IRRATIA
Entrevue
Unai Urra
Psikologoa

«Ume askok aita edo ama kristaletik ikusteari uko egin dio, babes mekanismo gisa»

Covidaren eraginez espetxeetan ezarritako baldintzek zuzeneko eragina izan dute presoen eta hauen senideen buru osasunean. Hilabete luzez elkar besarkatu ezinda izan dira eta distantziamendu emozional handia eragin du honek. 

Espetxeetako zarrailek preso eta senideen arteko distantzia areagotu dute covid garaian. (FOG | Getty Images)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Aste honetako 'Etxerako Kunda'-n Unai Urra, Etxerat elkarteko psikologoa, izan da gonbidatuetako bat (10'-tik aurrera). Covidaren ondorioz ezarritako neurriek presoen eta hauen senideen artean sortu dituen arazoak azaldu ditu, haurren kasuan azpimarra eginez. Urte eta erdi euren ama edo aita besarkatu gabe, kudeatzen oso zailak diren egoerak sortu ditu honek bai haurrengan eta baita presoengan ere. 

Bi urte badira pandemia hasi zela eta badira presoak hilabete piloa daramatzatenak euren gertukoak ukitu ere egin gabe, eta berdin senideen aldetik. Zer eragin du pertsona batengan afektibitate galera honek?
COVIDa heldu baino lehen egoera egonkorrean ziren hainbat presok okerrera egin dute, desorekatu egin dira kontaktu faltagatik. Indefentsio sentsazioa eman da asko, distantziamendu emozionala gehien bat, frustrazioak, haserreak, etsipen egoera bat bizi izan dute. Bikoteen arteko krisiak ere areagotu egin dira. 

Senideei dagokionez, kontuan hartu beharko genituzke umeak. Eurak izan dira kaltetuenak eta honek ekarri duena izan da distantziamendu emozional oso potente bat umeen partetik.

112 haur eta gaztetxo dira gurasoak besarkatzeko aukerarik izan ez dutenak...
17 eta 18 hilabete inguru itxaron dute batzuk aita edo ama besarkatzeko. Abandonu sindrome baterako pausoak eman dira, ez dugu esan nahi eman denik baina horren beldurrez ibili gara eta lotura emozional hori galtzeko arriskua ere eman da. Indefentsio bat ikusi baita bai ume zein presoen artean eta horrek beldur hori areagotu egin du.

Kartzelak abagunea ondo probestu du presoak isolatzeko are gehiago...
Duda gabe, kartzela berez baldin bada isolamenduan murgiltzen duen gune bat, COVIDaren poderioz ekarri duena da oraindik etsipen gehiago. Presoen artean bakardadea areagotu du eta baita hoztasun afektibo-emozionala ere.

Eta ezin jakin noiz itzuliko diren aurreko egoerara...
Oso zaila da, gaur egun erradiografia zehatzik ez daukagu. Espetxeko baldintzak oso aldakorrak dira, espetxe batzuetan bis a bis-ak martxan jarri dira baina oso espetxe zehatzetan eta guk azkenean psikologo bezala ikusten duguna da normalizazioa ezinbestekoa dela, ezin garela ibili gabiltzan bezala; gure aldetik ere bai lan egiterako orduan, zailagoa da lokutorioetan lan egitea, kontentzioa ezin egin krisiak eman direnean, sustengu emozionala ematerakoan ere zailagoa izan da.

«Hau oso gai mingarria izan da, gehien bat kontzientzia lantzeko presoen artean nola umeak azkenean egiten duen bere barne eztabaida eta batzuetan gurasoa ez ikustea bera babesteko modu bat dela»

Haurrei dagokionez lokutorioak ere hor daudela esango dute batzuk, baina nola azaltzen zaio haur txiki bati kristalaz beste aldean duen ama edo aita ezingo duela ukitu?
Gai oso delikatua da. Ume batzuen artean eman dena da ez joan nahi izatea ama edo aita bisitatzera. Gehien bat distantziamendu emozional horretatik, eurek euren burua babesteko modu bat izan da eta askok, ume askok, erabaki dute ez dutela nahi ama edo aita kristaletik ikusi; orduan, egia da presoentzako hau oso gai mingarria izan dela eta hemen lan asko izan dugu, gehien bat kontzientzia lantzeko presoen artean nola umeak azkenean egiten duen bere barne eztabaida eta batzuetan gurasoa ez ikustea bera babesteko modu bat dela.

Presoei ere ez zaie erraza egingo egoera horiek ulertzea...
Ez, oso zaila da eta gehienbat hau dena azaltzea lokutorioetan besarkada gabe, kontaktu gabe, sentitzeko momentu hori gabe askoz ere zailagoa da. Lokutorioetan gainera askotan telefoniloa ez dabil ondo, ez da ondo entzuten, komunikazioa oso zaila da eta terapia bat aurrez aurrekoa ez bada oso zaila da hau dena adieraztea barruan dagoenari. Espetxeak egiten duena da dauden arazoak handitu eta halako gai delikatu batekin umeak tartean daudenean oso zaila da lan egitea.

Lokutorietako kristalen zentimetro gutxiko distantzia itzela (Getty Images)
Lokutorietako kristalen zentimetro gutxiko distantzia itzela (Getty Images)

Atentzioa ematen du kalean neurri murriztaile gehienak altxa direnean kartzeletan oraindik lehen egunetan bezala jarraitzea.
Bai, ez du zentzurik. Presoak lehen baino isolatuagoak daude Covid egoera honekin. Azkenean, laster kanpoan gaudenok ez ditugu erabiliko musukoak leku itxietan ere eta hemen oraindik berrogeialdi gogorrak bizitzen dabiltza barrukoak. Dena areagotzen du espetxeak eta ez da batere erraza.

Baduzue informaziorik espetxeek emango dituzten hurrengo urratsen inguruan?
Ideiarik ere ez. Kasu honetan oso desinformatuta gabiltza eta egunez egun gabiltza...

Dagoeneko bi urte egunez egun...
Bai, eta oraindik horrela jarraitzen dugu. Psikologo gisa ere frustragarria izan da lana horrela egitea, oso gogorra da. Berez espetxeak dakarren lan karga handia da, covidaren ondorioekin askoz ere gogorragoa da. Frustrazio handia dakar profesionalentzat ere, ez dakigu hau noiz amaituko den, espetxetik espetxera aldaketa handiak daude, batzuetan malguagoak dira, besteetan zurrunagoak. Ez dago inolako pautarik espetxeen artean, espetxe bakoitzak bere lege propioak egiten ditu, mikrokosmosa da eta gauza gutxi egin daiteke horren aurka.

Nafarroako Gobernuak ez baina Lakuak eskuratu ditu espetxe eskumenak, zer egin dezakete egoera hobetzeko? 
Ez dakit, psikologo gisa ez dakit zer egin dezaketen baina espero dut politika gizakiarragoak bultzatzeko gai izatea. Presoek eskubideak dituzte eta urte hauetan guztietan urratu egin zaizkie, espero dut eskumen aldaketa honekin politika humanoagoak egitea.

Zaballako espetxera martxa (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Zaballako espetxera martxa (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Bitartean, horrelako egoera zailak bizitzen ari diren presoentzat bada aholkurik?
Nik eman ahal dudan aholku bakarra da sentitzen dutena sentitzen dutela zilegi dela eta askotan gauzak plazaratu egin behar direla eta gu horretarako gaudela. Ni ez naiz pertsona bat asko hitz egiten duena saioetan edo zer egin behar duten esaten diena, askotan nire lana da belarria jartzea eta pasatzea ordu bi presoa entzuten, hori bera ere terapeutikoa da. Izatea pertsona bat ez dituena epaituko, adi dagoena entzuten, bere ondoan dagoena eta bere ondoan egongo dela berak nahi duenean, berak markatuko du zenbat denborako saioak izango diren, oso terapeutikoa dela uste dut, eta gehien bat hitz egitea. Animatzen ditut presoak kontuan hartzea Etxeratek baduela asistentzia psikologiko hau eta horretarako gaudela.