Zuzenean

Biluztasunaren goreneko adierazpena, Amaia Mirandaren lehen lan luzea

‘Cuando se nos mueran los amores’ estreinako lan luzea kaleratu du Amaia Miranda Casquero (Bilbo, 1993) abeslari eta gitarra-jotzaileak. Beste hainbat artisten ondoan ibili ostean, gitarra eta ahotsa soilik baliatuz, 11 kantu malenkoniatsuz osatutako diskoa da kaleratu berri duena.

Audio_placeholder

Biluztasunaren goreneko adierazpena, Amaia Mirandaren lehen lan luzea

Loading player...
Gitarra lagun duela, lehen lan luzea kaleratu du Amaia Mirandak.
Gitarra lagun duela, lehen lan luzea kaleratu du Amaia Mirandak. (Helena GOÑI)

Amaia Mirandak ‘Cuando se nos mueran los amores’ izeneko diskoa aurkeztu digu MusikHaria saioan. Bere bakarkako ibilbidean kaleratzen duen lehen lana da eta argitaratu ostean halako lasaitasun bat hartu duela kontatu digu: «Kaleratze astean pixka bat urduri egon naiz, baina biniloak eskuetan hartu nituen unea arnasa hartu nuen lehen unea izan zela esan dezaket». Etxe giroan eta kablerik gabe, mikrofono batzuekin eta tokiaren akustika zainduz grabatu ditu pista guztiak Amaia Mirandak, mozketarik gabeko hartualdietan.

Abesti malenkoniatsuak sortu ditu disko honetan eta horrek ere badu bere zergatia. «Malenkonia beti dago presente nigan eta nire abesti guztietan ziur badela hortik. ‘Pequeño son’ abestian, esaterako, milonga bat eta Kings of convenience taldearen doinuen estiloa uztartu nahi izan ditut». Kantuaren hitzak sortzerakoan melodia batetik abiatuta izaten dela kontatu digu musikari bilbotarrak. «Dena dela kantu honen hitzak garai zail batean kokatzen dira, pandemiatik irten ginen unean», azaldu digu Mirandak.

Bere bidea topatuz

Gitarra ikasketak egindakoa da Miranda, Leioako kontserbatorian hasi eta Bartzelonako Esmuc unibertsitatean jarraitu zuen ikasketekin. «Unibertsitateko ikasketak bukatzean, gitarrarekin ez nintzen aurkitzen, ez nengoen gustura eta abesteari ekin nion. Gero berriz ere lagunak egin ginen gitarra eta biok eta flamenkoaren eta jazzaren munduetan sartu nintzen. Disko hau kaleratu dudan arren, beste artista askoren proiektuetan gitarraren laguntzarekin». Horren harira, Goya sarietako galan ere oholtzara igotzeko aukera izan zuen 2020an: «Urduri egon nintzen eta eszenarioan nintzela pentsatzen nuen nire bihotz taupadak mikrofonotik entzungo zirela. Postureo asko dagoen toki bat den arren, oso esperientzia polita dela esan dezakegu».

Abesterakoan bere kontura ikasten aritu ote den edota erreferentzia batzuei jarraika ibili den ere galdetu diogu Mirandari: «Ahotsa nire erara landu dut. Gitarrarekin bai saiatu naizela erreferenteak izan eta haiei jarraitzen eta nire unibertsora ekartzen, baina ahotsarekin ez dut halakorik sentitzen. Erreferenteak ziur baditudala, baina ez kontzienteki. Orain hasi naiz kantu klaseak hartzen»-.

‘Tocas al mundo’ abestiak ere garai zailen inguruan hitz egiten du. Hala ere, ez da bere buruari edota bere bizipenen inguruan idatzitako zerbait. «Lagun batentzako izan zen kantu hau. Bizitza gogorra izan du eta opari moduan idatzi nahi izan diot abestia, baina, abesten dudanean, nire inguruko askorengan pentsatzen dut. Guztiontzako izan daiteke abesti hori, denok ditugulako gure kontuak», azaldu du Mirandak. Hitzak eta melodiak oreka bat mantenduz landu ditu kasu honetan Mirandak: «Justu abesti hau letretatik abiatuta dago idatzita eta hori erronka bat zen. Gainera, sekretu moduan, aipatuko dut Beyoncé artistaren abesti batetako armoniatatik abiatu nintzela kantua sortzerakoan, nahiz eta gero buelta bat eman eta beste mundu batetara joaten naizen».

‘Cuando se nos mueran los amores’ diskoari izena ematen dion kantua ‘Fleabag’ deituriko telesaila ikustez bukatu ostean idatzi zuen Amaia Miranda bilbotarrak. «Abestia spoiler bat da, telesailaren bukaera kontatzen duelako. Ni neu distantziako erlazio bat bizitzen ari nintzen eta horren amaieratik hasi nintzen kantua sortzen. Orain beste zentzu bat hartu duen arren, guztiok dauzkagun ziurtasunei buruz ere hitz egiten duelako. Urteak pasatzen dira eta zure ustetan dituzun ziurtasunak jausi eta bizitzari aurre egin behar zaiolako», kontatu digu musikariak.

Aldarrikapenerako tartea

Arima libreko emakumeen inguruan sortutako abestia da ‘Free soul girls’, oraindik ere emakumeen askatasuna aldarrikatzeko beharra handia dela uste baitu Mirandak: «Niri asko deitzen didate gitarra-jotzaile emakumea lortu nahi dutelako beren proiektuetarako eta ez gaude hainbeste. Zorionez geroz eta gehiago daude eta nire inguruan ere erreferenteak sortzen ari dira, hala nola, Sandra Momfort, Nuria Graham edo Mar Sánchez. Baina ez dago berdintasunik inondik inora. Zerbait oso ona bezala ikusten dut halako dei bat jasotzen dudanean, baina kezka ere sortzen dit. Batzuetan emakumeak garelako deitzen gaituztelako eta zalantzan jartzen dugulako guk geuk ea gure balioagatik deitzen diguten edo kupoa betetzearren. Marra fin bat dago hor eta psikologikoki eragiten du. Emakume bat deitzen denean nik uste dut bere jotzeko era ezagutu eta gogoko duzulako deitu behar dela, gai garelako, eta ez emakume izate hutsagatik. Hori lortzea eta zaintzea garrantzitsua da eta oraindik ez da egiten».

Diskoa fisikoki Vida records zigiluaren bandcampean eskuratu daiteke eta Bilboko Fnacen ere badago eta kontzertuetan ere jarriko du eskuratzeko moduan. Euskal Herrian kontzerturen bat emateko gogoz den arren, oraindik ere ixteko ditu. Baina momentuz Bartzelonan eta Madrilen izango da horretarako aukera, Barnsantsen, Bartzelonan, martxoaren 11n eta, Madrilen, Clamores aretoan, hilaren 13an. Bitartean, disko gordin bezain eder bat patxadaz entzuteko moduan jarri digu Amaia Mirandak.

Jaurlaritza Logoa