«Etxera sartu eta berehala ohartu nintzen hor bazela dokumental bat»
Bartzelonako etxe berrira sartu zenean garciatarren ondare oso batekin egin zuen topo Ione Ateneak. Argazkiak, audioak, filmazioak, komikiak... horrekin guztiarekin sortu zuen ‘Los caballos mueren al amanecer’ filma. Hainbat festibaletan izan eta gero, Bilbo eta Iruñeko zine aretoetara iritsi da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bilbon edo Iruñean bazaude ez galdu aukera Ione Atenearen (Iruñea, 1985) ‘Los caballos mueren al amanecer’’ dokumentala ikusteko. Iruñeko Punto de Vista jaialdian estreinatu eta hainbat jaialditatik igaro eta gero, Euskal Herriko zine aretoetara iritsiko da. Iruñeko Golem Baiona zinemetan izan zen aurrestreinaldia iragan astean eta bertan eta Bilboko Golem zinema-aretoetan bada ikusteko aukera, esaterako.
Bartzelonan bizi da Atenea eta egun bere bizilekua den etxera sartu zenean zur eta lur geratu zen han aurkitutakoarekin. Garciatarren etxea zen, Rosita, Juanito eta Antonio anai-arrebak bizi izan ziren han, eta, nahiz eta zenduak zeuden, hirurak lau pareta horien artean aski bizirik zeuden, han utzi baitzuten ondare osoa, dokumentatutako hiru bizitza: argazkiak, idatziak, marrazkiak, komikiak, arropak, liburuak, audio eta bideo zintak... aurkitutako altxor horretatik sortu du Ione Ateneak bere bigarren dokumentala.
Nola gogoratzen duzu Garciatarren etxera sartu zinen eguna?
Gogoratzen dut, batez ere, sorpresa handia hartu nuela. Sentitu nuen beraien presentzia oso handia zela etxean, beraiek hor egongo balira bezala.
Material aunitz topatu zenuen, baina zer eta zenbat?
Bai, material pila bat zegoen han. Benetan, pila bat! Imajinatu familia oso baten bizitza, objektuetan. Dena zegoen gordeta, eta nik zati bat erabili dut pelikula osatzeko: dokumentuak, marrazkiak, argazkiak....eta baita kasetak ere.
Eta noiz erabaki zenuen hor dokumental bat zegoela?
Ba, hasieratik. Ia bigarren egunean. Pentsatu nuen hor elkartze interesgarri bat zegoela bi denboraren artean, nire garaiaren eta hiru anai-arreba hauenaren artean. Familia ezberdinen artean espazio bera konpartitzen ari ginen. Eta material horietan ere aurkitu nuen, edo aurkitu nahi izan nuen, jolaserako gonbidapen bat. Nik egin dudana da material hori guztia hartu familia hori ezagutzeko pistak bezala.
Ziur nago material horretan badagoela zerbait kariño berezia diozuna.
Bai, noski. Badaude argazki batzuk, non hiru anai-arrebak agertzen diren Hollywoodeko filmak imitatzen. Aurkitu nituenean uste nuen benetako filmaketa bateko argazkiak zirela, baina gero ohartu nintzen beraiek zirela. Gero, badago beste pieza bat asko gustatu zitzaidana eta hunkitu ninduena; kredituetarako erabili dudan abestia da. Jazz inprobisazio bat da, oso dibertigarria, eta ahotsean nabaritzen da zahartu egin direla...
Eta kantu hori entzun daiteke nonbait?
Oraingoz, soilik dokumentalean.
Nolakoak ziren Antonio, Rosita eta Juanito?
Nik landu dudan ezaugarria haien alde sortzailea da. Orduan, badakit Antonio komikilari ezaguna zela; Bruguera argitaletxearekin egiten zuen lan. Baina ipuin motzak ere idazten zituen, asko gustatzen zitzaion jazz musika, margolaria ere bazen... Rosita opera abeslaria zen eta piano-jotzailea. Juanito anaia oso umoretsua zen, eta berak esaten zuen moduan ‘zine begiratzailea’.
Eta nola da posible haien heriotza isilpean geratu izana eta etxea utzi zuten bezala egotea?
Uste dut zahartzen joan ziren heinean isolatzen hasi zirela. Baina, dena da misterioa. Dokumentu eta argazkietan ikusi dudanaren arabera, gaztetan harreman asko zituzten, baina zahartzaroan isolatzen joan ziren...
Eta saiatu zara hiru anai-arreba hauen inguruan gehiago ikertzen?
Bai, noski, eta aurkitu ditut pertsona batzuk ezagutu zituztenak, batez ere, zahartzaroan.
Baina dokumentalean pertsona horiek alde batera uztea erabaki duzu. Eta lehen pertsonan kontatzearen alde apustu egin duzu. Zergatik?
Hasieratik izan dut hori argi, nire eskutik ezagutuko zela historia. Iraganera begirada delako baina orainalditik. Ni ez naiz protagonista, baina banaiz pertsonaia bat. Bidean ezagututakoekin informazio gehiago atera dut, baina ez nuen nahi beraiek agertzea. Asko kostatu zitzaidan off ahotsa jartzea, ez nuelako erabili nahi, oso tresna zaila delako. Baina azkenean erabaki nuen baietz, bestela ezin nuen aurrera egin. Eta hor aritu nintzen idatzi eta idatzi. Ahotsa naturala izatea nahi nuen, espontaneoa. Erraza dirudi baina oso zaila da.
Filmazioek inplikazio handia eskatzen dute beti. Zure kasuan are gehiago esango nuke, zeren nola uztartu zure etxean bertan egotea dokumentala egiteko iturria?
Asko kostatu zait. Momentu batean dokumentalak eta familia honek bizitza inbaditu zidan. Egia da oso dibertigarria izan dela, baina tarteka baita gogorra ere.
Bistan da, momentu batean muga jarri behar izango zenion zure buruari.
Azken kutxa ireki nuenean esan nuen, ‘honaino’.
Etxean aurkitutakoak han jarraitzen du?
Dena eman dut, beste leku bat aurkitu diot. Pianoa musika eskola batean dago, komikiak museo batera eraman ditut, argazkiak, ikasketa historikoak jorratzen dituen talde batera... eta oso eskertuak daude denak, egia esan.
Hau da zure bigarren dokumentala. Etorkizunean fikzioan ikusten al duzu zure burua?
Ba uste nuen ezetz, baina azken boladan ideia bat dut buruan bueltaka.
‘Enero’ zure lehendabiziko dokumentalean zure bi amatxiak dira protagonista. Saiatu naiz topatzen baina ez dut aurkitu...
Sarean dago bai. Baina ez dakit zer gertatzen den zeren bilatzaileak ez du topatzen. ‘Noficció’ atarian dago.