IRRATIA

«Asko dago lantzeko denok eroso egon gaitezen lider rol batean»

Kolektiboak egituratzeko moduak eta euren funtzionamenduak aldatuz doaz, beraz, baita liderraren rolak ere. Hala ere, rol horretan denok eroso egoteko asko dagoela lantzeko dio Maitane Nerekanek Agora Filosofia elkarteko kideak. Lidergoa izan dugu hizketagai NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan.

Maitane Nerekan Agora elkarteko kidea (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Maitane Nerekan filosofiako irakaslea eta Agora Filosofia elkarteko kidea izan da NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan lidergoaz hizketan. Nerekanek gogoetatu du lidergo hitza gero eta gehiago aipatzen dela gizarteko arlo ezberdinetan (enpresetan, hezkuntzan, etab.) baina hitzaren gaineko hausnarketa falta dela, edukiz hustuta dagoela. «Zein lidergo mota izan nahi dugun jakiteko, lehenik jakin behar dugu zer irudikatzen dugun. Adibidez, nola marraztuko zenuke lider bat? Ze hitzekin lotzen dugu lidergoa?», dio. Bestalde, irakaslearen esanetan, «hausnarketa interesgarria da liderra ez dela pertsona bat, baizik eta rol bat». Argudiatu duenez, «taldeak daudenean liderraren figura hor dago eta rol bat da non pertsonak sartu eta atera egiten garen». Rol hori, ordea, ez dago pertsonari lotua, esparru batean lider denak ez baitu zertan beste batean ere hala izan.

Rola pertsonari lotua ez egoteaz gain, Nerekanek azaldu du historian zehar ezaugarri ezberdinak atxikitu zaizkiola lider posizioan egon denari. «Filosofia moderno eta garaikideak karismaren kontzeptua hartzen du eta Kant-ek dio lider baten ezaugarri behinena autonomia kritikoa izan behar dela». Interesgarria iruditzen zaio hori hori, zeren batzuetan dirudi gizarte garaikidean liderra lider politikoarekin lotzen dugula eta, azken urteetan, instituzioekin. «Esparru horietan gainera, esango nuke autonomia kritikoa ez dela gehiegi exigitzen, lider ez-liderrak ditugu: diskurtsoak idazten zaizkie, inprobisaziorako gaitasun gutxi daukate, autonomia arrazional gutxi exigitzen zaie (gidoia aldez aurretik prestatua dago) eta horrek oso pobrea egin dezake lider bat».


Bestelako lider eta lidergorik posible da?

Halabaina, lidergoa pertsonari lotuta ez badago ere, Irakaslearen ustez «asko dago lantzeko denok eroso egon gaitezen lidergo rol batean». Agela Davisen aipamena egin du: «Angela Davisek oso ekarpen interesgarria egin zuen esanaz liderrak ez duela zertan maskulinoa izan eta kolektiboa izan daitekeela». Kurdistango batasun ereduak jarri ditu adibidetzat, lidergo konpartituak eta, kasu batzuetan, femeninoak ageri baitira. Onurak ere nabarmendu dizkio, izan ere, «lidergoa konpartitzeak askoz gehiago orekatzen du rola. Hausnarketa kritikoa aberasgarriagoa da taldean».


Lidergo femeninoa.

Konkrezio falta aitortuta, honela azaldu du lidergo femeninoa: «Kulturalki maskulinitateari egozten zaizkio ezaugarri eta jarrera batzuk eta femenitateari beste batzuk. Horiek denak zalantzan jarri daitezke kulturalak diren heinean. Beraz, lidergo femeninoa litzateke maskulinitatearen jarrera kulturaletatik aldentzen den lider izaera, mendebaldeko esparru kulturalaz hitz eginez, noski.»

Kontuak horrela, bi lider ekosozial aztertu ditugu. Batetik, Berta Cáceres hondurastarra eta, bestetik, Greta Thunberg suediarra.