Mona Rora proiektuaren ironia fina aurkeztu digu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartean
Lau proposamen berri ekarri dizkigu kazetari bilbotarrak udaberriko eten laburraren ostean.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bi asteko etenaren ostean bueltan da ‘Zarata’ tartea eta gaixorik bada ere MusikHaria saiora bisita egin du Iker Bárbara kazetari bilbotarrak. Lau proposamen berri luzatu dizkigu, zirkuitu alternatiboan daudenak lauak ere.
Lumi biko lapurtarra da ekarri digun lehendabizikoa. Badirudi lan berri baten atarian gaudela, izan ere bigarren single bat kaleratu berri dute Nahia Zubeldia eta Manu Mathyssek, UsoPop zigiluaren azpian.
Mona Rora proiektua da bigarren tokian ekarri diguna. «Sorpresan harrapatu nau, izan ere pandemia garaian sortutako proiektu pertsonala zena, orain talde moduan aurkeztu du», aipatu digu Bárbarak. Denbora gutxian Bilbo inguruan kuttun bilakatu den proiektua da eta kantu berriarekin dator. Ironiaz betetako kantua, entzungo duzuenez.
Bilbo aldean segiz, Full Cab taldea aurkeztu digu Zarata MondoSonoroko edizioaren arduradunak. Laukotea dira eta ingelesez abesten dute, eta, orain, lehen singlea kaleratu dute bideoklip eta guzti. Taldeko abeslaria Liam McDonell da eta Hofe artistaren bideoklip bat baino gehiago zuzendu du.
Bukatzeko, beste bikote bat ekarri digu Bárbarak. We are Apes, hello! deituriko proiektu honetan gitarra-jotzaile bat eta bateria-jotzaile bat aski direla musika sortzeko argi geratu da beste behin. EP berria kaleratu dute eta hango lagin bat ekarri digu kazetari bilbotarrak.
Hauek dira, beraz, aste honetako lau proposamenak:
– Lumi - Oroimenak
– Mona Rora - Bilbao 2025
– Full cab - HFA
– We are Apes, hello! - Spooky boy