«Finlandian udaberria eta udazkena dira hartzak ikusteko sasoirik onenak»
Hiru bider jo du Iñaki Atxa argazkilariak Finlandiako Kuhmo aldera, taigan barrena, hartz arreari argazkiak ateratzera. Irudietatik harago mintzatu da argazkilaria gaurko saioan, oihan basatiaren bihotzera murgiltzeraino.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Hiru bider jo du Iñaki Atxa argazkilariak Finlandiako Kuhmo aldera, Taigan barrena, hartz arreari argazkiak ateratzera. Irudietatik harago mintzatu da argazkilaria gaurko saioan, oihan basatiaren bihotzera murgiltzeraino
Isiltasunean erosotasuna topatu ohi du Iñaki Atxa argazkilariak, eta, are gehiago, beharrezkoa du, gaurko saioan hizpide izango dugun herrialdera joan, bidaiari zukua atera eta asebeteta etortzeko. Finlandiako taiga basatia izango da Bidaiari saioaren gaurko geldialdia: hartz arrearen atzetik ibiliko gara, bertako Samientzat animalia sakratua. 2014an, 2018an eta 2021an. Hiru aldiz joan da Atxa Errusiarekin mugan dagoen Kuhmo aldera. Urte guztietan, hartz arrearen bila. Zergatik, baina? Zer du animalia horrek bere arreta horrenbeste erakartzeko? «Edertasuna», dio argazkilariak, «misteriotsua da, badirudi oihanean mamu bat dabilela. Ikaragarri polita da hartza aske ikustea». Zortzi bat eguneko egonaldiak egin ohi ditu, aldiro-aldiro: eguerdi partean gordelekuan sartu eta ezin izan ohi dira, inolaz ere, goizeko zortziak aldera arte irten. Lau eremutan, 25 gordeleku daude gutxi gorabehera. Bada, paraje guztietatik igaro izan da Atxa, taigako txokoak kamaraz harrapatzeko.
Egun osoa eguzki argitan zela, ekaina betean, zapaldu zuen lehenengoz paradisu basatia. Baina nahiago du udazkenean joan: «Hotz handia egiten du garai horretan, kolore ederrak ditu oihanak, eta janari bila dabil hartza». Oihan zingiratsua da taiga bioma: «Okre koloreko zuhaitz zaharrak, landaredia aberatsaz josita, lau-laua». Gordelekutik bostpasei metrora gerturatu izan zaizkio hartzak. Hala, pazientzia, isiltasuna eta kontzentrazioa beharrezkoak ditu elkarrizketatuak: «Hartzek usaimena oso garatua dute, baita entzumena ere». 1.500 bat argazki atera ohi ditu eguneko: «Argazki perfektu hori burutik kentzen ikasi dut, animalia basatiek nahi dutena egiten dutelako». Taigak esateko dituenak entzutera joan ohi da Atxa, gizakiaren esku-hartzerik gabeko lurraldean, leku hotzetako magia izoztera.