Iker Martinez: «Zuzenekoetan defendatu ditzakegun elementuekin egin dugu diskoa»
'Hegaldiak' diskoa argitaratu du Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldeak. Lagun artean egindako diskoak kolore eta doinu anitzak ditu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Ez galapan, ez trostan. Pegaso bailiran, hegan etorri dira Iker Martinez eta Zaldi Herrenak. Iker Martinez de Zuazok bere bakarkako ibilbideko lehen bi lanak argitaratu zituen 2017an eta 2019an, 'Itzalen Mundua' eta 'Lurralde Berriak'. Oraingoan, baina, Zaldi Herrenak ditu taldekide 'Hegaldiak' diskorako: Joxeba Aranburu, Iñigo Biain, Jimmy Irizar eta Iñigo Ugarte.
Iker Martinezen ibilbidea ezagutzen duenarentzat, kideak ez dira ezezagunak, zuzenekoetan haien babesa izan baitu aspalditik. «Gustura ibili ginen, denok batera herririk herri, eta diskoa denon artean grabatu dugu» esan digu abeslariak.
Horrela, hirugarren honek badu aurreko bi diskoekin desberdintasunik. «Grabatu ahala sortu ziren diskoak izan ziren lehenengo biak; honekin ordea, estudiora talde formatuan jun ginen» kontatu digu. Horrela jaio zen Iñaki Martinez eta Zaldi Herrenak taldea. Baina zergatik zaldiak? «Ez dakit zer erakartzen nauen zaldietatik, baina rock munduan asko agertu den animalia bat da».
Osotasun batetik abiatuta, kolore anitzeko diskoa argitaratu dute. Hor dago folk-rock amerikarra, baina badaude oso gitarra hard-rockeroak dituzten abestiak edo abesti lasaiak ere. «Taldeak badauka soinu propio bat, baina elementu berriak sartzen saiatu gara; hortik abiatuta abesti desberdinak egiten saiatu ginen».
Bigarren Kafera gerturatu da taldea, elkarrizketa akustikoa eskaintzera.