Zuzenean

Patxi Uranga
Elkarrizketa
Anaiz Funosas
Bake Bideako lehendakaria

«Abisatu dugu: Parot eta Esnal askatu ezean arazoak eta zalaparta sortzera goaz»

Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal aske utzi ezean «Euskal Herria blokeatu» asmo duela aurreratu dute bakegileek eta Bake Bideak. Maiatzaren 13an eta 19an dute bi euskal presoek hitzordua auzitegian. Mobilizazio fase berriak dakartzan «ondorioak asumitzeko prest» daudela dio Anaiz Funosasek.

Audio_placeholder

«Abisatu dugu: Parot eta Esnal askatu ezean arazoak eta zalaparta sortzera goaz»

Loading player...
Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak egoerarekiko kezka haserre bilakatu dela nabarmendu du. © Bob EDME
Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak egoerarekiko kezka haserre bilakatu dela nabarmendu du. © Bob EDME

Hiru hamarkadatik gora daramatzate preso Ion Kepa Parotek eta Jakes Esnalek eta euren baldintzapeko askatasuna berriro ere aztergai izango da maiatzean. Bakegileek eta Bake Bideak garrantzia berezia eman diote aldi honi, aldeko erabakirik ez bada Euskal Herria blokatzera deitu dute. Etxerako Kundan izan da Bake Bideako Anaiz Funosas. 

Egiaren ordua iritsi dela diozue. Aldeko ebazpen baten itxaropenik baduzue?

Itxaropena badugu, beti bada. Itxaropena egoteko borrokatzen gara. Maiatzaren 13ko eta 19ko audientziak kontestu politiko batean kokatzen dira. Nik errango nuke salbuespenezko neurriak bete-betean aplikatzen direla momentu honetan eta legedi antiterroristak hartua duela dosierra eta kudeaketa. Gobernu berri baten aurrean egongo gara laster, Korsikan gertatutakoa ere azpimarragarria da eta oihartzun handia izan du. Esperantza bai, baina sinesten dugulako, batez ere, gure indarrean eta bereziki Ipar Euskal Herrian garatu dugun dinamika anitz eta transbertsalean; non mobilizazioek eta mobilizatzeko era ezberdinek babes eta fideltasun osoa duten. Horrela kokatzen gara bi audientzia horien atarian.

32 urte preso. 70 urtetik goa dituzte. Zer gehiago behar dute epaitegiek?

Nik uste dut azpimarratzekoa dela, hauen kasuan, lehen instantziako epaitegiak jada posizionamendua hartua duela haien egoeraren aurrean. Ion Keparen kasuan seigarren eskaeraren aitzinean gaude. Lehena ukatu egin zioten arren beste laurak onartuak izan ziren. Baina, fiskalaren jarrerak eragin du Ion Kepa preso egotea oraindik. 2010ean bere askatasuna onartua izan zen lehen aldiz, baina fiskaltza harresi gisa jarri da eta mendeku ikuspegitik ari da, iraganera lotua nahi du gaia. Aldiz, lehen instantziako epaitegian bilakaera ikaragarria eman da argumentazio mailan. Aiete geroztik eta armagabetzea eta gero, epaitegi horrek posizionamendua finkatu du bake prozesuaren ikuspegiarekin.

Nola daude animoz bi presoak? 

Datozenak bi hitzordu inportante dira eta eragin ikaragarria izan dezakete onerako eta txarrerako. Hala ere, presio hori izanda ere, sendo daude biak eta audientzia horiei begira prestatzen ari dira. Ongi inguratuak daude eta konektatuak daude Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren gogoeta eta dinamikekin.

Desobedientzia ekimenak abiarazi dituzue, erabaki baikorrik ezean gehiago ere iragarri dituzue... 

Urtarrileko manifestazioa aprobetxatu genuen fase berri hau jakinarazteko. Apirilaren 1ean eta 2an noraino iritsi gaitezkeen erakutsi genuen. Lehentasunez hartu behar du gai hau gobernu berriak, eta ez bakarrik Jakes eta Ion Keparen askatasuna. Hauena ezinbesteko pausoa da Frantziako Estatuan geratzen diren presoen gaiei eutsi ahal izateko. Erronka fase berri batean sartu gara non salbuezpeneko neurri denak borrokatuko ditugun.

«Sartu garen fasean sartzeak ondorioak ekar ditzake, baina hemen badago jende bat prest erabat asumitzeko egon daitezkeen ondorio horiek»

Ordezkaritza anitz eta zabala duzue alde.

Bai. Baldintzak ere ez dira berberak Ipar Euskal Herrian eta hegoaldean. Ipar Euskal Herrian hautetsi ezberdinen arteko elkarlana dago eta baita indar korrelazioa bilatzeko ahalegin etengabe bat ere. Duela gutxi arte instituziorik ez izateak eragin du tresnak sortzea. Gure iraganak ez dira berdinak eta Aiete Ipar Euskal Herriarentzat aukera izan zen aktore bilakatzeko. Frantziako Estatua lehen aldiz izendatzen baitute subjektu, eta ondorioz, Ipar Euskal Herria mapan sartzen dute, Espainia-ETA logika alde batera utzita.

Oihartzun handia izan zuen apirilean egin zenuten desobedientzia ekintzak.

Erabat. Uste dut badugula, eta badagoela, armagabetze garaian bezala, ardura bat. Jendeak badu sartua ez badugu guk geuk bultzatzen dena bere horretan gera daitekela. Gure ekintzak oihartzuna izan bazuen, Yvan Colonnarena gertatu zelako da. Bere heriotzak ekarri du frantses komunitate esanguratsuetan problematika honekin interesatzea, lege antiterroristak eragin dezakeenaz... Sartu garen fasean sartzeak ondorioak ekar ditzake, baina hemen badago jende bat prest erabat asumitzeko egon daitezkeen ondorio horiek.

Udan Ipar Euskal Herria blokeatzera zoazte?

Bai. Maiatzaren 13an eta 19an ematen diren audientzien arabera. Guk abisatu dugu: ez badira bi preso horiek askatzen, udan, turismo saio bate-betean, arazoak eta zalaparta sortzera goaz. Bai, egitera goaz.

Abixua emana dago beraz...

Bai, hori da.

Jaurlaritza Logoa