IRRATIA

Maitasun erromantiko indiea, asteko zine gomendioetan

Astero bezala etxean eta zinema aretoetan ikusteko  lau gomendio egin ditugu Bideokluba saioan. Joan den astean beldurra izan zen protagonista, eta aste honetan maitasun india. Prest eduki musuzapia, negar egingo duzue eta.

Fingernails (NAIZ)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Vidas Pasadas (Past Lives, Celine Song)

Txikitan lagunak izan eta elkar maite izan ziren hegokorear mutil eta neska baten istorioa da filmaren abiapuntua. Baina harremana moztu egingo da neskaren gurasoak Kanadara migratzen dutelako.  Hogei urte beranduago, internet bidez,  batak bestearen profila aurkitu, eta harremanetan hasiko dira berriro.

Aurten ikusi ditudan pelikuletatik hauxe da gehien gustatu zaidana. Amodioaren inguruko hausnarketa malenkolia baten aurrean gaude. Asko gustatzen zait zinemagileak maitasuna bezalako gai klixe bat lantzerako orduan  duen ikuspuntu zoli eta delikatua. Eta era berean, errealitatearekin bat datorren mito erromantikoaren haustura ere, oso interesgarria da.

 

Retratos Fantasmas (Kleber Mendonça Filho)

Dokumental interesgarria da Retratos Fantasmas. Kleber Mendonça Filho zinemagile brasildarrak Recife bere jaioterrira eramango gaitu. Azken hamarkadetan bere etxebizitzan grabatu dituen irudi mordoa artxibo bezala erabiliko ditu, eta hiria ere erakutsiko dio ikusleari, eta hirian garai batean egon ziren zinema-aretoek protagonismo handia hartuko dute.

Hain zuzen, hiria eta zinema aretoak dira dokumental honen benetako protagonistak, eta hiri guztietan pixkanaka desagertzen ari diren 'tenplu' hauekiko hausnarketa nostalgiko zein interesgarri bat proposatzen du dokumentalak. 

 

Plataformetan zer ikusi?

 

Esto va a doler (Fingernails, Christos Nikou)

Gure gizartearen antza handia duen etorkizun hurbil batean kokatuta, zure bikotekidearekin benetako amodioa sentitzen ote duzun jakiteko teknologia berritzaile bat da filmaren  elementu narratiboa. Eta nola jakin dezake bikote batek kimika edo konexio ona daukaten? azazkal bat kendu eta hauekin froga egin beharko dute ospitale berezitu batean.

Pelikulako protagonista jada bikotea daukan emakume gazte bat da. Eta nahiz eta honekin egindako frogan benetako amodioa sentitzen duela adierazi, zalantzez beteta dago.

‘Esto va a doler’ -en kasuan fantasia edo lege hauek ez direla hainbeste apurtzen esango nuke, baina ala ere filma originala eta dibertigarria da. Pelikulako lehen erdiak komediatik eratorritako momentu oso onak ditu, eta gerora, gauza okertu eta serioago jartzen den unean amodioa edo pertsona bakarra maitatzearen inguruko hausnarketa ahalbidetzen du. Esan bezala, pelikula ikusgai gure etxeko telebistan APPLE TV plataforman.

Inu Oh (Masaaki Yuasa)

‘Inu Oh’ pasa den Veneziako Zinemaldian estreinatu zen, eta Urrezko Globo sarietan eta BAFTA sarietan izendatua izan zen. Niri asko gustatu zitzaidan. Bi gauza azpimarratuko nituzke: alde batetik, espero baino pelikula arraroago bat dela esango nuke. Zaila da ‘InU Oh’ animazio japoniarra genero konkretu batean kokatzea. Beste aldetik, filma musikal dramatiko bat dela esango nuke. Ni ez naiz oso musikal zalea, baina honekin asko gozatu nuen. Filmin plataforman duzue ikusgai.