«Disko pertsonala izatea nahi nuen, gehiegi ekoitzi gabea, zenbat eta gordinago egin hobeto»
2019 eta 2020 artean konposatutako abestiekin, 2020ko udazkenaren atarian grabatu zuen diskoa Unai Madariaga artista bilbotarrak. Aurten iritsi da gure eskuartera, ordea, ‘The living and dying of a man’ debuteko albuma. MusikHaria saioan izan da bere proiektua aurkezten Unai Madariaga.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
‘Black patterns’ abestia entzunaz hasi dugu elkarrizketa Unai Madariaga musikari bilbotarrarekin. ‘The living and dying of a man’ izeneko diskoa kaleratu berri du eta abeste honek diskoaren gordintasuna eta iluntasuna ordezkatzen ditu. «Kantu hau gordintasunaren ikurra da, mugikorrarekin grabatuta dagoelako eta nire arreba eta lehengusina entzuten direlako, den bezala, bilutsik».
Gizon baten bizitzako fase desberdinak kontatzen ditu hainbat istorioren bitartez Unaik: «Bide hori hartu nuen kantuak sortzean eta pertsonaia bat sortu nuen, bere kanpoan jarri nintzen, ez naiz neu eta horrek gauza asko kontatzeko aukera ematen zidan. Gaztea naiz oraindik hiltzeko gero!» Bakardadeari buruz ere asko hitz egiten du diskoan bilbotarrak: «Horrelako momentuak behar ditugula uste dut, oso sanoa da norbera berarekin bakarka egotea. Egia da nire gaitasun sozialak ez direla onenak, baina ez naiz pertsona bakartia eta hori ere garbi utzi nahi izan dut abestietan».
Diskoan entzute dena Unaik grabatuta dago nahiz eta Eneko Ajangitzen laguntza izan duen. «Disko pertsonala izatea nahi nuen, gehiegi ekoitzi gabea, zenbat eta gordinago egin hobeto. Hortaz, saiatu gara instrumentu askorik eta ez sartzen». Kanturen batean edo bestean gordintasun hori propio bilatzen saiatu dela dirudi: «Enekok geruzak behar zituela esaten zuen eta nik gordintasuna nahi nuenez, sokatiran ibili gara uneoro diskoa grabatzerakoan». Kantu guztiak gitarrarekin konposatuta daude eta pianoko kantuak badu bitxikeriaren bat bere sorreran: «Mugikorrarekin gitarra joz lehen zirriborroa grabatu nuen eta hain zeukan kalitate txarra, pianoa entzuten nuela gitarraren tokian, eta horregatik erabaki nuen abestia pianoan grabatzea».
60. hamarkadako estetika
‘If you get to feel’ kantua izan zen ezagutu genuen lehen abestia, ‘Home’ kantuarekin batera bideoklip moduan aurkeztua. «‘If you get to feel’ ez dago nire buruz idatzita. Istorioko gizonari buruz ari naiz. Esan bezala, jaiotzetik heriotzarainoko etapak kontatzen ditut diskoan. Abesti honetan ezer ez duela sentitzen dio, heriotzaren atarian dago, barrutik hilda dagoelako». Kantu hau entzutean The Velvet Underground edota Lou Reed etortzen zaizkigu burura. «Musika asko entzuten dut, baina bi horiek, John Lennon, Bob Dylan… erreferentzia garbiak dira nire musikan eta kantu bat idazterakoan garbi izaten dut nondik datorren eta bide horretara atxikitzen naiz. Dena dela, abesti honetan justu, modu naturalean sortu zen guztia, nahikoa arin egindako kantua dela esan dezaket». Baxuaren soinuak eramaten gaitu aipatutako erreferentzien soinuetara, baina hor ere zerbait bitxia dago atzetik: «Gitarra espainiarrarekin grabatuta dago baxuaren linea, gero uste dut postprodukzioan oktaba bat jaitsi geniola baina ez da baxurik erabili hori grabatzeko».
Soinu zikina eta 60. hamarkadakoa du orokorrean diskoak. «Batzuetan mikroak grabatzerako saturatu ditugu, beste batzuetan, berriz, edizioan zikintzen ibiltzerakoan, kasetearen granoa ere gehitu diogu eta horrek niretzako garrantzia handia zuen, hamarkada hartako soinura bidaiatu ahal izateko». Madariagak, ez du musika ikasketarik baina jazzaren bueltan zerbait ibilia da:, «ez musikari moduan. Umetan pianoa ikasten hasi nintzen eta gero ahaztu nuen, baxuarekin berdin eta etxeko gitarra bat hartu nuen bukaeran. Jazz klub batean egin dut lan, baina ez daukat inongo ikasketarik«.
Hiri huts bati buruz ari da ‘I wish’ abestian, eta guk galdera hau luzatu diogu Unairi: hirian bakarrik bazina, zer?: «Hiria hutsik balego, aspertu egingo nintzateke. Batzuetan bakardade puntu hori behar duzunean, Bilbo oso txikia da. Bakarrik egon nahi duzun momentu horretan, musika entzun edota liburu bat irakurtzeko, jende askorekin egiten duzu topo eta momentu hori nolakoa den kontatu nahi nuen». ‘Insane’ kantuan, berriz, soziopata bat dirudi protagonistak: «Pelikuletan bezala, deabrua eta aingerua sorbaldan dituela irudikatu dut diskoko protagonista. Ideia horrekin jokatu nahi izan dut, erotu aurretik ihes egin behar dela dio modu abstraktuan». Koroak egiten jende asko entzuten da abestian: «Boluetako entseatzeko lokalean ginela, Keniama taldekoei esan genien, alboko lokalean zeudelako, abesteko. Zerbait informala nahi genuen eta horixe lortu dugula uste dut».
Barregura ematen duen abesti tristea
Abesti triste moduan aurkeztu digu ‘Untitled’, baina gero kantua entzutean oso pozik dagoen norbait dela dirudi Unairen pertsonaiak: «Abesti hau asko gustatzen zait, akaso gehien. Diskoan Enekok eta biok elkarrekin sortu dugun bakarra da. Zirriborro bat neukan eta hasierako ideian ea azken egunetan zer egin duen galdetzen dio lagun batek beste bati. Kantuak egiten egon dela erantzun ostean, jotzeko eskatzen dio lehendabizikoak. Entzun ondoren, tristea dela esaten dio. Horraino iritsi zen nire ideia, baina Enekok buelta eman zion abestiari sekulako ekarpena eginaz: «Tristea da? Bada, aiztoa sartuko dizut». Sekulako burutazioa da eta abestiaren bukaeran kartzelan, pozik eta oso ondo dagoela kontatzen du protagonistak, gainera. Kantua borobildu zuen bigarren zatiak».
Ingelesez daude idatzita abesti guztiak, baina «musika ia guztia hizkuntza horretan» entzuten duelako egiten du horrela Unaik. «Egia esanda, pena pixka bat ematen dit, jendearengana iristea gehiago kostatuko zaidalako, baina erreferentziek eraginda modu naturalean horrela irteten zait. Letrei garrantzia ematen diet, mezua zabaldu nahi dut eta letra sinple eta argiak bilatu ditut, ahalik eta ulerkorrenak izan daitezen. Askok ez dio arretarik jarriko, baina arreta pixka bat jartzen duenari erraz iristeko moduko mezuak osatu nahi izan ditut», esan digu Unaik.
‘Looking for’ eta ‘In and out’ biak kantu bat balira bezala hartu daitezke, bata bestearen sarrera moduan. Soinuarekin lotu ditu bi abestiak Unaik: «Entzuten diren txoriak Enekoren katalogo zabaletik hartuta daude. ‘Looking for’ etxeko komunean grabatu genuen eta, beranduago, ordena erabaki ostean, egin genuen ‘In and out’ abestiarekin lotura, ez aurretik. Hortaz, loturarako elementua izan dira txoriak».
Bideoklipetan ere estetika asko zaindu du bilbotarrak, baina hemen ere edizioarekin asko jolastu dute: «Estetika zaindu beharra dago 60. hamarkadan zentratzeko. Zuri beltzeko bideoa erabat digitalean dago grabatuta eta edizioko lanari esker lortu dugu estetika zaharra. Baina koloretakoa bai, etxean zeharo hondatuta dagoen kamera batekin grabatuta dago, hori da lortzen den irudia eta jolas horretan ere ibili ginen».
Bat-batean agertutako musikaria
Sorpresan agertu zitzaigun artista da Unai eta informazio askorik ere ez zuen kaleratu lehen abestiak zabaldu ostean. «Ilea moztearen ideia ere hortik dator. Ez da Unai berri bat datorrenik, ez da isilpean edo anonimotasunean gordeta mantendu nahi izan dudala. Pertsonaia bat sortzeko aukera ikusi nuen eta hori da egin dudana», dio bilbotarrak. Diskoaren diseinua ere soiltasunean oinarritu du. «Eskuz egin nuen azal hori, zuri beltzean, protagonismorik eman nahi gabe, sinpletasun horrekin musikari garrantzia eman nahi izan diodalako eta hori da kasetean aurkituko dena», azaldu du Unaik. Kaseteak lortzeko ordea, aukera askorik ez da izango. Bilbon eman berri du azken kontzertua eta bertan agortuko direla uste zuen elkarrizketa egin genuenan, baina sare sozialen bidez harremanetan jarrita akaso lortuko du nahi duenak aleren bat.
Momentuz zuzenekoetan bera eta gitarra baino ez dira izango oholtzan. «Badakit jendeak kontzertuetara bandarekin joatea nahi duela, baina bakarrik arituko naiz. Gordintasuna nahi dut. Gehien entzuten diren kantuak, poperoenak edo single moduan zabaldu direnak, beste formatu batean, lau minutuz kontsumitzera behartzea, sekulakoa iruditzen zait. Aurrerago etorriko da bandaren momentua», aurreratu digu bilbotarrak.
‘Nothing else’ kantuarekin agurtu dugu Unai. «Ezin ‘matters’ jarri, bestela jendeak beste zerbait pentsatuko du. Akatsa bat entzun nuen eta horregatik du sarrera hori abestiak, ez dakit non dagoen akatsa orain, ordea. Heriotzaren atarian, heriotzak konponbiderik ez duela esaten da kantuan eta bitartean topera bizitzeko mezua darama modu inplizituan. Gau horretan hiltzen da abestiko protagonista eta heriotza aukera moduan ikusten du, sufrimenduaren bukaera bailitzan eta pauso natural eta organiko bezala». Heriotzarik ez, egin dezala aurrera Unaik eta bere proiektuak luzaroan.