«Ulertzen dut ez naizela poeta, askoz ere hobeto jotzen dut gitarra»
Su txikian egosten diren proiektuak badute tokirik oraindik eszenan eta horien artean kokatu behar dugu Physis Versus Nomos talde donostiarra. 2019an kaleratu zuten aurreko lana eta, orain, ‘Burdin gozoa eta arrabioa’ diskoarekin datoz, bidean sortutako hainbat kanturekin.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Kaixo bikote, zer moduz zaudete?
Beñat Antxustegi: Oso ondo, hemen gaude.
Eneko Sierra: Bikain.
Halako soinu sofistikatu batekin hasten da ‘Burdin gozoa eta arrabioa’. Gordin dago, baina lehen unetik mimo handiz landuta dagoela nabari da.
B.A.: Denborarekin gitarra hobeto jotzen dugu eta gauzak hobeto egiten saiatzen gara.
E.S.: Saxoa ez. Dena dela utzi didate tarteka nahi dudana egiteko espazioa.
B.A.: Haren sofistikazioa izan da geroz eta gehiago kentzea.
Baxuak berak atentzioa ematen du. Baxua da edo kontrabaxua?
B.A.: Baxua da. Unaik (Pelayok) jotzen du eta gitarra-jotzaile moduan jotzen duenez, agian efektu hori lortuko zen. Goxo-goxo jota dago eta sofistikatuaren hori lapurtuko dizut, orain arte ez nuelako pentsatua. Oso intimoa izan da, kantu honetan batez ere.
Kantu oso luzea diskoa zabaltzen duen ‘Ea goiz den’. Badu goxotik, berotik, gertukotik. Minorretatik maiorretara pasatzen da, alaitasun puntu bat badu… Eta guztia halako bossanova kutsu batekin.
B.A.: Posible da, estilo nahasketa baduelako diskoak. Kantu hau gure obra handia da. COVID sasoitik atera ostean egindako kantu bakarra da, ia bost urtetan egin dugun abesti bakarra da. Hasieran zortzi minutu zituen, 2022ko EHZn zuzenean eskaini genuen… Orain, horrela ondo dago.
E.S.: Eta eboluzio handia izan duen kantua izan da. Oso-oso desberdin egon da eta buelta asko eman dizkiogu.
Diskoa orain kaleratu den arren, bidea izan duen lana da. Zuen egiteko modua horrela delako akaso, hau da, diskoa ateratzen da bidetik gauzak gertatu direlako.
B.A.: Aurrekoan Makokirekin hizketan, Marruma Kulturaletan egin zidan elkarrizketan atera ziren halako gauzatxoak. Horietako bat izan zen hori, ez dudala aktiboki konposatzen, baina behin disko bat osatzeko aukera ikusten dugunean taldekideak elkartu eta aurrera egiten dugu normalean.
E.S.: Badago baina sekulan ere ez dago. Beti dago zer hobetu badenaren sentsazioa eta abar. Estudioko data jartzen den unean bukatzen da, baina ordura arte denbora guztian ari da aldatzen.
Berriz ere Iñigo Irazokirekin izan zarete Atala estudioan.
B.A.: Bai, taldean osatu ditugun abestiak han grabatu ditugu eta bakarka egindakoak, berriz, etxean.
Taldekoak elkarrekin grabatuta daudela pentsatzen dut.
B.A.: Hori da.
E.S.: Ez, nirekin ez. Bada diferentzia bat, ze aurreko diskoan bai grabatu genituela denak elkarrekin eta oraingoan ez, bakarrik grabatu ditut.
B.A.: Aurrekoan egin genuen gitarra, baxua, bateria, saxofoia eta ahotsa ere momentuan, nahiz eta gero ia denak berriz grabatu behar izan alergiarekin nintzelako. Orain egin duguna izan da gitarra, baxua eta bateria aldi berean eta ahotsak eta saxofoia aparte. Gero beste gitarraren bat gehitu dut eta kolaborazioak ere izan dira.
Horien artean Amets Arangurenena dago. Harremana nola sortzen da?
B.A.: Gure ibilbidean egin dugun birarik intentsoena Ibil Bedi taldekoekin egin genuen eta ordutik harremana daukagu eta elkar pila bat miresten dugu. Ilusioa egiten zigun Ametsek kolaboratzeak eta eskatu eta baiezkoa eman zigun.
Birarik intentsoena?
B.A.: Lau kontzertu eman genituen hiru egunetan eta azken egunerako ia… Ostiralean Kanbon izan ginen, larunbatean Añorgan, igandea goizean Zarautzen Putzuzulo eraitsi aurretik eta, arratsalde horretan, Ondarroan bukatu genuen, ni ia ahotsik gabe nintzela.
‘Lotsak utzi beratzen’ kantuan aipatzen duzuna zer da, «Maite zaitut» esateko bide bat?
B.A.: Nik ez nuen horrela pentsatzen egiari zor. Eduki ditzakegu jarrera okerrak, edota gaizki egin dugun zerbait, edo lotsa ematen digun zerbait… Denborarekin beratzen doa, biguntzen, eta erlatibizatzen da. Idazle txarra izateak hau dauka, interpretazio asko izan ditzakeela zerbaitek eta niretzako ez da ona hori.
Ez duzu gogoko hori? Askok justu interpretazio asko izatea bilatzen duela diolako.
B.A.: Ni saiatzen naiz ahalik eta hoberen egiten. Niri gustatzen zait hori, baina gabeziatik. Niretzako bukaera irekia duen pelikula bat ez da ona. Niretzako pelikula on batek istorio bikain bat kontatzen du eta kantu batekin gauza bera pentsatzen dut.
E.S.: Agian nire iritziak hemen ez du inporta, ez delako nire diskoa, baina gogoko dut jendeak bere ulertzeko modua duenean eta bere bizipenekin konektatzen duenean. Ze ona den hori, nahiz eta hori esan nahi ez izan.
B.A.: Bai, jakina, baina nola nire asmoa ez zenez hori, txarra naizela onartu besterik ez dut.
E.S.: Baina txarra naizela hasieratik baldin badakit, hori onartu eta pozik entzuten ditut halakoak.
B.A.: Bai, eta nire ere gertatzen zait kantu bat hartu eta bigarren irakurrialdi batean neronek ematen diedala beste interpretazio bat hitz horiei. Gustatzen zait hori, baina ulertzen dut ez naizela poeta bat. Askoz hobeto jotzen dut gitarra, hori ziur.
‘Madarikatu zure adarrak’ David Bazanen abesti baten moldaketa da. Noiztik duzue zuen unibertsoan Bazan?
B.A.: Bada ez dakit, aspaldi eta oso potente. Ni ez naiz oso Pedro The Lion zalea, baina Bazanen bakarkako diskoak asko gustatzen zaizkit. Orain Pedro The Lion bezala itzuli da eta ondo dago, baina nik bestea nahiago.
Soinu aldetik ere badu tankerarik.
B.A.: Bai, gogoratzen dut, gainera, aurreko elkarrizketa egin zenigunean, justu kantu hau atera berritan zela. Orain berriz ere hartu eta guk egiten dugun moduan erakutsi nahi izan dugu. Eta, orain, Sierrak azalduko dizu letrari buruzko bere iritzia zein den.
Nik aurretik galdera bat egin nahi dut, ordea, letrari buruz. Gaizki gorrotatzen dugu?
B.A.: Egia esanda nahikoa arraro gorrotatzen du abesti honek.
E.S.: Hasteko eta behin ez du esaten Bazanek adierazi nahi duen hori.
B.A.: Bi Zaldin, esaterako, kantuak moldatzerakoan ez dira itzulpenak izaten, baizik eta interpretazioak dira. Kantu honetan saiatu nintzen ahalik eta zintzoena izaten.
E.S.: Baina, zure ingeles mailarekiko. Ez zenuen itzultzailerik erabili. Gauza da Bazanena entzun edo gurea entzun, silabetan alde handia dagoela. Hortaz, esan nion Beñati berrikusi egin beharko genukeela eta letra ondo egin. Letra irakurtzen hasi nintzen eta oso arraroak egiten zitzaizkidan gauza asko. Hortaz, itzulpena egin nuen eta konturatu nintzen itzulpenak literalki eginda zeudela baina mezua erabat aldatzen zuela hori eginda. Bazanek sikario esan nahi duen tokian, Beñat armen inguruan hizketan ari da.
B.A.: Baina hau dena adimen artifizialaren sasoiaren aurretik egina dago, horrelakoa da bizitza, Sierra!
E.S.: Hasi nintzen nire proposamena egiten eta buelta pila bat eman nizkion letrari, baina ez zen aldatu. Beraz, hau da nire mendeku txikia. Eta, esan beharra dago, euskaraz akatsak normaltasun osoz plazaratzen ditugula kantuetan eta horrek niri amorrua ematen dit, gazteleraz edo ingelesez ez baigenuke egingo. Goazen gauzak ondo egitera.
Diskoa zuzenean noiz eta non aurkeztuko duzue?
B.A.: Lehenik eta behin esan Xalba Ramirezek musikan atsedena hartuko duela eta Iker Vazquez izango dela haren tokian bateria joz. Irailaren 28an Larrabetzun izan ginen eta, datorrena, urriaren 25ean, Balio Dute kolektibotik antolatu dugun Kutixik jaialdian izango da, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Aurretik Egiako Koxko tabernan biko formatuan ere arituko gara, hori urriaren 12an izango da. Urriaren 28an, Gasteizko Parral tabernan izango gara eta azaroaren 1ean, berriz, Ondarroako Gaztetxean, Betepaetako lagunen eskutik. Baina ari gara gauza gehiago ere mugitzen eta ea laster kontatzen ditugun guztiak.
E.S.: Eta proposamen berrietara zabalduta gaude, jakina. Saiatuko gara asteburu guztiak ez betetzen eta abar.
B.A.: Baina otsaila bitartean saiatu nahi dugu kontzertuak ematen, diskoko gastuak eta abar estaltzeko. Eta disfrutatzeko, jakina.