IRRATIA

‘Alienatuta’ diskoarekin egin du debuta Olloki taldeak

Bakarlari moduan 2023an ‘Bekatari’ lana atera ostean, talde proiektuarekin dator oraingoan Andoni Ollokiegi. Olloki du izena eta ‘Alienatuta’ diskoa kaleratu berri du. MusikHaria saioan izan da lana aurkezten.

Olloki proiektua bakarka abiatu duen arren, taldean aurkeztuko du ‘Alienatuta’ diskoa Andoni Ollokiegik. (NAIZ IRRATIA)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Euskal Herria luze-zabalean gurutzatu duen musikaririk bada aurten, hori Andoni Ollokiegi da. Bakarka, bikoan, bestelako proiektuekin… Gitarra soinean euskarazko abestiei errepaso ederra ematen die musikari pasaiarrak.

Dena dela, bere kantuak ere baditu eta iaz ateratako bakarkako diskoaren ostean, Olloki proiektuarekin dator orain, ‘Alienatuta’ diskoa kaleratu du, hamabi abesti dituena. Eklektikoa da diskoa, baina batez ere laurogeietako erreferentziak eta hard rockaren unibertsoa oso nabariak dira abestietan. Hori bai, reggaeari edota runbari zein bossa novari ukorik egin gabe. 

Trintxerak estudioan grabatu du diskoa, Jose Alfaro ‘Peru’ teknikari moduan aritu da, eta hainbat kolaborazio ere baditu, hala nola bere arreba Ainhoa Ollokiegirena, Garitasena, Aitor Valcarlos tronboi-jotzailearena edota David Escuderoren bibolinarena. Baita Julie Roault abeslariarena ere, euskaraz eta frantsesez abestu duten ‘Magia’ abestian.

Gaitegia oso zabala izan da, lan munduan dagoen prekarietatea, sare-sozialek sortzen dituzten egoerak, matxismoaren lakra, euskara edota maitasuna. Baita unibertsalak diren hainbat kezka ere.

Bi aukera Gasteizen

Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Dabadaban eta Atarrabiko jaietan izan ostean, aste honetan bi aukera izango ditu Olloki entzun nahi duenak Gasteizen. Hilaren 15ean, asteartearekin, Parral tabernan arituko dira eta, urriaren 18an, ostiralarekin, Txapeldun tabernan, biak ere Alde Zaharrean.

Zer aurkituko duzuen jakin nahi izanez gero, diskoa entzuteko aukeraz gainera, MusikHaria saioan Andoni Ollokiegi lana aurkezten izan zeneko elkarrizketa ere entzun dezakezue goiko aldean.