutxitan ezagutuko dugun lan berezi bat, Kristiane Etxaluz militante historikoaren podcast biografikoa, NAIZ Irratiak eta GAUR8k elkarlanean osatu dutena (irailaren 19ko GAUR8n xehetasun guztiak). Gainera, ostiral honetan bertan estreinatu da Pentsatzeko Txokoa saioa, hau ere GAUR8 eta NAIZ Irratiaren elkarlanaren baitan eta Agora Filosofia Elkartearen eskutik. Hileko lehen ostiralero gai baten inguruan hausnartzeko tartea ireki asmo du espazio berri honek, lehen atalean pornografia izan dute hizpide (segidan dagoen bideoan aurrerapena).
Hilabete honetan bertan hasita eta urte amaiera arte bertsoek protagonismo berezia izango dute herri honetan eta, ondorioz, baita NAIZ Irratian ere. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren jarraipen xehea egingo du irratiak, pasa den asteazkenean estreinatu zuen saioaren bidez lehenbizi (asteazkenero 18.00tan) eta txapelketako saioak zuzenean eskainiz gero (finalaurrekoetatik aurrera). Garazi Castaño izango da gidari jarraipen hauetan. Gainera, Castaño beraren eskutik, kulturak leiho propioa izango du astean zehar 21.15tan KulturHarian.
Aste gutxitan berritasun gehiago ere izango dira, tartean urritik aurrera Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez Mikel Antzak gidatuko duen Liburuen mintzoa saio berria. Antxeta Irratia, Bilbo Hiria irratia eta NAIZ Irratiaren arteko elkarlanari esker iritsiko da astero saio berri hau entzuleen belarrietara. Idazleekin lasaitasunez hitz egiteko eremua izango da.
MusikHaria 15.00tan eta 22.00tan
Ikasturte berriko aldaketa nagusietako bat eguerditako musikaren etxearena da, iaz bezala bi tarte propio izango ditu Iker Gurrutxagak gidaturiko MusikHaria saioak. Gauetan 22.00tako tartean mantenduko da baina lehen kolpea pasa den denboraldian baino beranduxeago izango da, 15.00tatik aurrera.
Astelehen honetako MusikHaria baliatuko du NAIZ Irratiak musikaren arloan duen eskaintza aurkezteko. Kasu honetan jarraikortasuna nabarmendu behar da, euren ohiko ordutegietan jarraituko baitute Lide Hernandoren Ad Libitum saioak (asteartea, 18.00tan), Ritxi Aizpururen Otea Lilik (osteguna, 18.00tan), Izkander Fernandezen Orain Entzuten saioak (larunbata, 17.00tan), Telmo Trenorren Sateliteak (larunbata 23.00tan), Daddy Jeffen Revolutionary Groovesek (asteartea 0.00), Eneko Alkortaren Reggae Feverrek (ostirala 0.00) eta musikariek eurek osasu ohi duten Beste Bat saioek.
Euskal bideojoko zaleek ere ez dute galduko euren erreferentziazko saioa, Game Erauntsiak ohiko ordutegiari eutsiko dio (igandetan 21.00tan eta asteartetik asteazkenerako gauerdian).



