[10] Azken urteetan nabarmen handitu dira pertsona transexualen kontrako erasoak
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Transkripzioa:
Ander:
Eguraldi paregabea dago, Ioar.
Ioar:
Kaixo, Ander. Errekaren ondotik buelta luzea emanda etorri naiz.
Ander:
Arrainik edo igelik ikusi al duzu?
Ioar:
Ez naiz konturatu. Iratzeei begiratzen aritu naiz.
Ander:
Harrituta uzten nauzu ia beti. Iratzeak eta garoak aztertzen al dituzu?
Ioar:
Iratzeek ez dute lorerik. Iratzeek ez dute hazirik. Espora bidez ugaltzen dira. Zelulabakarra da espora...
Ander:
Et, et, et. Orain ez da botanikaz hitz egiteko une aproposa.
Ioar:
Zuk galdetu didazu!
Ander:
Baina zuk... ez didazu galdetu ni nora noan.
Ioar:
Ni etorri eta zu joan? Nora zoaz ba?
Ander:
Txoriak entzutera.
Ioar:
Ez da egia!
Ander:
Zuri iratzeak interesatzen zaizkizu, baina niri ez zaizkit txoriak interesatu behar? Txoriek hegan egiten dute. Aerodinamikoak dira. Eta ondo kantatzen dute.
Ioar:
Ander, mesedez, ez niri adarrik jo. Zuri... txoriak... bost axola! Ez zenituzke bereiziko usoa eta belea.
Ander:
Lumagorriek antolatutako mahai inguru bat entzutera noa.
Ioar:
Zer lumagorri?
Ander:
Elkarte bat da Lumagorri. Giza eskubideez eta LGTBI kolektiboaz arduratzen dira. Sufritzen dituzten bazterketen eta bortizkerien kontra antolatuta daude Lumagorri taldekoak.
AUDIOA-1 | AMETS MARTINEZ DE HEREDIA
Ioar:
Nor da mintzatu den gizon hori?
Ander:
Amets izena du. Amets Martinez de Heredia. Gasteiztarra da. Benetan interesgarria. Berrogei bat urte izango ditu.
Ioar:
Eta Lumagorri elkarteak antolatu duen mahai inguru horretan berak ere parte hartuko du?
Ander:
Baietz uste dut. Denera, hiru izango dira hizlariak. Besteen izenak ez ditut gogoratzen oraintxe bertan.
Ioar:
Baina jakingo duzu zeri buruz jardungo duten.
Ander:
Covid pandemiaren garaian homosexualek eta transexualek zein arazo izan dituzten kontatuko dute.
Ioar:
Ezin didazu pixka bat gehiago azaldu?
Ander:
Aurrena entzun eta gero kontatuko dizut.
Ioar:
Nolako misterioa!
Ander:
Ez dago misteriorik. Espero dut gauza berriak entzungo ditudala, eta zerbait gehiago ikasi.
AUDIOA-2 | AMETS MARTINEZ DE HEREDIA
Ioar:
LGBTI terminoak eta mugimenduek asko markatu dute XXI. mendearen hasiera. LGBTI siglak erabiltzeak ekarri du sexu eta genero identitate anitzak kontsideratzea.
Ander:
Aurrerapen handi bat da, noski. Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexual hitzen lehenbiziko letrekin osatuta dago LGTBI terminoa, eta identitate ezberdinak ikusarazten ditu.
Ioar:
Sigla horri Q letra ere eransten diote batzuek, Queer kontzeptua nabarmentzearren. Baina, aizu, Queer hitza ez al da era nahasgarrian erabiltzen?
Ander:
Zergatik?
Ioar:
Ingelesez queer hitzak arraroa esan nahi du, ezta?
Ander:
Okerra ere esan nahi du. Lehen irain moduan erabiltzen bazen ere, orain bestelako zentzu bat ere hartu du.
Ioar:
Queer teoriak ez al du kolokan jartzen heterosexualitatea?
Ander:
Nik esango nuke, Queer pentsamoldeak errefusatu egiten duela jendea sailkatua izatea genero identitatearengatik edo sexu aukerarengatik.
Ioar:
Orduan kontraesana da LGTBI siglei Queer eranstea?
Ander:
Eztabaidak izaten dira Queer ideiarekin. Batzuei iruditzen zaie ahuldu egiten dituela LGTBI mugimenduen borrokak.
Ioar:
Niri ez zait gaizki iruditzen gay eta lesbiana bereizketa egitea.
Ander:
Laster izango dira 100 urte Chicagon sortu zela homosexualen eskubideak aldarrikatu zituen aurreneko elkartea.
Ioar:
A, bai? Noiz izango da hori?
Ander:
1924an Henry Gerber izeneko batek sortu zuen elkartea, eta aldizkari bat argitaratu ere bai.
Ioar:
Ander, zurekin joan naiteke Lumagorri elkarteak antolatutako mahai inguru horretara?
Ander:
Hegan egin beharko dugu. Berandu gabiltza!
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditz laguntzailearen elipsia.
Hitz egiten eta idazten dugunean, ez dugu beti-beti aditz laguntzailea erabiltzen.
Batzuetan kendu, isildu, eliditu egiten dugu aditz laguntzailea.
Ioar:
Solasaldian atera zaizkigu adibide batzuk:
—«Ni etorri eta zu joan».
Ander:
—«Aurrena entzun eta gero kontatuko dizut».
Ioar:
—«Henry Gerberrek sortu zuen elkartea, eta aldizkari bat argitaratu ere bai».
Hemen entzun dezakezu Amets Martinez de Herediari egindako elkarrizketa.