En direct
«Ondo esan beharko nuke baina egun hauetan oso harrapatuta gabiltza. Eguneroko biziari beste zerbait erantsi diogu eta etxekoei denbora lapurtzen gabiltza. Ahaztuta geneukan disko bat grabatzea zer den, kaleratzea zer den eta prentsaurrekoan bertan ere bola bat geneukan tripan», horrela hasi du elkarrizketa Maixa Lizarribar taldekideak, zer moduz dagoen galdetu ostean.
Amak dira lauak aurretik ere eta hori ere bada beren esentziaren zati. Orain, erditze moduko bat izan da diskoa haientzat: «Gure enegarren alaba zela esan zuen Alaitz Telletxeak, laurona. Prozesua polita izan da, izan dira gorabeherak, mugikortasunerako trabak, denbora mugak… Oztopo dezente izan ditugulako. Baina diskoa horrela izateko pilatu da hori guztia eta emaitzarekin gustura gauden arren, prozesuan asko gozatu dugu eta horrek balio digu guri, bideak».
Diskoa atera duten aste berean 33 urte bete dira Maurizia Aldeiturriaga hil zela, eta AMAK taldearen diskoa Mauriziaren ahotsarekin irekitzen dute ‘Atsolorra’ abestiarekin. «Kointzidentzia bat izan da efemeride horrekin batera kaleratzea diskoa, izatez aurretik etorri behar zuelako diskoa. Erreferente asko izan ditugu, emakume gehiago ere izan dira, eta berezia izan da Maurizia. Disko batean utzi zuen bere musika, eta ondare horrek eragina du gugan. Gaur jakin dut Primi Erostarbe oñatiarraren irrintzia ere grabatuta dagoela binilo batean, orain arte ez nekien bazela halakorik. Guk Maurizia hartu badugu ere erreferentzia moduan, badakigu beste emakume asko ere izan direla eta badirela», azpimarratu du Lizarribarrek.
Ama izatea zer den ulertzeko lana
Amatasunaren fase desberdinak biltzen ditu diskoak. Hartara, ‘Atsolorra’ kantuarekin hasi eta gero ‘Luzaroan’ edota ‘Bai, ama’ kantuekin amaren eta bere haurren arteko lotura momentu bakoitzean nolakoa izaten den ere kontatzen da. «‘Luzaroan’ abestia hortik hartu badaiteke ere, trikitiari egindako kantua da berez, instrumentuarekin daukagun harremanari. Hasieratik aurkeztu dugu kantu hori zuzenekoetan, lehen elkarketa hartatik, eta guretzako oso abesti berezia da. Gu oraindik ere ez gaude amarengandik urruntze fase horretan gure umeekin, baina bidean gara pixkanaka-pixkanaka. ‘Bai, ama’ kantua berriz Karmele Jaiok idatzi digu eta amarekin beti dagoen lotura hori aldarrikatzen du. Amarekin hainbat hari eteten doaz handitzen goazen heinean, baina hari bat beti mantentzen da. Hortaz, amaren isla gugan ikusten dugu askotan eta hori aipatzen da».
‘Gona gorria’ kantuarekin jakin genuen diskoa bazetorrela. «Inor iraindu gabe jantzi nahi nuke, aske» diote kantuan eta garai hartan oholtzara igo zireneko garaiei buruz galdetu diogu Lizarribarri: «Dena ez da polita eta haurrak ginela hasi ginen musikan. Hamalau urteren bueltan hasi ginen eta guregan kezka sortzen zuten gauzak baziren ordurako. Benetan ongi ari ginen? «Jarri bilutsik, horrela beteko duzue plaza» bezalakoak esaten zizkiguten eta hori oso gogorra zen. Eta oraindik ere halakoak entzun behar izaten dira, e? Baina gazteak ginen eta freskotasuna genuen, eta etxera minduta joan arren, hurrengo egunean beste plaza batetara joaten ginen eta horrek aurreko egunekoa ahazteko balio zigun. Batzuek gizonei tokia kentzera gindoazela bezala ulertu zuten gu plazan agertzea eta ez zen horrela. Emakumeak baziren lehendik ere, baserrietan batez ere, baina maiorazkoaren kontua dela-eta, bazterrean, ahaztuta eta plazara salto egiteko aukerarik gabe geratu ziren. Guk plazara saltoa eman genuenean, gurasoen laguntza izan genuen eta aukera hori izan eta baliatu genuen eta ez gara inoiz damutu».
Abestian gona edozeinek janzteko balio duela ere esaten dute eta garai bertsuan gizonezkoak dantzan hasi ziren gonarekin. «Egia da hori eta genero kontuarena dago hor. Baloia eta panpinaren kontua haurretan ezta? Baina ez da gertatzen umeen artean bakarrik, helduetan ere bai. Musika tresnekin ere halako katalogazio bat eman da, gizonezkoek gitarra eta emakumeek pianoa edota trikitia. Eta ez da horrela. Dantzariekin berdin, gona zergatik ez dute jantziko? Ausardia izan zuten. Eta badirudi modernoak garela gizartean, baina keba, beti dago norbait izorratzen. Eta abestian argi utzi nahi izan dugu, aske izan behar dugula», aldarrikatu du AMAK taldeko kideak.
Irribarre bat askotan izan daiteke gure etsaiari min gehien eragin diezaiokeena eta Onintza Enbeitak hori kontatu du ‘Amorra zaitez’ abestian: «Onintzak esan zigun ea zerri buruz idatziko zuen abestia eta guk amorruari idazteko eskatu genion. Guk ere badugu amorrua, oihukatzen dugu, haserretzen gara eta ‘malaostia’ badaukagu. Baina beti pozik, ‘happy’ eta horrela erakutsi behar horrek amorruari ez abestea ekartzen du, eta zergatik ez? Gainera, Onintzak esaten duena egia da, gorroto dizun horri irribarre batekin erantzuten badiozu, tripako min ederra eragiten diozulako», dio Maixak.
Olaberrian Gerra Zibilaren bueltan gertatu ziren fusilamenduen inguruan sortu dute ‘Egiaren arnasa’ abestia. Diskoa ixten dute abestiarekin eta kantua sortzeko prozesua nola izan zen azaldu digu Lizarribarrek: «Lan talde bat martxan jarri zen Olaberrian bertan izan ziren fusilatuen inguruan ikertzeko. Guri kantu bat egiteko eskatu ziguten eta haiek, Olaran elkartekoek, letra egin zuten. Omenaldi bat egin nahi zuten eta bertan aurkeztu nahi genuen abestia, baina pandemia tarteko, omenaldirik ezin izan zen egin. Kantua sortzeko prozesuan esplikatu ziguten nola izan ziren fusilamenduak, haur batek ikusi zuela, haur hori gero Donostian topatu zutela… Eta hotzikarak sentitu genituen hori guztia kontatu zigutenean».
Grabaketetan etxean bezala
Aitor Saizar eta Xabi Solanorekin grabatu dute diskoa eta Solanok ekoizlearen papera ere bete du. «Etxea izan da guretzako Xabiren estudioa. Aurretik estudio desberdinetan diskoak grabatu izan ditugu eta hau desberdina izan da. Etxean sentitu gara, bere sofan, bere sukaldean lasai ibili gara eta gainera asko lagundu gaitu. Guztian lagundu ere, eta horrek gu ere oso lasai eta eroso egotea ekarri du. Xabi nire ikaslea izan zen, Krisen anaia da eta gure inguruan bueltaka zebilen mutikoa zen. Gogoratzen dut Etzakiten garaian ez zuela gidabaimenik eta nola ni bera ikustera joan eta etxera eraman izan nuela eta halakoak. Anaia txikia izan da guztiontzat eta orain bera izan da grabatu gaituena, polita da hori ere», aipatu du Altzoko trikitilariak.
Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Zigor DZ eta Arkaitz Bastarrika izan dira diskoaren grabaketan parte hartu duten musikariak, baina oholtzara 4 igoko dira hemendik aurrera ere: «Zuzenekoetara bederatzi joaten gara, dantzari bat ere badator gurekin, Izaro, Alaitzen iloba. Aurtengo biran, 11 izateraino iritsiko gara. Azkenean teknikariak, laguntzaileak, merchandisingaz arduratuko direnak… Baina musikarien lana goraipatu nahi dugu, nahiz eta gero zuzenekoetan ez diren egongo. Hasieratik genekien lau ginela eta lau izaten jarraituko genuela, baina diskoa hor geratuko da eta hori apaindu nahi genuen. Esentzia bera eramango dugu kontzertuetara, baina zerbait polita utzi nahi genuen jasota», azaldu digu Lizarribarrek.
Konposatzerako garaian bakoitzak bere alea jartzen du, baina jolas moduan ere hartzen dute sortzearen lau emakume hauek: «Kantuak prestatzerakoan, bat hasten da jotzen eta besteak gainetik jolasean hasten gara. Gero entzuten dugunaren arabera, tresna banaketak egiten ditugu. Batzuetan panderoren bat falta delako edota soinua egokiago ikusten dugulako. Trikiti pieza batzuetan hasi eta buka jotzen dira, baina beste batzuetan zatika grabatu ditugu piezak. Hori bai, denak garbi egon behar du. Hau da, baxuak batek jotzen baditu besteetan ez. Gero badago halako jolas bat eta bakoitzaren zatia zein den nabaritu daitekeela esan dezakegu, trikitilari bakoitzak baduelako bere sinadura moduko hori».
Eserita gozatzeko trikiti kontzertua
Zortzikoa, trikitixa, arin-arina… Denetarik du AMAKen debuteko lanak. Baina dantzarako tarte gehiegi ez da izango beren emanaldietan, ez momentuz behintzat. Plazetatik aretoetarako saltoa eman nahi izan dute AMAK taldekoek: «Trikitilariok trikitilari bezala gutxiago sentiarazi gaituzte. Beti kalejiran, dantzarako erromerietan… Halakoetan baino ez gaituzte sartu. Bestelako jaialdietan baztertuak izan gara eta guk bestelako emanaldi bat sortu nahi izan dugu. Hasieratik garbi geneukan eserita gozatzeko zerbait eskaini nahi genuela eta trikitiari merezi duen tokia eman nahi diogu. Nik uste dut behar baino estima gutxiago diogula trikitiari, hau ere badelako euskal musikaren parte. Hala ere trikitiak alde polit izugarri dituela jakitun gara. Lagun batek esaten zidan, herri pila bat ezagutu ditugulako eta herri guztietan badugulako telefono dei bat egin eta kafe bat hartzeko lagunen bat. Eta hori ere soinuak eman digu».
Hamasei kontzertuko zerrenda osatu dute ekainetik urria bitartean eta hirietan zein herri txikietan izango dira AMAK: «Gu herri txikitakoak gara eta maite ditugu. Gainera, 90. hamarkadan egindako saioen %80a herri txikietan izango zen eta hori mantendu nahi izan dugu hasiera-hasieratik. Hori bai, agenda betetzen joan den bezala, amildegi moduko bat ikusi dugu eta bertigo pixka bat ere ematen du. Bergaran lehen saioan prentsaurrekoko bola hori berriz sentitu genuen. Baina eskertuta gaude benetan, dei asko jaso ditugu eta batzuetan ezetz esan behar izaten dugu. Lau familia ditugulako eta ama paperean ere egon beharra dugulako askotan. Inoiz ez da ezetz esaten ikasten, baina bakoitzak bere etxekoei denbora kentzen diegu hau aurrera eraman ahal izateko eta ezezkoak eman behar izaten dira tartean. Hala, agenda beteta dugu, pozik gaude oso, baina laurak egon behar dugu saioetarako. Gutako batek ezin badu, AMAK hankamotz daude eta ezetz esan behar dugu halabeharrez».
Diskoaren diseinua Goretti Aranbururena da eta horren sortze prozesua berezia izan zela esan digu Maixak: «Bideoklipa Orexan grabatu genuen, goiz batean eta Arkaitz Sukuntza zuzendariak eta berak elkar ezagutzen zuten. Gu ere orduan ezagutu ginen eta Gorettik esan zigun jotzen hasteko. Prestatzen ari ginen bitartean eta jotzen ari ginen bitartean, marrazten hasi zen. Bigarren kantua jotzen ari ginela esan zigun, listo! Eta berak esan zigunagatik sekula ez zuen bukatzen halako marrazki bat, baina hartan bukatu zuen. Oso magikoa izan zen hori. Ikusten genituen loreak, bikoteak dantzan… Denetarik ikusi genuen». Guk erditze batean umetokitik isurtzen dena ikusten dugula aipatu diogu, itsusia dena eder eginaz. Eta horri buruz ere bere gogoeta gaineratu dio Maixak: «Umea izateko garaian denek esaten dizute, zorte on, ondo pasa, gozatu eta halakoak. Gozatu noiz? Orain hasi da pixka bat erditzeaz hitz egiten, eta zorionez ari gara erditzearen beste aldeaz hizketan».
AMAK taldearen webgunean denda martxan jarriko dute laster batean eta bertan diskoak, kamisetak, poltsak eta gainerakoak eskuratzeko moduan jarriko dituzte, baina plazara ere eramango dituzte. Hortaz, adi agendari.