Zuzenean
Irailaren 19an Hazparnen hasiko da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. 2022an egin bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan ospatuko da finala, abenduaren 20an. Aurtengo txapelketak saio bat gehiago izango ditu, 15 guztira, Araba, Nafarroa eta Xilabako txapelketatik bina sailkatu gehiago izango baitira oraingoan. Hala, lehen fasean zazpi saio egingo dira euskal zazpi lurraldeetan.
NAIZ Irratiak jarraipen zabala egingo dio txapelketari. Alde batetik, asteazkenero arratsaldeko 18:00etan irratsaio berezia egingo dugu. Lehen saio honetan, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko Ainhoa Urien eta elkarteko koordinatzaile Oier Iurramendi izan ditugu gonbidatu. Txapelketaren barne-lanak eta hausnarketak ezagutzeko parada izan dugu haiekin. Irailaren 23tik aurrera, asteburuko bertso saioen bilduma osatuko dugu bertsolariek utzitako une gogoangarrienekin.
Txapelketa zuzenean
Urriaren 24an Larraun-Lekunberrin emango zaie finalaurrekoei txupina. Bi itzulitara izango dira; lehenengo itzulian lau saio ospatuko dira eta bigarrenean, hiru. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko ditu saio guztiak, abenduaren 20an Nafarroa Arena jendez lepo beteko duen finala barne.



