[21] Gasteizko San Frantzisko eliza memoria gune bihurtu nahi dute
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Transkripzioa:
Ioar:
Egun on, Ander.
Ander:
Zer berri?
Ioar:
Hementxe nabil, Gasteizko istorioak gora eta behera.
Ander:
Zer pasatu da Gasteizen?
Ioar:
Martxoaren 3a izan da berriki. Eta langileen aurkako sarraskia gogoratzen ari naiz, orain dela 46 urteko gertakariak.
Ander:
Kontatu hori, Ioar. Ez daukat ezagutza handirik horren inguruan.
Ioar:
1976ko martxoaren 3an, Gasteizko San Frantzisko Asiskoa elizan, bost langile hil zituzten. Harrezkero, egun hori urtero gogoratzen da Arabako hiriburuan.
Ander:
Langileak hil? Zer dela eta?
Ioar:
Milaka langilek greba egin zuen Gasteizen. Borroka latzak izan ziren. Langileek eliza barruan asanblada egiten zihardutela, poliziak azaldu, tiroka hasi eta bost lagun hil zituzten.
Ander:
Zer gertatu zen krimenen arduradunekin?
Ioar:
Historia ofizialak oraindik babestu egiten ditu Francoren garaiko poliziak. Orduko sarraskiaren arduradun politikoa lasai asko bizi da.
Ander:
Nola gogoratzen dute Gasteizen?
Ioar:
Manifestazioak eta lore eskaintzak izaten dira. Urtero gogoratzen dituzte 1976an hildako langileak.
Ander:
Zure hitzak entzutean, Irlandako Derryko gertaerak etorri zaizkit gogora. Bloody Sunday.
AUDIOA-1 | JOSU SANTAMARINA
Ander:
Gaur egun nola dago Gasteizko eliza hori?
Ioar:
Zaramaga auzoko eliza da. Ez da ekitaldi erlijiosorik egiten. Eta Memoria Gara elkarteak proposatu du han egin dezatela Gasteizko martxoaren 3ko gertaerak gogoratzeko gunea.
Ander:
Museo bat?
Ioar:
Memoria historikoa lantzeko gune bat, hildako langileen omenezkoa. Langileriaren borrokak gogoratzeko eta Poliziaren errepresioa ez ahazteko.
Ander:
Lortuko dutela uste al duzu?
Ioar:
Azken urteetan, behintzat, inork ez du proiektuaren kontra hitz egiten. Ez da seinalerik txarrena.
Ander:
Hori irekitzen dutenean, ni ere Gasteizera joango naiz.
Ioar:
Elkarrekin joango gara. Baina oraindik luzea da bidea. Martxoaren 3ko gertaerak ikertzen eta salatzen dituen elkarteak lan asko egin du urteotan.
AUDIOA-2 | JOSU SANTAMARINA
Ander:
Memoria gune bat, orduan.
Ioar:
Errepresioaren lekukoa izandako eliza hori bera berreskuratu nahi dute memoria gunea izan dadin. Nik uste dut proiektu polita izan daitekeela.
Ander:
Ez dizkiete oztopo gutxi jarriko.
Ioar:
Argi dago ez dela erraza izango. Baina egia da ere, gutxi batzuek egiten duten lanari esker, bizirik mantentzen dela memoria. Urtero gogoratzen, ekitaldiak antolatzen, datuak biltzen, argitara ematen.
Ander:
Bildutako hori guztia non gorde eta non erakutsi, hori izan daiteke gakoetako bat.
Ioar:
Zuk zeuk esan duzu. Memoria gune batek 1976tik gaur arterainoko bidea egin dezake. Orduko gertaerak, gerora bildu dituzten materialak, argazkiak, hildako langileen oroimena...
Ander:
Gauza asko dira, eta oso interesgarriak. Zer diote erakunde publikoek?
Ioar:
Horrelakoetan badakizu: hasieran ezetz, gero isiltasuna, eta amaieran beraiek egin nahi izaten dute, dominak jartzeko.
Ander:
Gasteizen ere bai?
Ioar:
Hor dabiltza. Azken martxoaren 3aren inguruan zerbait esan zuen Eusko Jaurlaritzak, eta haserre bizian jarri zituen Memoria Gara elkarteko kideak.
Ander:
Instituzioei ez zaie gustatzen herritarren ondoan agertzea. Are gutxiago horrelako elkarteekin.
Ioar:
Baina memoria historikoa lantzen duten elkarteei aitortu beharko zaie egiten duten lana.
Ander:
Espero dezagun baietz. Baina nola uztartu administrazioaren asmoak eta herri mugimenduarenak?
Ioar:
Uste dut horretan asmatu beharra dagoela. Kontsentsuzkoak izan daitezkeen gaietan, eta martxoaren 3ko sarraskiaren gaineko irakurketak adostasun handia biltzen du...
Ander:
Et, et, et. Zu ere politikarien antzera hizketan hasita zaude, Ioar.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Superlatiboa. Handiena, txikiena, onena, txarrena, politena, zatarrena, arinena, sendoena... superlatiboak dira. Eta superlatiboa eratzeko, aurreko hitzean osagarriak erabiltzen dira.
Ioarrek esan du: —«Ez da seinalerik txarrena».
Ioar:
Bestelako modu batzuk ere badira:
—Seinaleetan txarrena.
—Seinaleen artean txarrena.
—Seinaleetatik txarrena.
—Seinaleetarik txarrena.
Ander:
Baina osagarririk gabe ere esaten da:
—Ez da seinale txarrena.
Hemen entzun dezakezu Jose Santamarinari egindako elkarrizketa osoa.