09 MAI 2025 - 21:00h Adi eta Ari | Plural hurbila [2x5] Plural hurbila landuko dugu ikasgai honetan. Deklinatzeko forma berezi bat da, -o bokalarekin markatzen dena. Ostiralean estreinatuko da ‘Komedia madarikatua’ (Pabellón 6) Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio. NAIZ irratia NEREA:Egun on, Ander.ANDER:Baita zuri ere, Nerea.NEREA:Badakit antzerki zalea zarela. Inoiz izan al zara Pabellón Número Seis antzeztokian?ANDER:Bai, noski. Bilbon dago. Deustuko ibarreko pabilioi industrial baten barruan antolatutako toki bat da, eszenako arteak lantzeko.NEREA:Noiz sortu zen gogoratzen al zara?ANDER:Berrehun antzerkizale euskaldun eta erdaldun elkartu ziren bazkide egiteko 2011. urtean. Orain antzerki laborategi bat da, eta antzokia dauka obrak taularatzeko.NEREA:Pabellón 6 laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia madarikatua' antzezlana prestatu du. Obraren zuzendaritzan aritu den Gaizka Chamizo mintzatu da NAIZ Irratian.ANDER:Gazte Konpainiaren lehen promozioa 2015ean sortu zen, eta 2016an Shakespeare dramaturgo ingelesaren 'Romeo eta Julieta' eskaini zuten.NEREA:Orain landu duten obraren titulua 'Komedia madarikatua' da. Belizismoari absurdotik egiten diote kritika.ANDER:Gizakion ergelkeriari kritika egitea gai klasikoa da antzerkian.NEREA:Kutsu absurdoa baldin badauka antzezlanak, umore 'inteligentea' praktikatuko dutela espero dut.ANDER:Umorea euskaraz lantzea garrantzitsua da beti aktore batentzat.NEREA:'Komedia madarikatua' obran sei antzezle agertuko dira oholtzan. AUDIOA-GAIZKA CHAMIZO NEREA:Bioi deklinatze modua erabili du Gaizka Chamizok.ANDER:Bai. Izen bat deklinatzeko garaian -o marka edo mugatzailea erabiltzen dugu noizean behin. Adibidez: «Denok batera joan ginen Bilbora. Zuk eta biok antzerkirako asmoa geneukan».NEREA:Mugatzaile marka horrek hurbiltasuna adierazten du. Eta pluralean deklinatzen da. Horregatik batzuek deitzen diote plural hurbila: ikasleok, dantzariok, kazetarioi, langileoi, arrantzaleontzat, kirolariontzat...ANDER:Hitz egiten ari denak bere burua talde batekoa kontsideratzen du. Esate baterako: «Antzerkilariok berritsu fama dugu». Horrek esan nahi du mintzatzen ari dena ere aktorea dela.NEREA:Hori da. Beraz, ni idazlea ez naizenez, ez dezaket esan: «Idazleontzat zergak murriztuko omen dituzte». ANDER:Nerea... gu biok astronautak ez garenez, ez nuke esan behar: «Astronautok arrisku handiak hartzen ditugu».NEREA:Baina aktorea baldin bazara, edozein paper jokatzeko gaitasuna duzunez, taula gainean esan dezakezu: «Shakespeare eta biok gara historiako dramaturgorik onenak».ANDER:Zu eta biok formula polita da, ezta?NEREA:Era dotore bat da ni esalditik kentzeko. Hau da: ni ez esateko sartzen dugu biok.ANDER:Olatzek eta biok elkarrekin afaltzera joateko asmoa dugu.NEREA:Ander, Olatz eta hirurok ondo moldatzen garenez, ni ere joango naiz afari horretara. GAIZKA CHAMIZO NEREA:Zuk eta biok ondo emango genuke komedia batean, ezta?ANDER:Zu eta biok barregarri samar geratuko ginateke eszenatoki batean, baina inork ez luke barrerik egingo.NEREA:Formula hori erabiltzen dugunean, subjektu guztiak deklinatu behar al dira?ANDER:Halaxe komeni da, bai. Adibidez: «Zuretzat eta biontzat antzeztuko dute gaurko obrari». Edo: «Zuri eta bioi doan emango dizkigute sarrerak».ANDER:Baina subjektuak asko direnean?NEREA:Kasu horietan nik ez ditut izen guztiak deklinatzen. Esate baterako: «Olatz, Mikel, Leire, Xabier eta bostontzat tokia dago automobilean». ANDER:Zer ikasi dugu gaur?NEREA:Plural hurbila zer den ikasi dugu. Deklinatzeko forma berezi bat da, -o bokalarekin markatzen dena.ANDER:Ezberdina da aktoreak eta aktoreok. Ni aktorea izanez gero bakarrik esan dezaket aktoreok. Hitz egiten duenak barruan egon behar du -o marka erabiltzeko.NEREA:Olatzi, zuri eta hiruroi komediak gustatzen zaizkigu. Umorearen zaleak gara.ANDER:Tragediak eta dramak bezain sakonak izan litezke komediak ere.NEREA:Zuk eta biok asmatuko genuke umorearen bidez kritika egiten.ANDER:Bihar arte, Nerea. Hemen entzun dezakezu 'Komedia Madarikatua' antzerki obrari buruz egindako elkarrizketa.