«Kantuak guztiaren gainetik daudela defendatzen ikasi dut»
Musika munduan urte asko daramatza Urtzi Iza Sánchezek. Oraingoan bere proiektu musikalik pertsonalena jarri du martxan eta ‘Tophus’ diskoa kaleratu du Otoi proiektuaren izenean. Rocka eta elektronika uztartu ditu, izaera bereziko soinua garatuz Eten Espazio Sonoroan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Zuk diskoa irekitzeko egiten duzun galdera egingo dizut hasteko, zer moduz egin duzu lo?
Bada gutxi, azken egunetan gutxi egin dut lo, diskoak izan dezakeen erantzuna ez dakidalako nolakoa izango den. Orain arte singleak ziren ateratzen nituenak eta hau beste gauza bat da.
Bertigo pixka bat agian.
Egon zen duela hiru aste momentu bat hori hala izan zena, masterrak sarera igotzerakoan eta abar. Lagunekin hizketan aritzean eta iritzia parketatzean lasaitu nintzen, eta saiatu naiz musikari bezala ikusten guztia eta ez teknikari moduan. Kantuak guztiaren gainetik daudela defendatzen ikasi dut, baina bihar akaso beste zerbait esango dut.
Ekoizle bezala musikariei ere gauza bera esaten diezu?
Ekoizle edo teknikari moduan nabilenean, beren musikaren ideia mantentzea izaten da helburua, ez dut nire inpronta pertsonalik jartzerik nahi. Normala da bakoitzak beretik tiratzea, baina saiatzen naiz taldeek istintiboki egin duen hori mantendu dezaten. OTOIrekin gauza bera egiten saiatu naiz. Enkore edota Empty Files taldeekin buelta asko ematen genizkien kantuei eta hemen hori ekidin nahi izan dut.
‘Uko’ kantuan soinu mota batekin hasten gara, baina Prodigy taldearen bidera eramaten gaitu gero. Nondik eta nora jorratu nahi izan duzu disko honetako soinua?
Musika europarrak nire musika ikusteko moduan eragina izan du, Britainia Handia Europa dela pentsatuz. Estatu Batuetako artisten ekoizpenetan ere, Europara begira dauden proiektuak gustatu zaizkit betidanik. Justice, David Bowieren Berlineko egonaldi hori, Alemaniarekin ere izan dut konexio musikal arraro bat, 90etako rave mugimendua… Kantu hau akaso izango da nahi nuen hori hobekien islatzen duen abestia, besteak zirriborro modukoetatik abiatuak izan direlako. Argi dago zein erreferentzia dauden atzetik Howie B eta Paul Oakenfoald bezalakoak, 90etako U2 eta halakoen remixak egiten zituztenak, eta club eta remix horren erreferentzia oso hurbil izan dut beti.
‘Petrichor’ kantuarekin ezagutu genuen zer zetorren eta zure intentzioa zein zen ere argi geratu zen.
Melotroi baten soinua du esaterako abesti horrek, berezia dena. Sinpletasuna islatzen zuen proiektua izatea nahi nuen, baina horrek ez du esan nahi erreza denik. Handik eta hemendik gauzatxoak agertzen dira, baina niretzako lehenengo aldiz mezuak kantuak bezain beste garrantzia du proiektuan. Hala, ahotsei beren presentzia ematen saiatu naiz, nahiz eta lehen lerroan egotea ez dudan gogoko eta ez dauden horrela. Gauza zuzenak izatea nahi nuen, nahiz eta gero geruza dezente dauden.
Petrichorra zer den esplikatzea ere garrantzitsua da.
Oso kultureta geratzen da. Duela bi urte bizi izan genuen momentuan sortzen dira kantuak, ez itxialdian, baizik eta nire inguruak zer nolako aldaketak jasan zituen ikusita hasi nintzen gauzei forma ematen. Eufemismo bat izango litzateke petrichorrarena, euria egin ostean zelaietan agertzen den usain berezi hori baita petrichorra.
Noiz erabaki zenuen bakarkako proiektu bat martxan jartzea eta teknikari moduan soilik ez egotea?
Musikaria naiz eta ez dut nire burua teknikari bezala ikusten. Umetatik hasi nintzen musika eskolan, koroan, gero musika taldeetan… Zuzendari musikalaren istorio hori neukan buruan eta saiatzen nintzen taldeetan hori egiten, lagunekin ahalik eta ondo konponduz. Niretzako hori da musikako helburuetako bat, jendearekin ondo moldatzea.
Haxotz taldeko Jokinekin eta Enkore taldeko Alvaro Olaetxea bateria jotzailearekin ere saiatu ginen metal, hardcore amerikarreko proiektu bat martxan jartzen baina hor geratu zen. Beste taldeen bideak ere bukatzen joan ziren, jendearen egoera aldatzen joaten delako, eta, nik, barruan banituen hainbat gauza eta ez nekien zein formatan aterako ziren, baina bai atera nahi nituela. Nahikoa era ganorabakoan atera dira, saiatu bainaiz gauzak ahalik eta gutxien pentsatzen, data batzuk eta jarri bai, baina horraino. Hortaz, ez da momentu konkretu bat egon.
Sortze prozesua Eten Espazio Sonoroan izan da?
Batez ere etxean, hori ikasi baitut gero ekoiztera noanerako. Momentua bilatu behar da eta estudioek batzuetan badute puntu industrial bat, produktibitatea bilatzen duena, eta hortik ihes egiten saiatu naiz. Etxean, bakarrik, gitarra trakets batekin, benetan aske sortu ditudalako gauzak, inor espero gabe eta inor begira izan gabe.
Lehenengo kontzertu bat ere eman duzue.
Mungian udan sartu ginen egunean izan zen. Belako, TOC eta halako taldeetako lagunek antolatzen dute eta urtero saiatu dira talde berri bat estreinatzen. TOC, Airu eta Nize bertan estreinatu ziren eta, aurten, niri tokatu zait. Urduritasunak uste nuen jan egingo ninduela, baina oso ondo joan zen guztia. Jangitz Larrañaga Vulk taldeko bateria-jotzailea da eta bera da taldekideetako bat, mila taldeetan dabilen Eneko Ajangiz bestea, S.A.D. taldeko Xabi Seoane gitarrarekin hirugarrena, eta, bukatzeko, Nize taldeko Niko Bortolini izan zen baxuarekin. Orain baditugu ixteko dauden kontuak eta lasai hartu nahi dut, modu naturalean, badakidalako zer den urtean 50 kontzertutik gora ematea. Zerbait lasaia, berezia eta egonkorra izatea nahi dut proiektu hau.
Fuzz eta overdrivearen maitalea zara.
Kantu ia denetan daude halakoak, nire tinpanoak akaso horrela daudelako ohituta. Nahasketa bombastikoak baino, nahiago dut gauza xamurrak bilatzea. Atake gehiago duten bateriak eta bilatuko nituen akaso, baina ez, hau eskatu dit barruak. Abesten ere gauza bera, nire autoesijentzia hor dagoelako eta saiatzen naiz entzuleari beste aukera bat ematen, hau da, ahotsa ez duenak entzun nahi bestelako gauzak entzun ditzala.
Ekoizpen zinematografiko samarrak egiten saiatzen naiz, musikatik harago doan zerbait izan dadin saiatzen naiz. Kantuak era nahiko organikoan egiten saiatu naiz, nahiz eta gero hamarka gailu digital erabili ditudan. Niretzako obsesiorik handiena, grabatzerakoan eta zuzenekoetan, gauzak toki konkretu batean entzutea da. Ezin dut jasan bateria bat mila zatitan entzutea, adibidez. Nik kantuek espazio bat izan dezaten nahi dut, irudikatu egin behar dut zer non dagoen begiak ixtean ere, nahiz eta gero dena gezur handi bat den izatez.
‘Busti’ kantuaren harira: bizitza bizitzeko, busti beharra dago?
Bakoitzak ikusten du nola jokatu, baina nik argi dut ez dagoela bizitzerik arriskurik gabe. Izan musikan, lanean, harremanetan… Arriskua hartzeak ez du esan nahi astakilo baten pare ibili behar denik, bakoitzak bere mugak non dauden jakin behar duelako. Los Planetas taldeko bateriak esaten zuen: «badira beren burua indie taldetzat zuten otso-larruz jantzitako ardiak, denak artaldean doazenak». Bada, arriskuak hartzea maite dut.
Ardurak arduratzen zaitu, baina normaltasunak beldurtzen zaitu?
Lortu dut bizitzako egun denak berdinak ez izatea, eguneroko 24 orduak errepikakorrak ez izatea, errutinan ez erortzea eta gauza berri on edo txarren bat egitea egunero, eta hori izango da akaso asebeteta sentiarazten nauena.
Damon Albarn gogoko duzu? ‘Tophus’ kantuan haren zantzuak nabarmen entzuten dira. Blur, Gorillaz…
Kantu hau Telecaster batekin dago grabatuta, afinazio trakets batean, eta gitarra hori Brian Cox Blurreko gitarra-jotzaileak halakoa erabiltzen zuelako erosi nuen. Gozotasunarekin eta zakartasunarekin jokatzen dute, eta asko gustatzen zait hori. Alizzz-en puntu bat ere badu, ekoizpen mota hori gustatzen zaidalako, gaztea ez zarela onartzen hasten zaren unea irudikatzen duela uste dut. Hark ere ahots bikainik ez du, baina bai melodiarako gaitasuna. Eta denborarekin konturatu naiz, gitarra-jotzaile eta halakorik ezetz, melodia dela benetan mugitzen nauena.
Ahotsarena asko aipatu duzu eta ausartu zara ahotsa gordin erakusten.
Bai eta, gainera, momentu gordinetan grabatua izan da. Badago ‘Begbovik’ kantuan lehenengo hartualdi horietako bat, gordina eta prestatu gabea. Saiatu nintzen zerbait egiten eta horrela utzi nuen.
‘Tophus’ zer den ere azalduko bazenigu…
Titulua jartzeak eta lotsa pixka bat ematen didala onartuko dut, oso garrantzitsua dela uste baitut. Betidanik gustatu zaizkit gauza zientifikoak eta nire iruditerian sartzea nahi nuen, oraingoan aukera sortu zait eta sartu dut. Tophus berez artikulazioetako gaitza da, izatez ez da zerbait oso polita edo musikarekin lotura duena. Baina kantu denetan bada kontzeptu bat, bidetik topatzen ditugun harri edo oztopoak.
Gabriel Arestik erabili zuen kontzeptu hori, Euskal Herrian ere lirikoki erabili izan da, eta nik ez nuen hain sakon jarri nahi baina etorri egin da. Hortaz, Tophusak oztopo asko jartzen ditu eta bizitza ere horrela da, baina ez dakit zenbateraino ez ote garen gu oztopoak jartzen dituguna bizitzan eta ez bizitza gu oztopatzen dabilena.
‘Begbovik’, beste izen berezi bat eta kanturik zikinena.
Sinisten dut diskoaren une zinematografiko batean. Hau da, istorio bat kontatzean eta ez duela zertan diskoak homogeneoa izan beharrik. Gero, zuzenean askotan hori gertatzen den arren, zure iruditeria eramateko oholtzara. Kantu hau lau mikrorekin bateria froga moduan grabatuz hasi zen eta horrela geratu zen, garbitasunari ez diodalako zentzurik ikusi abesti honetan.
Diskoa fisikoan aterako duzu?
Bai, azaroan, eta Durangoko Azokan ere egongo naiz nire proiektuarekin lehenengo aldiz. Prozesuari amaiera emateko eta zentzua emateko kaleratuko dut fisikoan, ni CD umea naiz, biniloak estetikoki eta sekulako garrantzia duen arren, nik dena CDan entzun dut eta gogoan dut oraindik erosi nuen lehenengoa. Julen Alberdik, Vulk taldeko gitarra-jotzaileak, egin du alde estetiko guztia, azala, grafismoa eta halakoak.
Ordura arte badago kontzerturik?
Bai, bada bat. Azaroaren 24an, ostegunarekin, Bilboko Kafe Antzokian emango dugu lehendabizikoa, Nize taldearekin batera. Lagun minak dira eta haiek ere El Tigre estudioan grabatu duten EP bat kaleratzekotan dira; hura aurkeztuko dute.
‘Leku bat aurkitu baino’ kantuak ostegun horretan Antzokian sekulako eztanda sor dezake.
Elektronika beti barnean eduki dudan zerbait da. Zerbait oso abstraktoa da niretzat, dena bonboa modu erregularrean agertzera mugatzen da, hori da arau nagusia, bai elektronika konbentzionalean. Hortik aurrera dena orri zuri bat da, gauzak tonoan egotea edo ez, ahotsa bai edo ez, instrumentu desberdinak…
Ni rocketik nator, bateria, baxua, gitarra eta ahotsa, eta elektronika beste zerbait da. Kapritxoa nuen halako zerbait egitekoa, ordura arte lagunen festetan musika jarri baino ez nuelako egin. Izatez beste kantu bat ere bazegoen halakoa prest, baina diskoaren ildo nagusitik irtengo nintzateke. Honek, ordea, ‘Uko’ kantuarekin badu loturatxo bat eta horregatik sartu dut diskoan. Zuzenean akaso ez dugu askotan joko, baina badu beste rollo bat eta ondo legoke Antzokian edo bestelako aretoetan kantu hau jartzea.