Oinak lurrean, ‘Grabitatea une batez’ diskoa kaleratu du STR taldeak
Musikaren barrunbeetan murgilduta dabilen boskotea da STR. Izan ikasketetan, edota izan ezinegonak Gaua estudioan asetzen, sormenari emanda eta esplorazioan etenik gabe. Bigarren lana kaleratu dute orain, jostaria eta dantzagarria, mimoz egindako sei abesti gordetzen dituena.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Xabier Bengoa, Lander Campos, Oihan Moreno, Danae Riaño eta Iker Villa dira STR taldea osatzen duten musikariak. Gaua estudioa dute beren etxea eta Aritz Mendiolak taldea utzi eta Danae Riaño taldean sartu zenean «dena lasai egiteko erabakia» hartu zuten, presarik gabe. Hala, ez da kasualitatea ‘Galdu ez baduzu’ kantua atera eta bi urtera etortzea ‘Grabitatea une batez’ diskoa.
‘Zkarregi’ kantuarekin irekitzen da diskoa. Eskerrak hitzetan «azkarregi» azkar samar entzuten dugun, «zakarregi» ere izan zitekeelako, bizitzan, harremanetan… azkar goazen heinean zakar ere aritzen garelako maiz. «Hegan egitearen nahiagatik lurra ukitzea ahaztuko dugu» diote. Eta beren ibilbidean halakorik sentitu ote duten galdetuta batzuetan kosta egiten dela aitortu digute. Dena dela, oinak lurrean dituzte eta agerikoa da hori. Drum'n'bassa, gitarra pop-punk estiloan eta ahots prozesatuak dituen abestia. Danaek abesten duen pasartean anime generoko ikus-entzunekoen mundura egiten dugu salto, 90etan haurrak ginenok euskaraz bagenituen halako abestiak. «Bada, kasualitatea izango da, baina taldekide batzuk anime zaleak gara», aitortu digu Iker Villak.
Single moduan etorri zen ‘2on errua’ dator jarraian. Galdera hau luzatu genien MusikHaria saioan izan ziren Riaño eta Villari: mundu desberdinetako bi pertsonek bikote berean iraun dezakete? Erantzuna argia izan zen: «zaintzan dago gakoa. Elkar ondo zaintzen badira, noski baietz».
‘Grabitatea’ abesti dantzagarriarekin funk eta neo-soularen mundura eramaten gaituzte. Sintetizadoreen soinuetan lan handia eginda dagoela agerikoa da STRren lan honetan eta abesti honek hori garbi uzten du. Giro aldaketa berezi bat du abestiak eta horren inguruan ere sakondu genuen elkarrizketan. «Berriz zu ta ni», espazioan eta denboran behin eta berriz gurutzatu eta kimika berezi bat sortzen deneko uneaz hitz egiten digu abestiak, non bukatuko ote duen istorioak, ordea, norberak erabaki beharko du.
Esperantza bukatuta dagoen uneari, agortuta, nekatuta, dauden une batean oraindik ere argi horri abesten diote ‘Une batez’ kantuan. Balada akustiko bat da, une batez Natalie Imbrugliaren ‘Torn’ ekartzen diguna burura. «Kantu hau une oso berezi batean sortuta dago eta grabatzea kosta egin zitzaigun, orain, zuzenean defendatzea ere tamainako erronka izango da», kontatu digu Danae Riañok.
Faltsukeriaz hitz egiten dute ‘Zmzzz’ pistan. Faltsukeria ikusi bai, baina faltsukeriaz jokatu behar izan ote duten galdetuta baietz esan digute: «Diskoan autokritika ugari dago eta guri ere egokitu zaigu noizbait faltsukeriaz jokatzea, jakina. Baina horrek ez du esan nahi hori ikusita kritikatu behar ez dugunik». Jostaria da, desberdina, erritmo berezi batean oinarritzen dena. «Eskolan ikasitako gauzak praktikara eraman nahi izan nituen eta oso ongi pasa nuen abesti honen sorkuntzan», esan digu Riañok.
Elkarrekin aurkeztu zuten lehen abestia izan zen ‘Galdu ez baduzu’. High School Musicalen munduan murgiltzen gaituen kantua da hau, ‘2on errua’ «oso Camp Rock» den bitartean. «Disney etxeak egindako musikalek eragin digute, jakina, baina hortik atera diren artisten ibilbidea ere nabarmentzekoa da eta ezin dugu ukatu Demi Lovato bezalakoek eragin ez dutenik gure sorkuntzan», esan digute STRkoek.
‘2on errua’ kantuaren unplugged bertsio batek ixten du diskoa, Grindin irratirako egindako zuzeneko batekin, «laster akaso halako zerbait gehiago ere etorri daiteke» esanaz bukatu dute elkarrizketa. Zuzenekoak bezalaxe, horiek urte berriarekin etorriko baitira.
Diseinu eder batekin argitaratu dute guztia, abesti bakoitzak bere lamina propioa du eta hor Rubén B. Caballeroren lana azpimarratu behar. Baga Biga Musika Ideiak-en standean eskuratu daitekeen lana da.
Oinak lurrean dituzte, argi dago hori, beren hitzetan nabaritzen da: «batzuentzat sei kantu gutxi izango dira, baina betelanerako kantuak sartzea alferrikakoa iruditzen zitzaigun». Sei kantu, mimoz eginak, horixe da STRk eskaini diguna ‘Grabitatea une batez’ lanean.