Zuzenean

Labennera jo du berriz ere Unai Pelayo ‘Pelax’-ek disko baten sorkuntza aurrera eramateko, baina oraingoan bertan grabatu du guztia, Beñat Antxustegi, Uxia Elizalde, Elena Ramirez eta Telmo Trenorren kolaborazioekin. Nahasketak Iñigo Irazokiren Atala estudioan egin dira eta Estanis Elorzak Doctor Masterren masterizatu du guztia.
Zortzi abesti dira eta zortzi artista desberdinenak kantuak. Ireki, Kaskezur taldearen 2013ko ‘Haize hartzera noa’ kantuarekin irekitzen da diskoa, 12 sokako gitarrak ematen dion kolore bereziarekin. Bi gitarratara grabatu dute abestia, soinu gordin eta berezia duen akustikoarekin. Segi Lurra talde irundarraren ‘Fenneh’ 2014ko abestiarekin segitzen du lanak, sintetizadore hotsak gehitu dizkio Trenorrek abestiari, pedalsteel soinuak imitatzen dituena, efektu berezia baina kantuari bikain datorkiona, gehituz.
‘Ni onenean’ hitz jokoz jositako Physis Versus Nomosen abestia dator gero. 2019ko abestia da hau eta Elena Ramirezek pianoarekin sekulako ekarpena egiten dio kantuari. Perkusio moduan gitarra erabiltzen du hemen Pelayok eta horrek ematen dio zerbait berezia berezko abestiari. ‘Ur abisalenetan’ Bidelapurrak taldearen 2014ko kantua da hurrena aukeratu duena egiatarrak, eta hemen nabari da zuzenean grabatu izanaren zera hori, inperfekzioari tartea ematen dio diskoan eta hori eskertzen da. Beñat Antxustegiren koroak eta bukaeran dagoen ahots festak ere eder egiten du abestia. Segidako hiru kantu horietan modu askeagoan nabaritu dugu moldaketak egiten Pelax, nahiz eta berak esan digunez «armonia eta akordeak erabat errespetatuta dauden».
Osabaren, Adrian Perezen, ‘Eramazan katua’ kantua gehitu du diskora. Baina ez Adrianek hamarkada honetan grabatutako diskoan grabatu zuena oinarri hartuta, baizik eta Mal de Ojo taldeak 1997ko ‘Oye tio… ¡Yo te quiero!’ diskoan kaleratu zuen abestiaren moldaketa egin du Pelayok. Teklatuak duen dream pop soinuak gaur eguneko tendentzietara ekartzen digu garbi, gainera.
‘Heriotz haziak’ kantuarekin Sorotan Babies taldea omendu nahi izan du Pelaxek, egun Noiz taldea direna, 2009ko abestia moldatuta. Kantu progresiboa eta gitarra elektrikoarekin desert rockaren mundura eramaten gaitu, zaratekin ere jolas egiten duen moldaketan. Sofa talde zarauztarraren ‘Krispetak’ lanera egiten dugu salto segidan, diskoan originaletik fidelena den kantura. Sekulako lana egin dute hemen gitarrarekin eta soinu oso dotoreak lortu. akustikoan izanda ere. 2022ko ‘Kokodrilua ta bihurgunia kotxia lapurtu ta perretxiko bila duaz’ abestirako.
Atzerritik ekarri duen abesti bakarra 1971ko Karen Daltonen ‘Something on your mind’ kantuaren euskarazko moldaketa izan da, ‘Zerk ardura dizu?’ deitu duena. Abesti zaharrena eta, akaso, desberdinena. Sentimendua dario bazter guztietatik.
Diskoa Pelaxen bandcampean erosi daiteke, CDan edota biniloan, Iñigo Ozaetak egindako argazkiarekin. Gainera, ongintza diskoa bilakatuko da, izan ere iazko udazkenean erre zen Arberoako Ikastolara bideratuko ditu sortu daitezkeen etekinak Pelaxek. Motibo bat gehiago, beraz, diskoa eskuratzeko.