Disko berriaren grabaketan murgilduta dago Julen Alonso
Maiatzeko astelehenetan Beste Bat saioak egiten ari da Julen Alonso Apezetxea (Orio, 1996). Txiki-txikitatik dago musikari lotuta eta egun bigarren lana grabatzen dabil oriotarra. MusikHaria saioan errepasatu dugu bere ibilbidea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Esku-soinua bera baino handiagoa zenean hartu zuen lehenengoz Julen Alonso musikariak, izan ere 5 urte baino ez zituela ekin zion akordeoia jotzeari. Lehen unetik zerbait berezia bazuela ikusi zuten bere ingurukoek eta 10 urterako Arrasateko akordeoi lehiaketa ospetsuan urrezko domina eskuratu zuen. Ondoren, pianoari ere heldu zion Alonsok.
Baina tartean dantza ere egin zuen, dantza solteko hainbat txapelketatan hartu zuen parte eta dantzarako gaitasun handia erakutsi zuen. «Dantzan ordea, musikarengatik aritzen nintzen gustura. Dantza egiteko erabiltzen genituen doinuek erakarri egiten ninduten eta horregatik joaten nintzen pozarren entseatzera». Hori argi utzi du 2018an ateratako ‘Sutan dantzan’ diskoan, izan ere dantzarako pieza ugari sortu ditu, mota desberdinetakoak, gainera. Eta, beste bat saioetan ere argi geratu da, The Lord of the Dance bezalako erreferentziak ere sartu baititu tartean.
Hamabost urte zituela heldu zion trikitiari Alonsok, Kristiñe Solano izan zuen irakasle eta hark batu zuen Eneritz Aulestiarekin: «Txapelketetan parte hartu nahi nuela esan nion Kristiñeri. Horrek atentzioa ematen zidan, fandango horiek eta… Eta ikasle zarauztar bat zuela eta elkartuko gintuela esan zidan berak. Bizitzak eman didan opari handienetako bat jaso nuen orduan, Eneritz Aulestiarekin nabilelako ordutik hona».
Olatz Zugastirekin 2015ean hartu zuen lehenengoz disko batean parte, gerora Gozategi edota Mikel Markezekin ere aritua da. Zugastirekin aritu zeneko garaituk ezagutu zituen Joanes eta Ander Ederra anaiak eta haiekin dabil oraindik bere emanaldietan. Markezekin ere jarraitzen du zuzenekoetan zein diskoetan lanean: «Zoragarria da Mikelekin lan egitea. Ideiak zabaltzeko laguntzen du eta gure ideiak ere kontuan hartzen ditu».
Soinuaren inguruko ikasketak egin ditu 5 urtez, hiru Andoainen eta beste bi Bilbon. Hartara, bere gain hartu zuen diskoaren grabaketa prozesu guztia, lehen notatik azken nahasketaraino: «Espektakuluaren munduan lan egin nahi nuela argi neukan, modu batean edo bestean, eta horregatik aukeratu nuen bide horretatik garatzea nire ibilbide akademikoa».
Disko berria egosten
Bigarren lan batean murgilduta dabil orain, estudioan sartuta buru-belarri. ‘Zin dagit’ izeneko aurrerapen kantua aurkeztu zuen duela aste batzuk, bideoklip eta guzti. «Unibertsitate ikasle batzuk gradu bukaerako lana egin behar zutela eta bideoklip bat grabatzea proposatu zidaten. Zarauzko Torreoian egitea zen haien ideia eta niretzako zoragarria zen hori. Argitaratu gabe neukan kantu bat, pianoan eta Eneritzen laguntzarekin eta Garazi Egiguren dantzariarekin grabatzeko aprobetxatu genuen. Baina tokiak ere bazuen bere magia niretzat, izan ere aitari eman zioten bertako zorua jartzearen ardura eta harekin lanean jardun nintzen bertan. Hartara, nik jarritako zoruaren gainean jarritako piano batean jotzeko aukera izan nuen. Gogorra izan zen, zero gradutan alkandora hutsean aritu nintzelako kantuan, baina merezi izan zuen», azaldu digu Alonsok.
Disko berria kaleratu bitartean, zuzenekoen zain dago: «Oholtzatik oholtzara ibiltzera ohitu naiz azkenaldian, eta zorteduna sentitzen naizen arren, nahi baino gutxiago jotzen gabiltza. Ea laster egoerari buelta emateko moduan garen». Bitartean, Beste Bat saioetan jartzen digun musikaz gozatzen jarraituko dugu.