Zuzenean
Askotariko helmugatara jotzeaz gain, bidaiatzeko modu ezberdinen berri izaten dugu NAIZ Irratiko Bidaiari saioan. Bada, hain justu ere, saio honetan, tortoken pareko, oskola bizkar gainean hara eta hona iblitzen den Orioko familia bat dugu protagonista: Karen Larrañaga eta Unai Illarramendi, bere bi semeekin batera, Alai eta Oihan. Ez da erraza beren arrastoari jarraitzea, lau gurpileko etxe ibiltari batean bizi direlako, Ozeano Atlantikoaz beste aldera.
Aurtengo maiatzaren bigarrenean kokatu behar gara bidaiari ekiteko. Nolanahi ere, dezente lehenagotik datorkie modu honetan bizitzeko ideia, Larrañagaren esanetan: «Pixkanaka, aurrezten joan ginen, hilebetero-hilabetero. Bi semeez erdituta, forma handiagoa eman genion proiektuari, pandemia etorri zen arte». Hori, ordea, ez zen oztopo izan; are gehiago, gogo handiagoak piztu zitzaizkien... Mapa ireki eta Hego Amerikara jotzea erabaki zuten: Argentinara.
Belgikatik Montevideora (Uruguai) bidali zuten autokarabana, baina ziztu bizian egin zuten salto Argentinara. Lehen geldialdia Iguazuko ur-jauzietan egin zuten, inoizko ur-emari handienarekin, Paraguay eta Brasilekin mugan. Harrezkero, bertako negua Brasilgo epeletan igaro ondoren, beste makina bat paraje naturaletan barrena egon dira: besteak beste, baleak gertu-gertutik ikusteko aukera izan zuten Puerto Madryn-en: Munduko ugaztun handienetako baten aurrean «txikitasuna» sentitzen dela dio Illarramendik.
Halaber, izotz lurraldera jo zuten, Perito Moreno glaziarraren orroak entzutera, eta suitzar kutsuko Bariloche elurtuan izan ziren, piñudien artean. Illarramendiren aburuz, Europan baino zailagoa omen da autokarabanan bizitzea Argentinan: «Askoz handiagoa da dena hemen, nork bere baliabideekin moldatu behar du. Aplikazio bat dugu horretarako; txoko politak topatzen ditugu horrela».
Ia estaldurarik gabe, tontorren artean egotetik hirigune nagusietako kaosa ezagutzera igaro dira: autokarabanarekin hirian ibiltzea eroso ez bada ere, orain «kaos ordenatua» den Mendozan daude, lagun batzuen etxean. Lehenago unibertsitate giroko Cordoba zapaldu zuten. Bertan, gainera, ezusteko desatsegina izan zuten lorategi botaniko bat bisitatzen ari zirela: lapurtu egin zieten. «Ezer gabe utzi ninduten, dio Illarramendik, «gauza dezente hartu zizkiguten, tartean zenbait dokumentu, gailu eletronikoak eta haurren jostailuak».
Oztopoak oztopo, hiriaren ondoan bizi zen Brasilen ezagututako familia batek urtebetetze-festa batera ospatu zituen, asado delako hitzordu ezagunera: etxeko birramonaren 94. urtebetetzea zen. Cordoban, Abuelas de la Plaza de Mayo elkartearen zuzendaria da oraindik ere: Argentinan, 1976-1983 urte tartean, diktaduran lapurtutako umeak topatzea dute helburu.
Elkarbizitza bete-betean ezagutzen ari da familia, eta «bizipenaren erronkarik handiena» dela uste dute biek ala biek. Errutina errepikakorretik ihesi egin zuten salto itsasoaz bestalde. Orain, faltan botatzen al dute noizbehinka errutina? «Bai eta ez», erantzun du azkar Larrañagak, «alde batetik, errutina ez izatea da bidaia honen magia; beste alde batetik, errutinak ematen dizu zerbait antolatzeko aukera, nork bere denbora hartzeko aukera».
Euskal Herriarekin ere akordatzen dira, eta, beren herrimina baretzeko, etxekoekin, lagunekin nahiz gertukoekin jarduten dira, elkar eguneratzeko ariketan, urruntasuna laburtzeko. Argentinan orain, bihar batek daki! Ez espektatibarik ez epe mugarik, ez norabide jakinik, bidaiaz disfrutatzea helburu...