Zuzenean

Elkarren arteko zaintzaren fruitua da Amooma taldearen ‘Soul biscuit’

Mingain bizia eta erritmo dantzagarriak, aldarrikapena eta festa bat eginda joan daitezkeenaren adierazle. Gallarta aldekoak dira batzuk eta besteak bilbotarrak, nahiz eta Bilboko talde bezala aurkezten den. ‘Soul biscuit’ diskoa aurkezten izan da Imanol Urgoiti bateria-jotzailea MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Elkarren arteko zaintzaren fruitua da Amooma taldearen ‘Soul biscuit’

Loading player...
Loraldia jaialdiaren baitan eman zuen kontzertua La Terminal aretoan Amooma taldeak.
Loraldia jaialdiaren baitan eman zuen kontzertua La Terminal aretoan Amooma taldeak. (Ane MJ)

2018ko abenduan elkartu ziren eta urte erdian show bat prestatu zuten, Bilboko Aste Nagusian eskaini zuten lehen emanaldia, Komantxe konpartsan, eta «justu bandak behetik gorako bidea hartu zuenean», bi urteko sormen prozesu batean murgildu ziren egoerak hala behartuta. Gerora Deustuko festetan eta Zorrotzaurreko La Terminalen eman dituzte disko berria aurkezteko kontzertuak. «Badugu gogoa uda on bat pasatzeko eta pasaraztekoa, eta ea aukera gehiago sortzen diren», esan digu bilbotarrak.

Musika beltzaren bueltan sortutako proiektua da, funkya, r&b-a, soula… denetarik jorratzen dute. «Hamaika pertsona gara taldean eta bakoitza bere eremutik gatoz. Sortzen dugunaren erdiko puntu horretan musika beltza dago eta talde moduan batu egiten gaitu», aipatu digu Urgoitik. «Irunek eta Rubenek elkarrekin ikasten zuten eta pixkanaka elkartzen joan ziren. Ikasten zuten tokian eman zuten lehen kontzertua eta gerora batu nintzen ni neu ere. Orduan sortu genuen ‘Welcome to Bilbo’ kantua eta hasi ginen maiztasun batekin entseatzen eta halakoak. Pixkanaka-pixkanaka kantak sortuz joan ginen, Sergio batu zen taldera eta kontzertuak ematen hasi ginen», kontatu digu bateria-jotzaileak.

Funkaren olatuan

‘Maldan behera’ kantuarekin irekitzen dute disko berria eta elementu asko ditu, soul estiloko introa, funk erritmoa gitarretan eta orokorrean hip-hop erritmoa du. «Funk estiloa dagoela esango nuke raparen zainetan. 60etan sortu zen rapa eta gisa horretan pixka bat, funk biniloei bueltak eman, zatitxoak hartu eta horren gainean hasi ziren rap abeslariak. Purutasun hori badugula esango nuke, guri gustatzen zaigu hori, eta rapa bogan badago ere, eta gure kantuetan entzuten da, haien aitzindariak presente eduki nahi izan ditugu diskoan», azaldu digu Urgoitik. Bilbon funk talde asko direla kontatu digu baina raparekin nahastuta ez zutela gehiegi ikusten eta ideia original moduan gisa horretako abestiak sortzea izan dute helburu. «Nabaritu dugu, gainera, funk talde asko atera direla azkenaldian Euskal Herriko eszenan eta horrek poztu egiten gaitu. Elkartasun bat sortu daiteke eta hori beti da pozgarria», nabarmendu du Amooma taldeko kideak.

Abesti horretan «musikan dena galbahe beretik pasa eta antzekotasunera» bideratzen dutela salatu nahi izan dute: «Gu ez gara identifikatuta sentitzen horrekin eta gure burua pixka bat galduta ikusten dugu. Konturatzen gara musika identitate pertsonalizatuen kontu bat bihurtu dela eta hortik ihes egin nahi izan dugu, banda baten nortasuna bilatu nahi izan dugu, gure arteko harremanak indar handia duela uste dugulako eta hori zaindu beharreko zerbait da». Taldearen izenari buruz galdetu nahi izan diogu bidenabar: «Kasualitatez iritsi zen izen hori, baina gerora konturatu gara bada familian bezala gure artean ere badagoela elkarren arteko zaintza bat. Hortaz, gure amonak etortzen zaizkigu burura, pertsona goxo eta garrantzitsuak izan direnak, eta horri lotu diogu taldearen izena. Gero, bi O zergatik jarri dizkiogun? Beno, bada, palindromoa ere osatzen delako».

«Banda baten nortasuna bilatu nahi izan dugu, gure arteko harremanak indar handia duela uste dugulako eta hori zaindu beharreko zerbait da»

Amamaren etxera joan izan garenean, diskoaren azalean agertzen den gaileta kutxaren bat ikusi izan dugu inoiz. Lotura egin edo ez, ‘Soul biscuit’ izenak eta irudiak horra ere bagaramatza. «Amamaren etxera joan, gaileta kutxa ireki eta sorpresa! Barruan josteko gauzak aurkitzen dira, kar-kar. Kasualitatez etorri da kantuaren izena eta diskoaren izena egiari zor, hasiera batean diskoarena ez, taldearen izena izateko pentsatu zelako. Gero diseinuak egiterakoan eta, gaileta kutxa hori etorri zitzaigun burura», dio Urgoitik.

Diskorako kolaboratzen izan dituzte hainbat lagun. «Guda Dantza taldeko Jon Basañez hasieratik egon da gurekin laguntzen eta bere anaia Ander izan da disko honetan lagundu duen beste pertsona haize-sekzioan. Gero, perkusioetarako David Mellado izan dugu bidelagun, La Tokokera taldean jotzen du eta artista hutsa da. Diskoak beste maila bat hartu du hauekin guztiekin lokalean genuen kantuak abiapuntutzat hartzen badugu», esplikatu du Amoomako kideak. Zuzenekoetan, momentuz, saxoarekin soilik izango dira «ez baita erraza haize sekzioa osatzeko musikari gehiago topatzea», momentuz ez dute ezer programatuta botako zuzenean, nahiz eta «rap munduan asko egiten den zerbait izan. Bandaren nortasuna, genero moderno bat musika organikoarekin egitean zentratzen da».

Kapitalismoari kritika zorrotza egin diete ‘Urte mugatuak’ abestian. «Irunek esaten duen moduan, betikoei eragiten die kapitalismoaren kalteek, eskala sozialean azpian daudenei. Hirian bizi gara eta herri batera goazenean dagoen lasaitasunak ere asko laguntzen digu atseden hartzerako garaian, hori ere bada klima larrialdiaren inguruan dagoen zerbait, hiri batek duen kutsadura akustikoarena. Antsietate maila areagotzen du hiriak eta hori ere bada albo kalte bat», agertu du bilbotarrak.

Aldaketei aurre egiten

Kanturen batean bi hizkuntza nahasten dituzte, baina modu naturalean sortzen den zerbait dela kontatu digu: «Bizi garen tokian, askotan horrela hitz egiten dugu. Zerbait hizkuntza batean ateratzen ez zaigunean, bestera jotzen dugu. Baina, bestalde, mezuak bi hizkuntzetan ematean jende gehiagorengana ere iritsi zaitezke, baia hori hitzen egileei galdetu beharko genieke». Taldean Peru, Manza eta Irune dira abesten dutenak, izan ere Irune Bartzelona aldean dago eta etortzen denean taldeko bat gehiago bada ere, kontzertuekin eta talde dinamikarekin aurrera jarraitzen dute Amoomakoek Manzarekin. «Manza taldekidea izan da hasieratik, Komantxe konpartsan eman genuen kontzertu hartan oholtzara igo zen. Gero Irune Bartzelonara joan ze ikastera eta hark ezin zuenez kontzertu askorik eman, elementu bat gehitu diogu taldearekin eta zuzenekoa formatu desberdinetan emateko aukera sortu zaigu eta guretzako ere dibertigarriagoa da hori», kontatu digu bateria-jotzaileak.

«Amets egitea ere gustatzen zaigu, batez ere esna gaudenean» eta horren inguruan hitz egiten dute ‘Solo de ida’ kantuan. Horri «no necesitamos promotoras» esaldia gehitu behar zaio, izan ere taldeko kide batzuk ‘Piztu Bilbo, itzali MTV’ abestian ere hartu zuten parte: «Gure taldean zeharka dagoen gai bat da promotore horien beharrik ez egotearena. Espazio autogestionatuen aldeko kantu bat da aipatu duzuna eta gu ere horren atzetik gabiltza, gure musika egiten dugu eta gure sormena egiten dugu eta gure kabuz kudeatzea da guri gustatzen zaiguna. Gure kolaborazioak eta lan egiten dugun pertsonak ere gure ingurukoak dira, horretan sinisten dugulako».

Musikalki reggaearen linea daraman baxu bat entzun daiteke, dub organiko bat bailitzan bihurtuz abestia. «Hori da gure betiko borroka, zer generotako abestia egin dugun zehaztearena. Nire ustez kantu hau oso raperoa da, baina baxuaren lineak badu reggae kutsu hori, hortik gatozelako eta hor batzen garelako guztiak, musika beltzaren bueltan», azpimarratu du Imanol Urgoitik. Urtzi Izarekin grabatu dute diskoa Eten espazio sonoroan: «Uste dut Who Killed Laika taldea izan zela gure aurretik estudio berrian grabatu duen talde bakarra. Urtzirekin hartu-emanean hasi ginean oraindik dena atontzen zebilen eta itzuli ginenean dena aldatuta zegoen. Asko lagundu digu grabaketa prozesuan eta gauza pila bat ikasteko aukera izan dute berarekin».

Musikariaren zikloa

‘Ur urdina’ kantuaren atzean dagoen metaforari buruz galdera luzatu diogu Urgoitiri, kantua hobeto ulertu nahian: «Aipatu behar dut Peru dela abestien hitzak idazten dituena, bereziki disko honetan dena oso modu metaforikoan idatzi ditu abestien hitzak. Kantu honetan euri tantak sinbolizatzen duena da nola artista bat mendi batean jausten den eta uraren zikloa betetzen duen. Ur gozoan hasi eta ur gazitan bukatzen du urak askotan, antzekoa da baina ez da berdina, eta influentzia desberdinek musikariarengan duten efektua antzerakoa da. Musikalki kantua intentsitatez igoz doa, baina errekurtso ohikoenak erabili gabe, hau da, ez du ez distortsiorik ez zarata handirik».

Diskoa fisikoan kaleratzeko asmotan dira, baina bitartean digitalean eskuratu daiteke. «Bideoklipak ere ikusteko moduan daude eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Sekulako lana egin dute bideogintzan aritu direnek eta gure ideiak bikain landu dituztela esan dezakegu», bukatu du Urgoitik. Gisa horretara gozatu beharko dugu Amoomaren musikaz, kontzertu gehiago iragarri bitartean.