Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia

Euskal pilotak Iruñean duen historiari so: makina bat pilotaleku, hamaika istorio

Labrit frontoia biziberritu dute, eta sanferminetan jendez lepo egongo da. Nafarroa Arenako frontoiak hartu du bere lekua, eta Binakako Txapelketaren finala bertan jokatu da. Dena den, Iruñeko historioa pilotaleku ugariren lekuko izan da. Javier Mangadok horiek gogora ekarri ditu NAIZ irratian.

Euskal pilotak Iruñean duen historiari so: makina bat pilotaleku, hamaika istorio

Loading player...
Labriteko obrak, eta Jito Alai horien lekuko
Labriteko obrak, eta Jito Alai horien lekuko (Iruñeko Udal Artxiboa)

Euskal Herriko herri orotan badago frontoiren bat; eta, Iruñean konkretuki, pilotalekuren bat aurki daiteke non-nahi. Historia luzea du euskal pilotak Iruñean, gaur ezagutzen dugun Labrit katedralaz harago. Asteon, Javier Mangadok bisita gidatua eskaini du Iruñeko pilotalekuetatik, eta NAIZ irratiko mikrofonoetan ibilaldia egin dugu Iruñeko karriketatik.

Sarasateko pasalekutik abiatuta, XIX. eta XX. mendeetan pilotak izan zuen bilakaera azaldu du Mangadok, hirian egon ziren pilotaleku ezberdinen berri ematen. Esaterako, Yanguas y Miranda kaleak eta Lizarra kaleak bat egiten duten izkina horretan hiriko lehen frontoia eraiki zen.

Pilotaleku horrek polemika ekarri zuen, ordea: militarren zalditeria gertu egonik, legeak kilometro eta erdira eraikitzea debekatzen zuen. Horiek horrela, frontisa besterik ez zen eraiki, erreboterik gabe. Mangadok azaldu duenez, garai horretan «el juego de la pelota» zen jokoaren izena, eta frontisak zein erreboteak osatzen zuten jokalekua: ezker paretarik ez.

«Segidan hankamotz» geratu zela azaldu du Mangadok. Era berean, hiriko lehengo zabalgunearen hazkundeak frontoia desagerrarazi zuen. Aurrerantzean, eskuzko modalitateak arrakasta irabazi zuen, eta egun ezagutzen ditugun lehen frontoiak eraiki ziren. 

Lehen frontoi industriala

Horietako bat, Tutera kalean zegoena da, Perkain Nafarroa Behereko pilotari ospearen izena zeramana. Mangadoz ironiaz esan bezala, egun «biltegi handi eta famatu» baten parean kokaturik zegoen frontoia, Iruñeko «lehen frontoi modernoa». «Estalia, harmailekin eta leihatilarekin ere», zehaztu du Mangadok.

Oraindik ere frontisa ikus daiteke, desagerturik dauden pilotaleku guztien «aztarna bakarrenetarikoa». Ez zuen asko iraun, aldiz. 1935ean inauguratu, eta 1941ean itxi egin zuten. Edo, itxi baino, moldatu. Izan ere, zinema areto batek hartu zuen bere lekua. Garai horietan, zinemak garrantzia hartu zuen jendartean eta pilotak, edo «el juevo nuevo»k, arrakasta galdu. Perkain pilotalekua «Cine Alcazar» bilakatu zen.

Euskal Jai pilotalekuko pilotariak
Euskal Jai pilotalekuko pilotariak

Mekako trinketea

Urtarrila geroztik giro nahasia dago pilotari dagokion gai orotan. Bainetek ASPEren kontrola bereganatu zuenetik, monopolioaren mamua agertu da. Egia da, bestalde, sentsazio hori apaldu dela pilotariek partidak jokatu ahala, baina negozioa egiteko aukera probestu dute batzuek zein besteek.

Dena den, aspaldidanik dirua egin da pilotarekin; ez du inork negozioa asmatu, nahiz eta gaur egun diru asko mugitzen den. Hain zuzen ere, Iruñeko miserikordia etxeak, edo Mekak, trinketea eraiki zuen diru iturri gisa.

Lizarra kalean bertan, Garcia Castañonekin gurutzatzen den puntu horretan zegoen hizpide dugun trinketea. Hemen jokatzeko, Mangadoren esanetan, «arau zorrotzak» bete behar ziren, ezin baitzuen edonork jokatu. «Jai egunetan jokatzea debekaturik zegoen, esaterako», adierazi du Mangadok. Horiek gutxi ez, Euskal Jai frontoian, Labriten edo Iruñeko beste txoko ezezagunetan ere pilotan jokatzen zela azaldu du Mangadok, hala nola, Kale Berrian, Sarasate pasalekuan bertan edo Mañuetan. 

 

Jaurlaritza Logoa