IRRATIA

[15] eRRe antzezlana, bitasunari buruzko hausnarketa bat

Otsailaren 5ean estreinatuko dute 'eRRe. Aldarri bat bertsotan' ikuskizuna. (Lanku)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Transkripzioa:

Ander:
Aupa, Ioar. Zu al zinen eskaileretan gora kantari zetorrena?

Ioar:
Entzun egin nauzu?

Ander:
Bai, arreta handiz.

Ioar:
Kantari etortzen naiz lantzean behin. Aurreko egunetan entzundakoak gogoratzen eta kantatzen saiatzen naiz.

Ander:
Ez al zara zu ere bertsozalea izango?

Ioar:
Aspalditik, gainera. Herriko bertso eskolara joaten nintzen garai batean. Zortziko txikian zein handian, nahiko erraz moldatzen nintzen.

Ander:
Zu bertsotan?

Ioar:
Noski. Hitzak eta neurriak, doinua eta errima. Hori da hori artea, ezta?

Ander:
Beti harrigarria iruditu izan zait bertsolarien gaitasuna: bat-batean kantuan jartzea, gai baten aurrean. Denbora gutxian asmatu behar, neurri jakin batean eta errimarekin. Itzela!

Ioar:
Gure herrian zaletasun handia sortu du arte horrek. Mirestekoa ere badena. Euskaraz baizik egiten ez den kultur espresioa da bertsolaritza.

Ander:
Eta, zure ustez, edozeri buruz kanta daiteke bat-batean?

Ioar:
Doinu eta neurri ugari daude. Eta kantatzeko aukeratzen diren gaiak eta ideiak etengabe berritzen dira.

Ander:
Egongo da, hala ere, inoiz aipatu ezin den gairik, edo tabua den aipamenik...

Ioar:
Uste dut, gaur egun, kontu guztien gainean kantatzen dutela. Gaia edozein izanda ere, bertsolariak posizioa hartu eta paper horretan jarduteko gaitasuna dauka.

AUDIOA-1 | OIHANA ARANA

Ioar:
Aurreko batean, ERRE izeneko bertso ikuskizunean egon nintzen. Argi dago oraingo bertsolariek edozeri kantatzen ahal diotela.

Ander:
Erre? Eta zer erre behar dute oraingoan bertsolariek?

Ioar:
Taula gainean ez diote ezeri su ematen. Baina sututa dabiltza gai batzuekin. Horien inguruko ikuskizuna landu dute Oihana Aranak, Haizea Aranak, Leire Vargasek eta Aner Euzkitzek.

Ander:
Tradizioaren eta gaur egungo pentsamenduaren arteko talka gertatuko da bertsogintzan ere, agian.

Ioar:
Hor asmatu duzu, Ander. Bertsolari gazteenak erreta daude horrekin. Eta beraien izaera, beraien mundua ikusteko modua eta aldarriak dira oholtzara dakartzatenak. Sentimenduak eta ideiak.

Ander:
Nola lantzen da hori bertsolaritzatik?

Ioar:
Ez da ohiko saio bat. Ez dira bertsolariak eta gai jartzailea.

Ander:
Nola da hori?

Ioar:
Ez dira ari gaiak jarri eta bat-batean kantatzen. ERRE emanaldiak gehiago dauka antzezpenetik. Ikuskizun bat da. Ez dago dekoraturik, baina asko du antzerkitik.

Ander:
Nolako harrera izan du?

Ioar:
Jendartea bezala, bertsolaritza ere asko aldatzen ari da. Buelta asko eman ditu munduak, eta bertsogintzak ere bai.

AUDIOA-2 | ANER EUZKITZE

Ander:
Bertsolari horiek ez zaizkit ezagunak egiten.

Ioar:
Gazteak dira, baina gora datoz. Unibertsitatean ari dira, eta aspalditik elkar ezagutzen dute. Egin kontu... txapelketak direla, bertso udalekuak direla... kuadrilla itzela dabil bertsotan.

Ander:
Lau bertsolari gazte oholtza gainean, eta halako emanaldi batean... Nor joango da ikustera?

Ioar:
Harritu egingo zinateke. Astero badute saio bat edo gehiago. Jendeak sarrera aldez aurretik erosten du, eta aretoak bete egiten dira.

Ander:
Gero eta kultur eskaintza zabalagoa dago Euskal Herrian. Bateko eta besteko kultur sortzaileak jo eta ke ari dira lanean. Pozgarria da, zinez.

Ioar:
Bertsogintza kultur espresio bizia da. Etengabe berritzen da. Eta ERRE emanaldian ere aurrez aurre daude tradizioa eta sentimenduak. Zapalkuntza oro erre nahi dute belaunaldi berriek.

Ander:
Ea bidean ez diren beraiek erretzen.

Ioar:
Gazteek naturalki bizi dutena aldarrikatzea ondo ikusten dut nik.

Ander:
Dudarik gabe, ni ez nago kontra. Kultura beti izan da aldarrikatzailea. Eta gehienetan jendearen aurretik ibili da gai askotan. Drogak, sexua... badakizu.

Epilogoa - Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Bat-bateko kultur espresio bati buruz solastatu gara.
Idatzi eta ahoskatu era ezberdinean egiten dugu BAT-BATEAN hitza.
BAT-BATEAN idatzi, baina BAPATEAN esan.

Ander:
Hori da:
—Bertsolaria bapatean kantuan hastea beti iruditu zait harrigarria.
Bapatean jausi da aulkitik.

Ioar:
Beste hitz batzuekin ere egiten dugu gauza bera.
Esate baterako: BATIK BAT hitz multzoa BATIPAT ahoskatzen dugu:

—Dantzalekuan gazteak ibiltzen dira batipat.
—Larunbatetan batipat, giro beroa izaten da plazan.

Ander:
Nik halaxe egiten dut aditz batzuekin: Lasai egon tzen. Lo egin tzuen. Agur esan tzuen. Berehala joan tzen.

Hemen entzun dezakezue ´eRRe´antzezlenaren inguruan Aner Eguzkitzeri eta Haizea Aranari egindako elkarrizketa.