«Beti dago bizitza argiztatuko digun norbait eta ateak ez dira sekula itxi behar»
Iratxe Aguilera (Gasteiz, 1996) da Kai Nakai proiektuaren ahotsa eta irudia. ‘Baimenik gabe’ diskoa atera eta gutxira etorri da bere bigarren albuma, bost abestiz osatutako ‘Maitia’. Istorio pertsonaletatik abiatutako hitzekin, doinu dantzagarriz bete du diskoa gasteiztarrak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Durangoko Azokan salmentan eduki ostean publikatu du ‘Maitia’ albuma Kai Nakaik eta «harrera ona» izan du Iratxe Aguilerak kontatu digunez. Promozio bideoak egin ditu Julen De La Sernaren eskutik eta hark zuzendutako ‘Buen plan’ film laburrean ere aritu da aktore lanetan. Iruditeria Tamara Araveciarekin landu du.
Isil samarrean atera duzun diskoa izan da ‘Maitia’.
Egia esan inork ez zuen espero eta azkenaldian sareetatik nahikoa urrun ibili naizela egia da. Baina Durangoko Azokan postua jarriko nuela jakin orduko, disko berri batekin aurkeztea erabaki nuen. Gauza da sareetan akaso ez dela nire presentzia sumatu, topera ibili naiz estudioan, batetik bestera lanean, kontzertu dezente ere banituen. Hala, ia ahotsik gabe iritsi nintzen Ahotseneakora. Izan ere ordu guztiak nik eman nituen Azokako standean eta horrek ere ahotsa nekatzen du.
Lehen aldi asko daude eta ‘Lehen aldia’ honetan haietako zeini ari zara aipamena egiten?
‘Maitia’ albumean, orokorrean, nire maitasun istorioez ari naiz eta hau maitemindu nintzen lehen aldiari buruz idatzita dago; ez zen ondo atera. Uste dut denok bizi izan dugula halako zerbait, maitasun istorio oso intentsu bat bizitzen egon eta aurrera ez doala ikustean mundua erortzen zaigun unea.
Durangokoa ere lehen aldia izan zen eta Durangoko Azokak emandako sormen bekari esker hasi zinen proiektua gauzatzen.
Ilusio berezia egiten zidan bertan stand bat izateak, Kai Nakai Durangon hasi zelako. Beka horri esker proiektu guztia sortu eta lehen bultzada eman genion. Hortaz, hau aurrera eraman behar genuen eta standaren esperientzia bizi nahi nuen. Ikusi zenuen, gainera, oso ‘kuki’ neukala jarrita.
Esan beharra dago oso saltzaile ona zarela, mundu guztia animatzen zenuen zure txokora gerturatzera. Euskarri berritzaile bat da gainera atera duzuna, zinta interaktibo batean dator ‘Maitia’.
Kai Nakai beti gauza berriak sortu nahian dabil. Bi gauza nituen atentzioa emateko, batetik kasete interaktiboa deitu duguna, walkman batean entzun daitekeena eta baita mugikorra gerturatuz ere, kasete magikoa deitu dudana; eta, bestetik, walkmana bera. Pasatzen ziren ume guztiek galdetzen zuten ea zer zen walkmana edo kasetea, eta probatzen zuten erabili eta musika bertatik entzutea. Gainera, oso polita zen haien gurasoak azalpenak ematen ikustea, beren garaian nola entzuten zuten musika gogoraraziz.
Tatuajeak eta abar ere bazenituen.
Oso feriantea naiz ni.
Beno, zuen kaleak bazuen pixka bat kutsu hori.
Pleura eta Katez taldeetako jendea nuen ondoan. Hitz eginda geneukan elkarrizketaren bat eginez gero, atzetik agertu behar zutela beren diskoarekin promoa eginaz. Bada, etorri zirenean, hasi ziren atzean jarri nahian eta dena goitik behera erori zitzaien. Oso barregarria izan zen egoera. Sekulako giroa geneukan, Marenek goizero bizkotxoa ekartzen zuen… Oso polita izan zen guztia.
Nekea ere bai ezta? Baina esperientzia sekulakoa eta berezia izango zen Plateruenan.
Noski, oso berezia izan zen justu urtebete pasa zelako gure lehen kontzertutik. Ikustea izandako gorakada eta sarrera guztiak agortu zirela eta aretoa bete zela, guretzako sekulakoa izan zen, eta ilusionatuta gaude.
Anepek ere gainera proiektuari zabalkundea eman dio dantzaren kontuarekin.
Xsakara eta Duplaren ‘Beroa’ kantuarekin bideoklipa egin zuten eta TikTokean challenge asko egin ditugu gure musikarekin. Artistoi musika ezagutzeko sare berri bat jarri digute eskura eta azken kontzertuetan dantzatxoak dituzten abestiak aurkezterakoan, jendeak dantza egiten du. Askok dio umeentzat dela TikTok sarea eta ez, helduagoek ere nabarmena da ikusten dutela. Hortaz, TikTokek efektua du eta gainera Spotifyn ere zenbakiek gora egin dute behin horiek egiten hasi ginenetik. Gainera, TikToken denetarik egin daiteke, dena ez da dantza.
Lehen aldia eta gero ‘Mila gau negarrez’.
Tristura asko pasatzen da erlazio bat apurtzean, eta pertsona hau nire bizitzatik joan zenean oso gaizki egon nintzen, txarto pasa nuen eta dolua pasatzeko denbora luze bat eman behar izan nuen. Gaizki nintzen, baina aurrera egin behar da eta bide berriak probatu behar dira. Pertsona bat uzten duzunean norberarekin tentuz ibili behar da, sentimendu pila bat sortzen direlako eta ezin delako mamu bat bezala desagertu horien aurrean.
18 hilabete aipatzen dituzu.
Ez dakit pertsona horrek entzun duen edo ez, baina berari zuzenean idatzita dago abestia.
Eli Zalduaren hitzak dira zure ideiei forma eman diena. Erriman arreta jarrita, sekulako garrantzia du kantu honetan.
Nik uste nuen beste abestiren bat izango zela entzunena eta ez, hau ari dira gehien entzuten eta akaso itsaskorrena da. Elik lan bikaina egin zuen eta nik sentitzen nuena super ondo transmititu du. Lana azkar eta ondo egin du eta nik uste emakumea eta gaztea denez, oso gertuko sentitzen zuela eta horrek lagundu duela hau hain errez egiten.
Bigarren bertsolaria letrak egiten, oraindik bertsozale bihurtuko zara.
Azkenean bertsolaritza zerbait oso garrantzitsua da eta gainera barruan daramazun zerbait da. Letrak idazteko sekulako abilezia dute eta zergatik ez du bertsolari batek reggaetoi kantu bat idatziko? Bertsoak idazteko modukoa da ia-ia.
Larunbat gauei gorazarre egin diezu ‘Kontrolik gabe’ abestian. Halako gauren bat egongo zen uda honetan ez?
Noski baietz. Momentu txar horiek gainditu eta dena ahazteko larunbat gauean ateratzen gara ligatzera, ez ligatzera, parrandara, dantzara… Oxala abesti hau diskoteka batean entzutea! Beharrezkoak ditugu halako gauak.
The Big Sound izan duzu album honetako ekoizpenean.
‘15K’ abestia sortzen lagundu zidaten udan eta uste dut oso ondo egin zutela lan. Hartara, haiekin egin nahi izan dut lan berria. Kolonbiarrak dira eta proposatu nien ekoizpena, konposizioa, nahasketa eta masterizazioa egiteko eta oso-oso pozik nago emaitzarekin. Oso doinu gaurkotua dute eta melodiekin oso pozik geratu naiz. Medellinekoak dira eta haiekin hizketan askotan esaten diet hara joan eta ezagutuko nituzkeela pozarren. Berentzat arraroa da sortzen dutena euskaraz entzutea eta gustuko dute, baina gazteleraz abestiren bat-edo egiteko esan didate, nire ahotsa haientzat exotikoa delako dudan azentuagatik. Gaztelerazko zatitxoa haiek idatzi zuten eta sartu beharrekoa iruditu zitzaidan.
Nazioarteko harremanek bide berriak irekitzeko aukera ematen dizu ezta?
Nahasketa kultural oso polita dela uste dut eta iruditzen zait bide horri eutsiko diodala.
‘15k’ aipatu duzu, ‘beef’ famatua. Gozamena edota buruhaustea izan da?
Gozamen totala. Nire barnetik atera da eta hustuta eta oso gustura geratu naiz, nire kanturik gogokoena da egun.
Eta irabazlea zara, ezta?
Bai, esan dezaket ‘beef’ honetako irabazle naizela, inork ez didalako erantzun.
Zuk Zabalganan emanaldia zenuen egun berean, Chill Mafiak Jimmy Jazzen zuen berea. Ez zen ‘beef’ gehiago sortu ulertzen dudanez.
Ez, ez. Baina gogoz geratu nintzen Jimmy Jazzera joateko, lana nuen hurrengo egunean eta ezin nuen bertaratu. ‘Bedeinkatua’ abestu zutela ikusi dut eta bueno, hori ia… Baina ongi konpontzen gara, ‘beef’ bat da eta kito.
‘Zure eskutik’ abestian, erabat maitasun erromantikoaz ari zara edo lagun bati ari zara hizketan?
Zeinen polita den hau aipatzea, nire bikoteari idatzitako kantua delako baina laguntasun batetik abiatu ginelako. Poliki-poliki hasi ginen eta harreman sanoa dugu egun. Denok bilatzen dugun harreman sano horri egiten diot erreferentzia, aurreko erlazioa ahazten asko kosta zitzaidalako eta oraindik ere zerbait eduki dezakedalako barruan. Baina norbait agertzen denean eta argia ematen dizunean, oso polita izaten da. Hartara, diskoan harreman toxiko batetik abiatzen gara eta harreman sano batetara goaz, bide polita egin dugu.
Ukitu tropikala badu abesti honek.
Nik «La canción de Ozuna» dela esaten dut beti.
Aipatu duzu lan askorekin ibili zarela, aurrera begira urtarrilean duzu hurrengo kontzertua.
Bilborocken urtarrilaren 3an dugu hurrengo kontzertua, Xsakararekin batera eta gero martxoan beste bat. Denbora behar dugu 2022ko kontzertuak prestatzeko eta horri bueltak ematen ari gara dagoeneko. Akaso otsailean atera daiteke beste kontzerturen bat, baina guretzat hilabete hori da lanketarako gordeta daukaguna.
Zuk kalera ateratzeko gogoa duzu.
Nire proiektua COVID garaian hazi den proiektua da eta ez naiz kexatzen, baina denak eserita edota antzokietan izan dira eta gure musikarentzat beste toki batzuk behar dira, jendeak topera dantza egin dezan, izan festibal bat edo izan txosna-gune bat. Pixka bat triste nago egiari zor, Eurosonic festibalean, Holandan, kontzertu bat eman behar genuelako baina bertan behera geratu da pandemia dela-eta. Europara irtengo ginen eta oso aukera polita zen. Baina patuan sinisten dut, eta, hau horrela izan bada, zerbait hobea etorriko delako da.
Bukaerarako ‘Zalantzarik ez’ kantua utzi dugu, estilo aldaketa nabarmena duen abestia.
Abesti hau proposatu nuenean, argi neukan, diskoteka batean, zure lagun onenari edota bikoteari abesteko kantua zela, behatzarekin seinalatu eta maite zaitut esateko. Raw Alejandro edota Karol G.-ren kantu bana nituen erreferentzia moduan eta hitzak edonor urtzeko modukoak dira. Gaineratu nahi dut ‘Zure eskutik’ abestiari erreferentzia eginaz, askotan bilatzen garela bakarrik, triste eta inor ez dugula topatuko pentsatuz. Baina beti dago bizitza argiztatuko digun norbait eta ateak ez direla sekula itxi behar. Niri gertatu zait, eta kantu hauek idatzi ditut.