IRRATIA

Disko erdia bidean galduta, ‘Lurrikarak’ EPa ekarri du Xsakarak Durangoko Azokara

Orain arte drilla eta iluntasuna oso presente izan ditu bere musikan Xsakara abeslari bermeotarrak. Orain, depresio egoera bat gaindituta, disko alaiago eta poperoago bat aurkeztu du Durangoko Azokarako.

Bost kantu bidean galduta atera du ‘Lurrikarak’ EPa Xsakara musikariak. (Garazi CASTAÑO)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


«Pertsona oso alaia izan naiz betidanik, baina ulertzen ez nuen sentimendu batek hartu ninduen. Depresioa zela jakin nuen 2021ean eta, hori gainditu ostean, fase berri batetan sartu naiz, baita musikalki ere», hasi du elkarrizketa Xsakarak. 

Bost kantuz osatu du ‘Lurrikarak’ diskoa, hasiera batean esperotako erdiak. «Azaroaren 18rako dena prest geneukan, baina kantuetako bost teknologia berri batean neuzkan eginda eta Apple Musicek dena atzera bota zidan. Hala, berriz ere dena prest genuela, azaroaren 25erako, jakinarazi ziguten beste hilabete behar zela guztia argitaratzeko-eta, baina nork ateratzen du disko bat abenduaren 25ean?», egin du galdera Xsakarak. 

11 tiro, ilargiaren semea, deja vu sentsazioa… halako kontuak aipatu ditu diskoa irekitzen duen ‘Nitro’ abestian, Thekmind-en ekoizpena duena. Iragan hori gainditu duela kontatu digu, ordea, Xsakarak. ‘Noraezean’ kantuak badu horrekin zerikusirik, «lagunak, familia… ondoan eduki izanak pasa dudan depresioa gainditzen lagundu didate eta horregatik aipatzen dut bularreko presioarena. Baina bikoteak ere asko lagundu dit, eta horregatik Anepe eta bion kantua dela esan dezaket hau. Elkarren entseguetara joaten gara eta Anepe autotunearekin probak egiten ibili izan da nireetan. Gauzak horrela, animatu nuen kantuan parte hartzera eta emaitza polita geratu da. Pandemia erdian ezagutu ginen, tranpatxoak egiten genituen elkar ikusteko, Bermeo eta Elorrio ez baitaude hain hurbil, eta istorio hori guztia jasotzen du abestiak», esan digu bermeotarrak.

Beste hiru kantuak single moduan aurkeztu dizkigu, pop rocka, gau giroko elektronika eta drilla dituzten hiru abesti. Elkar zaintzearen garrantziaz, bizimodua lasai hartzeaz edota diruak dena ez duela mugitzen aldarrikatzen duten abestiak dira, erreferentziaz bete-betetakoak.

Ahotsenean aurkeztuko du diskoa ostiralean, abenduaren 9an, 15:40ean. «Gainerakoan gauza beltz dago, ez didate kontzerturik emateko deitzen, eta hori doan joateko ere prest egonda! Nik, nire musika jendeari aurkezteko nahia baino ez dut. Hori bai, ez didate kenduko barruan dudan ilusioa».

Laster etorriko dira desagertutako bost kantuak, bitartean, ea zuzenean aurkezteko aukerarik sortzen zaion Xsakarari. Eta, berak zer entzuten duen jakin nahi izanez gero, asteazkenetan, gaueko 23:00etan, ‘Beste bat’ saioetako musika hautaketa berak egingo urteko azken hilabete honetan.