Doinu dantzagarriz beteta dator Modus Operandiren disko berria
‘Dantza gaitezen hil arte’ eman diote albumari izena eta bete egiten du iradokitzen duen hori. Hamar kantuz osatutako lana eta gorputza astintzeko modukoa da Modus Operandiren azkena. Iñaki Ortiz de Villalba taldeko abeslaria izan da MusikHaria saioan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Otsailerako bagenekien Modus Operandi taldeak disko berria kaleratzeko asmoa zuela, baina zalantzaz jositako 2020an berek ere antzeko egoera bizi izan zuten. Hartara, Baga-Biga diskoetxekoek bultzada eman eta ‘Dantza gaitezen hil arte’ kaleratu dute abenduan.
Diskoaren izenak dantza egitera bultzatzen gaitu eta baita barruan dituen 10 kantuetako bakoitzak ere. Estilo asko jorratu dituzte, ska klasikoenetik, runba edota cumbia doinuetaraino ausartu dira oraingo honetan Modus Operandikoak.
Taldean aldaketa batzuk izan dituzte aurreko diskotik hona eta aldaketa horietako batek entseatzeko ohiturak eta abar berritzea ere ekarri die Modus Operandikoei. «Gaur egun talde erdia nafarra da, Nafarroan entseatzen dugu, Nafarroan grabatu dugu diskoa… baina aldaketa, kasu honetan, onerako izan delakoan nago», kontatu digu Iñaki Ortiz de Villalba taldeko abeslariak.
Josu Erviti izan da grabazioaren arduraduna, egun taldeko bateria-jotzailea ere badena, eta Drum Groove estudioan grabatu dute. Entseatu ere bertan egiten dute. «Etxean jokatu dugu eta horrek grabazio garairako lasaitasuna ere eskaintzen du», dio Villalbak.
Sare sozialen erabilerari egindako kritikak, iraultzarako deia, maitasun kontuak… Denetarik bildu ditu Modus Operandik bere diskoan. Iraultzaren inguruan ea euskaldunok gure DNAn, izaeran, daramagun galdetuta Villalbak baietz dio, «baina orokorrean lo gaudela uste dut eta horregatik ere etorri da kantua. Maitasun kantuak, berriz, zentzurik zabalenean hartu behar dira, batzuetan ez baita pertsona bati zuzendutako kantua izan, baizik eta bizitzari, askatasunari… Hori ere asko maite dut», gaineratu du Gasteiztarrak.
Kantuen hitz guztiak berak egin ditu, Karmele Jaiok egindako bat izan ezik. «Lagunartetik ezagutzen dut Karmele, bere bikotea baitut gertukoa. Hartara, ideia bat etorri zitzaidan burura eta letra egitera animatuko ote zen galdetu nion. Baietz esan zidan eta zorte galanta izan dugu, oso dotore borobildu baitu bere hitzekin emandako ideia eta kantuaren arteko lotura», dio Ortiz de Villalbak.
Horrez gainera kolaboratzaile gehiago ere izan dituzte diskoan. Iñaki Otxandorena ‘Moro’-k abestu egin du ‘Zure ondoan egin nahi dut lo’ kantuan, Nerea Loron ‘La Furia‘-k ‘Amor dulce y salado’ abestian, Jorgitok gitarra klasikoa jo du ’Dámelo’ kantuan eta Gorka Pastorrek teklatua, hammond-a eta sintetizadoreak disko guztian.
Uda ostean grabatu eta kaleratutako lana izan da ‘Dantza gaitezen hil arte’. Udako festarik ezagutu ez dugun 2020aren bukaeran. ‘This is the fiesta’ kantuak Euskal Herriko festa asko eta asko ekartzen ditu gogora, gainera, diskoa ixteko. Izan ere, udako kanta izateko aukera guztiak zituen abestiak. Bideoklipa ere, paradoxikoki, historiarako geratuko da: «Euskal Herrian 2020an egin zen azken festetan grabatu genuen, Tolosako Inauterietan. Inork gutxi esperoko zuen orduan haiek izango zirela gaur arte bizi izan ditugun azken festak. Testigantza jasota geratu da», esan digu Ortiz de Villalbak.
Bizitza egunero ospatzeko zerbait dela ere esan digu Villalbak, kantu askotan adierazi du bere bizizaletasuna. «Besteek diotenaz kezkatu gabe bizi behar dugu. Batetik eta bestetik kritika asko jasotzen ditugu egunero eta horrek egoera depresibora eraman gaitzake. Mezu horietatik aldendu eta bizi beharra daukagu», azpimarratu du Modus Operandi taldeko abeslariak.
Iaz eman behar zituzten kontzertuak bertan behera geratu ostean, 2021ean, momentuz urtarrilaren 15ean dute beren emanaldi bakarra Bilboko Santana 27 aretoan. «Gu eta beste asko ez gara egoerarik onena bizitzen ari, baina aurrera egin beharra dago eta etorriko dira garai hobeak». Oraindik badira sarrerak emanaldirako. Aldarte ona ziurtatuta izango da Modus Operandiren ‘Dantza gaitezen hil arte’ aurkezteko kontzertuan.